Hamar izarreko hotela Amasan da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko urt. 3a, 10:42

Ehiza garaian Soriako Modorra bailaran kokatzen duten txabola mugikorra Amasan da joan den azaroaz geroztik. Bertako hainbat bazkidek txabolaren sorreratik egunera arteko bidea azaldu dute, umorerik galdu gabe.

Martin Etxeberria, Joxe Mari eta Benito Astiasaran anaiak eta Juan Mari Ezkioga amasar eta billabonatarrak txabolako hamasei bazkideetako lau dira, erreportaje hau osatzeko hitza hartu dutenak. Azaldu dutenez, 1958 urtean hasi zen Amasa-Villabonatik Soriara ehizatzera joateko lagunarteko tradizio luzea, “urte hartan, Manuel Lizarraga, Eusebio Beldarrain, Batista Ugarte, Juan Aizpuru nahiz Migel eta Joxe Zugasti lagunek ekin zioten bideari. Hasierako urteetan toldoarekin joaten ziren eta izugarrizko hotza eginagatik, txilarraren gainean egiten zuten lo. Kanping dendatan biltzen ziren hainbat donostiarrekin elkartu eta bat egin zuten gerora guztiek”, adierazi du lehenengoz 1962. urtean 4X4an bertaratu zen Martin Etxeberria Arantzabi jatetxeko sukaldari izan zenak, “hara joaten ginenean marisko krema eta legatz kogoteak prestatzen genituen. Ondo jaten zen orduan ere”, gaineratuz. 1968 urtean, berriz, Amasa-Villabona eta Donostiako ehiztarien artean txabola bat eraiki zuten bertan, 10 urte igaro ondoren, hango Udalaren esku geratu eta enkantean frantses batzuek berenganatu zutena. “Izugarrizko pena izan zen 16 lagunek euren poltsikotik egin zuten txabola hura modu hartan galtzea”, gogoratu dute taldekideek. Haatik, txabola galdu arren, ez zioten Soriako lurretara joateari utzi eta beste hainbat urtez toldoa hartuta egin zuten harako bidea. Gerora, ordea, txabola mugikorra egitea otu zitzaien, berriz ere euren txokoa galtzeko arriskurik izan ez zezaten. Martin Etxeberria eta Joxe Mari Astiasaran izan ziren proiektua gauzatu zuten ingeniari burutsuak.

Giro ona nagusi
Hamasei bazkide dira guztira eta tarteka haien gonbidatuak ere joaten dira eurekin uso garaian, urriaren lehen astetik San Martinak artean. “Tarte horretan Soriako Santiago pagadian jartzen dugu txabola eta ahal duena bertan geratzen da ahalik eta denbora gehien. Lanera etorri behar duena joan-etorrian ibiltzen da asteburu eta jai-egunetan”, aipatu dute. Usoak soilik ehizatzen dituztela argi utzi nahi izan dute, tarteka birigarroak; eta onddoak jaso ere bai, daudenean, “gainerakoan ez diogu ezeri tiro egiten. Lehen basahuntzak ehizatu arren, orain guardak baimena emanda ere ez. Egun inork ez du basahuntzik nahi”, azaldu dute. Azken urteotan ehiza gutxi izaten omen da, aurtengo denboraldian, bereziki, batere ez. Ehizari baino balio handiagoa ematen diote euren artean sortzen den giro onari eta ez da zaila sortuko den jai-giroa imajinatzea, elkarrizketatuen umore ona ezagututa. “Txantxak, kantuak, trikitixa, mexikar doinuak, txisteak, dantza edota mozorroak ere tartean izaten dira”, diote barrezka. Inguruko txaboletako beste ehiztariekin nahiz Yaguas herriko alkate, Munillako herritarrekin edota guardekin ere otordu asko elkarbanatzen dituzte. Azaldu dutenez, ez dira goseak izaten, “07:00etan gosaldu, 11:00tan usoa etorri edo ez hamaiketakoa, 13:30etan bazkaria, 18:30etan merienda eta 20:30etan afaria. Lehen Martin genuen sukaldaria. Orain Txomin Garmendia anoetarra. Tartean arrantzalea ere badugu eta etortzen denean,  arrain ugari ekartzen digu lonjatik. Arraina ez denean, burruntzian erretako arkumea… Primeran moldatzen gara!”. Laurak bat etorri dira, txabola desmontatu eta bueltan herrira itzultzeko garaia iristea izaten dela gogorrena. Hala ere, behin txabolarekin Amasara itzulitakoan, hilean behin behintzat bertan elkartzen dira taldekideak afaltzeko. Bazkideen artean dira Realeko jokalari izan zen Joxe Mari Martinez ‘Capi’ eta Luziano Juaristi ‘Atano X’ pilotaria ere. Martinezen eraginez, Realeko jokalari ugari izan da txabolan afaltzen: Bakero edota Zamora tartean. Realzaleak direla txabolaren kanpoaldeko armarriak uzten du agerian. Kirolariez gain, garai batean Lazkao Txiki bertsolaria ere sarritan tartean izaten zutela ekarri dute gogora, sortzen ziren algaren inguruan aipamena eginez.

