Baratze ekologikoa, Larraulen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko urt. 3a, 10:56

Larraulgo Olatza baserrian, JatEko ekimena martxan jartzeaz gain, baratze ekologikoa jarri dute bi gazte andoaindarrek. Lurra zainduz, kalitatezko elikagaiak ekoiztu eta saltzen dituzte kontsumo taldeen bitartez. Etorkizunera begira dituzten asmoen inguruan aritu dira Aitor eta Iraitz gazteak.

Bost mila metro karratuko saila prestatu dute bi andoaindarrek Larraulgo Olatza baserrian: “Sail horrekin, hogeita hamar familia elikatzeko moduko baratzea ekoitz dezakegu, eta horretan ari gara. Bi kontsumo talderen ekoizleak gara. Lehendabizikoa Tolosan sortu genuen eta hori dagoeneko martxan dago. Aiztondo bailaran osatu dugu bigarren taldea eta urtarrila hasieran egingo dugu lehendabiziko banaketa, Amasa-Villabonan”.

Talde-lanean
Baserriaren egoeraz arduratuta ageri dira Iraitz eta Aitor: “Gaur egungo eredu ekonomiko kapitalistak monokultiborantz bideratu du baserria. Eredu horrek ez dio batere onurarik egiten ez baserritarrari, ez kontsumitzaileari, ezta inguruneari ere. Guk eredu hori aldatzeko pausoak eman nahi ditugu. Baserria bizitu nahi dugu, nahiz eta badakigun horrek zailtasun handiak ekarriko dizkigula. Lurra bilatzea, tratamendurik gabeko haziak lortzea, espekulazioarekin borrokatzea..., ez da erraza, baina lanerako gogoz gaude. Horretarako, talde-lanean aritzea erabaki dugu eta horregatik egin dugu kontsumo taldeen aldeko hautua”.
Baserriaren industrializazioak bitartekarien eta saltoki handien onura ekarri du Iraitz eta Aitorren iritziz: “Bitartekarien onura saihestu asmoz, salmenta zuzenaren aldeko apustua egin dugu. Guk banatzen dugun barazkia, modu ekologikoan egina dago eta banatu baino bi ordu lehenago baratzetik bildua. Hori da guk egin dugun aukera; barazki freskoa, garaian garaikoa eta salmenta zuzenean banatua. Modu horretan, guk zuzenean jasotzen dugu gure lanaren etekina eta erosleak ere kalitatezko produktua etxeratzen duela ziurtatzen du”.

Monokultiboaren aurka
Baserriaren industrializazioa ere hartu dute ahotan gazte andoaindarrek: “Baserritarra monokultiborantz bultzatu dute, eta horrekin batera, bere lana kontrolatzea lortu dute. Industriak agintzen du nolako produktua ekoitzi behar den, eta hark jartzen du prezioa. Zenbait kasutan baserritarra eskulan hutsa izatera iritsi da. Gainera, lurrari ere kalte handia egiten dio monokultiboak, kalitatea galtzen joaten delako. Baratze ekologikoak, berriz, dibertsitatea bultzatzen du eta lanerako modu horrek, askoz ere gehiago errespetatzen ditu lurraren ezaugarriak”.  
Udaberriarekin batera sortu zuten Iraitz eta Aitorrek JatEko ekimena: “Urte asko daramagu baratzea egiten, baina ekimen hau martxoan jarri genuen martxan. Lurrak hartu genituen eta pixkanaka, haiek lantzen hasi ginen. Itxiturak egin, uraren instalakuntza atondu, baratzea egiteko lurrak prestatu... Lan horiek egin ondoren etorri zen landaketa, uztaila inguruan; nahiko berandu. Lehen urtea izanik, martxan jarri eta akatsetatik ikastea zen gure helburu nagusia eta pozik gaude emaitzarekin. Urte berriarekin batera, ekimena gorpuztea nahi dugu”.

Bi kontsumo talde
Kontsumo taldea sortzea erabaki zuten Aitor eta Iraitzek. EHNE sindikatuko kideen laguntza izan dute bide horretan. Hala azaldu du Aitorrek: “Aurrez martxan zeuden kontsumo taldeen esperientziak azaldu zizkiguten. Gure baratzearen tamaina bost mila metro karratukoa da eta sail horrekin, hogeita hamar familia hornitzeko gai izango ginela azaldu ziguten. Tolosan egin genuen lehendabiziko deialdia, urria inguruan. EHNEko kide batek lagundu zigun kontsumo taldeen inguruko azalpenak ematen. Ekimenean parte hartzeko asmoa azaldu zutenekin beste bilera bat egin eta laster batean saskiak banatzeari ekin genion. Jendea oso pozik dagoela antzematen dugu, eta gu ere gustura gaude. Aiztondo bailaran beste talde bat sortu dugu eta urtarrilean egingo dugu lehendabiziko banaketa”.

