Myriam Ulanga, piano nahiz organo doinuekin bat

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko urt. 3a, 10:52

Ume zela hasi zen Myriam Ulanga andoaindarra pianoa jotzen ikasten. Urteak aurrera, kontzertu ugari eskaini du han eta hemen. Afizioa eta ofizoa uztartuz, Andoaingo musika eskolan piano irakaslea da.

Noiz eta nolatan zaletu zinen pianoa jotzen ikastera?
Etxetik piztu zitzaidan zaletasuna, amak apuntatu baininduen Andoaingo musika eskolan. Zazpi urte nituela hasi nintzen pianoa jotzen ikasten; ama, erraztasuna neukala konturatu zenean. Joko moduan hasi zen nire bidea, hasiera batean gainean egoten ziren gurasoak entsea nezan, baina berehala hasi nintzen nire kontura. Garai hartan libreki egiten genituen musika ikasketak: Donostiako kontserbatoriora joaten ginen eta ikasturtean zehar programazioa prestatu ondoren, ekainean azterketa egin behar izaten genuen. Hiru katedratikok osatzen zuten epaimahaia eta zozketa bidez egokitzen zitzaigun jo beharreko pieza. Hasiera batean bi kurtso erraz egiten nituen urtean eta dezente aurreratu nuen modu horretan. COU ikasten ari nintzenean, goi mailan ari nintzen dagoeneko. Pianoarekiko nuen erraztasunak aurrera egiten laguntzen zidan eta, dudarik gabe, gogoko izateak. Argi dago musikak gustuko gauza izan behar duela musikari izateko: jarraipen handia eskatzen du, eguneroko lana.

Inguruan ezagutzen al zenuen pianoa jotzen zuen beste inor?
Amari beti gustatu izan zitzaion eta pianoa erosi zuten umea nintzela. Ikasten hasi nintzenerako, beraz, etxean neukan pianoa. Txikia nintzela egin zituen amak piano ikasketak eta asko bultzatu ninduen ni ere pianora gertura nendin. Amari eskertu behar diot, beraz, hurbilketa hori. Horrekin batera, erraztasuna izateak ere asko laguntzen du. Nire pianoko lehen irakasleak, Luis Fracak, debozioa zeukan pianoarekiko. Egun 80 urte pasatxo dituen arren, harremana mantentzen dugu: urte asko pasa badira ere, bere ikaslea izaten jarraitzen dut oraindik.

Gogoan izango duzu, noski, zure lehen emanaldia!
Bai, noski! Luis Fracak pianorako idatzi zuen ‘Concierto juvenil’ izeneko obra estreinatu nuen, 18 urte nituela. Orkestrarekin batera estreinatu nuen obra hura eta oso esperientzia polita izan zen. Obra hura entzun zuenean, beste kontzertu bat idaztea bururatu zitzaion Luisi: ‘Segundo concierto juvenil’ izenekoa. Niri eskaini zidan eta 2006 urtean estreinatu nuen hementxe bertan, Bastero Kulturgunean. Berarentzat opari potoloa izan zen eta niretzat benetako esperientzia aberasgarria. Ez da egunero halako aukerarik izaten! Egia esan, zortea izan dut, orkestrarekin batera lauzpabost aldiz jo baitut dagoeneko.
Luis Fracaren kontzertua eta gero, hurrengo urtean Beethovenen 4. sinfonia jotzeko aukera izan nuen orkestrarekin. Lehen kontzertu haiek gogoan gordetzen dira: bakarlari gisa, orkestrak lagunduta! Askotan jo izan dut beste hainbat tresnekin batera ere. Bestalde, errepertorista gisa Easo abesbatzan aritu nintzen zazpi urtez. Garai hartan gizonen abesbatza zen eta kontzertu asko eskaini nuen beraiekin Frantzian, Madrilen, Burgosen, Donostian… Haiekin batera Argentina eta Brasilen ere izan nintzen.

Ibilbide luzea egin zenuen pianoa nahiz kamera musika ikasten eta hobetzen. Kontaiguzu…
Donostiako kontserbatoriotik Baionako Basque eskola nazionalera joan nintzen, Madame Duérengana. Irakasle ona zela esan zidaten eta ordurako lanean ari nintzenez, ezin nuen urrunago joan. Eskola frantsesa eta beste ikuspegi bat ezagutzeko asmotan jarri nintzen bere eskuetan eta hiruzpalau urtez aritu nintzen han, oso gustura. Kamera musika ere landu nuen biolontxeloa jotzen zuen bere senarrarekin. Han lortu nituen nire lehenengo sariak kamera musikan, pianoan nahiz bestelako gaietan… Esperientzia ona izan zen. Horrekin batera, irakasle ezberdinekin ikastaro asko egin dut. Baina behin familia handitzean, hori guztia baretu egiten da zertxobait.

Tartean musikari ospetsuekin ere aritu zara…
Manuel Ferrerrekin ikastaroa egin nuen Geronan, baita Manuel Carrarekin ere. Udan maila altuko organista famatuak etorri ohi dira eta hainbat ikastaro egiteko aukera izan nuen haiekin ere: Daniel Rothekin, esaterako… Ikastaroetan ez ezik, beti jarraitzen da ikasten eta entzuten edota kontzertuetara joaten. Musikari denak ezin du musika utzi, beti mantentzen du tresnarekin lotura. Musika irakasle ere banaizen aldetik, nire lana musikarekin lotuta dago eta oso gustuko dut, baina benetan gustatzen zaidana jotzea da.