Hamabi gradu zero azpitik
Ezin konta ahala pasadizo dute lagunarteko txabolaren inguruan. Onak guztiak ere, txabolaren ezaugarri nagusia elkartasuna eta bereziki, aurrez aipatu umore ona baitira: “gure arteko lagunarteko giro eta gozotasunik gabe ezinezkoa litzateke txabola hogeita zortzi urtez bizirik iraunaraztea”, azaldu dute. Eta behin pasadizoak kontatzen hasita, txabola kamioiaren bizkar hartu eta lehenengoz 1983an Soriara abiatu ziren bidaia ekarri dute gogora Martin eta Joxe Marik, “gu gindoazen lekuan militarrak maniobrak egiten ari ziren: 5000 soldadu guztira. Aurretik gindoazen kotxeko gidariak konboi berde-berdea zetorrela abisatu genien eta ordu laurdenean desagerrarazi zituzten bide bazterretatik tanke nahiz kamioi guztiak. Azken kilometroak errepidearen bi aldetan soldaduak begira genituela egin genituen”, gogoratu dute algara artean. Pena bakarra dute: orduan argazki kamerarik eskuartean ez izatea. Errebueltak hartzeko nahikoa lan izaten zutenez, lau ejean eramaten zuten aurrena txabola. Esperientziari esker eta egungo trailer berrien laguntzaz, erraz garraiatzen dute gaur egun. Orain artean ez dute sekula istripu nahiz bestelako arazorik izan, 28 urtean lehenengo aldiz, lehen pintxazoa izan dute aurten. Inaxio Mari Aiastui amasarra izan zen urte luzez txabolaren garraiolari ofiziala. Azken urteotako txoferra, Juan Ubillos urnietarra da.
Aurtengo denboraldian beroa nagusitu den arren, sekulako hotzak ezagutu izan dituztela aipatu dute, termometroak zero azpitik 12 gradu harrapatu artekoak ere bai, “metroko elurra bota ondorenean, txabolan inkomunikatuta geratu ginen orain lau urte. Ezin kotxerik ere mugitu eta 12 kilometro oinez egin genituen goitik behera herrira. Goi aldean helikopteroa ibili zen, ondo ote geunden jakin nahian. Haiek tximiniatik kea ikusi zutenean, ondo egongo ginela pentsatu zuten. Guk inkomunikatuta geratuta ere, hilabete osoa ondo irauteko moduan izaten dugu biltegia jakiz beteta”.

22 oheko txoko goxoa
Bi zatitan banatzen da txabola: azpialdean jan-edanen biltegia dute eta atzerago hamar laguntzentzako oheak. 11 metroko etxe luzexka trailerrarekin garraiatu behar dutenerako, guztia modu erosoan bildu eta bidaiari ekiteko moduan prestatuta dute txabola. Eskailerak igo eta lehen solairura sartu bezain laster, San Hunberto ehiztarien patroia ageri da. Ondo zaintzen omen ditu santuak, baino askoz ere hobeto haren alboan duten egurrezko berogailuak, kanpoan sekulako hotza eginagatik, txabolaren barrualdea 24-26 graduren artean mantentzen duenak. Beste 12 ohe (guztira 22), sukaldea, komuna, dutxa, telebista nahiz bideoa ere baditu, Joxe Mari trikitilari ez ezik marrazkilariaren esku finak ederki apaindutako etxeak. Arrazoi osoz diote euren txabola baino txoko goxoagorik topatzea ez dela erraza; hortik, Juan Marik aipatu duen hamar izarreko hotelaren izena. Behin Soriara iritsi eta txabola ehiza denboraldirako muntatzean, etxearen kanpoaldean, taberna ere baduen karpa jartzen dute atarian.
Urtez urte txabola hobetzen saiatzen dira bazkideak, “aurten parrilla berritzeko asmoa dugu eta kanpotik margotu egingo dugu udaberrian”, azaldu du Benitok. Jende asko gerturatu ohi zaie txabola ezagutzeko asmotan eta nahi duen orori erakusteko prest daudela azaldu dute. Hori bai, bertako bazkide izatea zailagoa da, bazkideen ondorengoei soilik ematen baitzaie bertako kide izateko aukera.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!