Gertutasuna eta konpromisoa
Aitorrek azaldu du kontsumo taldea zer den: “Ez da salerosketarako modu hutsa, kontsumitzailearen eta ekoizlearen arteko harremana bultzatzen du. Hilero bilera bat egiten dugu, erosleek zein produktu nahi duten erabakitzeko. Garaian garaiko barazkien inguruko informazioa banatzen diegu eta guk landaketa lana hasi baino lehen, kontsumitzaileek erabakitzen dute zein barazki jan nahi duten. Izan ere, ez du zentzurik guk barazki bat landatzea taldeko kideei ez bazaie gustatzen. Saskia guztien artean osatzea da helburua. Gainera, urtean zehar baratzera bisitaldi bat baino gehiago ere egiten dugu; jaten dutena nondik datorren ikus dezaten”, argitu du.
Kontsumitzailearen aldetik, konpromisoa ere eskatzen du taldeko kide izateak: “Guztien arteko ekimena da eta konpromiso maila bat eskatzen da. Esaterako, eguraldi txarra dela eta baratzeko barazkiren batek kalteak jasango balitu, punta-puntakoa izango ez den saskia erosten jarraitzea eskatzen dugu. Horrez gain, kontsumo taldeko kide izatea erabakitzen duenari, urtebeteko jarraipena eskatzen zaio. Izan ere, landaketak egiteko garaian taldekide guztiak izaten ditugu kontuan eta norbaitek taldea uztea erabakiko balu, alferrikako lana egiten ariko ginateke”.
Otarrarekin batera, barazkiekin egindako errezetak ere banatzen dituzte astero: “Jendeak gustura hartzen ditu errezetak eta horrez gain, barazki bakoitzaren ezaugarriak biltzen dituen orritxoa ere banatzen dugu. Barazki asko sendagarriak dira eta ezagutze hori jendearen artean zabaldu nahi dugu, pixkanaka”.

Larraulgo Olatzan
Lursailak lortzea ere ez da lan erraza izan: “Lurrik hoberenak erriberetan daude, baina zonalde horiek industriak hartu ditu. Espekulazioak ere ez dio batere onik egin baratzegintzari. Horren eraginez, baserriko lana herrietatik geroz eta urrutiago dago. Horrez gain, gure lurraldean nahiko zaila da lur lauak bilatzea”. Bilaketa prozesu luzearen ondoren, Larraulgo Olatza baserrian aurkitu zuten euren ekimena aurrera ateratzeko aukera. Lursailak egokitu zituzten lehendabizi eta etorkizunean, erorita dagoen baserria altxatzea da euren asmoa.
Inguruko baserritarrekin harremana sendotzen ari dira Iraitz eta Aitor: “Behar izan dutenetan laguntzen saiatu gara eta haiek ere lagundu digute guri. Hasieran oso harrituta agertu ziren gure ekimenarekin, non sartzen ari ginen ba ote genekien galdetzen ziguten. Zer egin nahi dugun azaldu ondoren, ekimenean sinesten hasi direla iruditzen zaigu eta oso ondo hartu gaituzte”.

Etorkizunera begira
Aitor eta Iraitzen ekimena hasi besterik ez da egin: “Barazkiekin hasi gara, baina etorkizunera begira, beste hainbat produktu eskaini nahi dugu, guztiak ere ekologikoak: arrautzak, oilaskoak, sagarrak, intxaurrak..., Taldeak egiten digun eskaeraren araberakoa ere bada hori; zukuak, sagardoa..., taldekideek erabakiko dute zer nahi duten. Behin erabakia hartuta, denbora beharko dugu produktu guztiak martxan jartzeko”.

Hazi ekologikoak
Modu ekologikoan lan egiteko bidean, zenbait zailtasun aurkitu dute gazte andoaindarrek: “Ekologikoak ez du esan nahi barazkiari ximaurra botatzen zaiola bakarrik, oinarri-oinarritik izan behar du ekologikoa eta horretarako, ezinbestekoa da hazia ekologikoa eta kalitatezkoa izatea. Gure ekimenean, hazi ekologikoaren aldeko hautua egin dugu, nahiz eta beste haziak baino garestiagoak izan. Kotsumo taldeko kideek badakite hautu hori egina dugula eta gustura hartu dutela iruditzen zaigu, nahiz eta barazkia bera ere garestixeago ateratzen zaien. Kalitatezko hazi horiek bilatzea, ordea, ez da batere erraza. Multinazional handien esku daude munduko hazi gehienak eta gu haien menpe gaude. Lan handia egin beharra dago horren aurka borroka egiteko. Zentzu horretan, badago ekologikoan lan egiten dugunen arteko hazi trukea. Haziak gorde eta gure artean banatzea da helburua, haziak ekologikoak direla ziurtatzeko”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!