Andoaingo musika eskolako piano irakaslea zara. Zer nolako erantzuna du pianoak ikasleen artean?
17 urte nituela hasi nintzen Andoaingo musika eskolan lanean, COUko ikasketak egiten ari nintzela pianoko bederatzigarren maila ikasten ari nintzenean. Guztira 27 urte daramatzat bertan, urte asko! Zazpi urteko umeetatik hasi eta Asteasuko ikasle helduak ere baditut egun. Oso serio hartzen dute eta eboluzio polita garatzen ari dira.
Pianoa musika-tresna izarra da niretzat. Tresna polifonikoa eta konplexua da. Umeei musika ikastea oso ondo etortzen zaiela uste dut, sentsibilitatea lantzeaz gain, beren errekurtsoak garatzen baitituzte: musika irakurtzen jakiteak asko laguntzen die. Musikarekin batera, sentsibilitatea nola garatzen den ere erakusten diegu eta gure eskoletatik pertsona bereziak ateratzea lortzen dugula uste dut. Gaztetxoen artean agian ez da gehien aukeratzen den musika tresna, baina pianoak beti du bere lekua musika eskolan.

Otsailaren hasieran piano jaialdia antolatu ohi duzue azken urteotan Basteron. Piano-jole gazte ugari gerturatzen da bertara eta oihartzun handia hartu du ekimenak. Aurtengo edizioa prestatze lanetan buru-belarri ibiliko zarete. Ezer aurrera al dezakezu?
Euskal Herri mailako ia 900 gaztetxok hartuko du parte aurten, otsailaren lehenengo asteburuan. Aurtengoa zazpigarren edizioa izango da eta dagoeneko lanik potoloena egina badago ere, azken detaileak lotzen ari gara orain. Gainerako musika tresnak batetik bestera mugitzeko errazak dira eta kaleratu egiten zirela ikusten genuen, pianoa ez bezala. Ondorioz, piano jaialdia antolatzea erabaki genuen eta izugarrizko arrakasta izaten ari da, azken urteotan. Partaide kopurua hain altua izanik, guztia ondo koordinatzeko lagun askoren laguntza behar izaten da. Guztira 50 pertsonatik gora aritzen gara lanean; ikasle ohiek ere oso gustura egiten dute urtez urte borondatezko lana.

Berriki, Gabon garaian Asteasuko San Pedro elizan organo emanaldia eskaini zenuen. Zein egoeratan da egun organoa?
Gabon garaian kontzertu hura bakarrik eskaini nuen, atsedena hartzeko beharra bainuen. Kontzertu berezia izan zen, aspaldian ez bainuen organorik jotzen emanaldi batean eta musika tresna hori zertxobait berreskuratzeko balio izan zidan saioak. Ez nuen Asteasuko organoa ezagutzen, joan zen ekainean, 100. urteurrenaren harira berritu zutena. Entzuleengana iristeko moduan egokitu nuen programa eta kantu intimistekin batera, jazzarekin lotutakoak nahiz bestelako doinu alai ugari jo nuen. Organoa gertu dagoen altxor bat da eta jendeari ateak zabaldu behar zaizkio. Oso tresna berezia da, errekurtso asko duena. Donostiako Musika Hamabostaldian organo kontzertuak lepo betetzen diren arren, herri txikietan, gehienetan, jende gutxiago hurbiltzen da. Alde horretatik, organoa jendearengana zabaltzea gure esku ere badago.

PIANOAREKIN LOTUTAKO AMETSA
Pianoarekin lotuta etorkizunean gauzatu nahiko lukeen ametsaz galdetuta, “alaba pianoa jotzen ikasten ari da kontserbatorioan. Ez dakit etorkizunera begira zer egingo duen, oso zaila baita musikaren mundua. Baina aurrera jarraituko balu, berarekin batera proiektu bereziren bat martxan jartzea gustatuko  litzaidake. Niretzat oso berezia izango litzateke alabarekin egitasmoren bat elkarbanatzea”, erantzun du Myriam Ulangak.

MOTZEAN
  • Konposatzaile bat: Baten ordez bi: Rasmaninov (orkestrarako kontzertu zoragarriak ditu) eta Brahms ere bai.
  • Pianoz jotzeko kantu bat: Chopinen lehenengo balada.
  • Pianoa jotzeko leku bat: Auditorio bat, Berlingoa adibidez.
  • Pianoa bakarka edo beste kideren batekin batera nahiago? Orkestrarekin, zalantzarik gabe. 18 urterekin jo nuen Luis Frakaren kontzertua orkestra profesional batekin jotzeko aukera emango balidate, oraintxe sinatuko nuke. Gerora jo nuen bigarren lana ere bai.
  • Zein musika-tresnari laguntzen dio ongien pianoak? Abesbatzetako ahotsei laguntzea oso ederra da. Baita biolin-joleei ere.
  • Pianoa ez den beste musika tresna gogokorik? Beti esan dut ezingo nituzkeela haizezko musika-tresnak jo, baina izugarri gustatzen zait tronpa. Sokazko tresnen artean, berriz, biolontxeloa.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!