Olentzero eta Mari Domingi berriak Zizurkil Goian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko urt. 3a, 10:23

Iriarte etxeko balkoian, Olentzero eta Mari Domingiren irudiak jartzen dituzte urtero San Millan eskolako guraso elkarteko kideek. Irudi berriak dira aurtengoak, Juani Alkorta zizurkildarrak eginak.

Urte asko darama Juani Alkortak eskulanak egiten. “Zizurkil Goian ikastaroa antolatzen hasi zirenetik, urtero parte hartu dut, hutsik egin gabe. Ostiralero biltzen gara Iriarte etxean eta hortik kanpora, etxean ere aritzen naiz”.
Iazko Eguberriak amaitzean jaso zuen guraso elkarteko kideen eskaera: “Ordura arte Iriarten jartzen ziren irudiak nahiko zaharkituta zeudela eta, berriak egiteko proposamena luzatu zidaten. Eskulan taldeko kide bat buruhandi bat egiten ari zen ilobarentzat eta hura ikustean bururatu zitzaien eskaera egitea. Baiezkoa eman nien eta martxoan hasi nintzen Olentzero eta Mari Domingi berriak egiten. Eskulan taldean eman nien hasiera. Erreferentziarik gabe lanean hastea zaila egiten zitzaidan eta Olivia irakaslearen laguntzaz hasi nintzen panpinen buruak egiten. Martxan jarritakoan, etxean egin nituen lanik handienak eta abuztua ingururako amaituta nituen. Abendu hasieran jarri zituzten Iriarte etxeko balkoian”.

Bost hilabeteko lana
Lan handia egin du Juanik bi irudiak osatzeko: “Plastikozko puxika bat da oinarria. Puxika nahi den neurrira puztu ondoren, periodiko papera jartzen zaio, kolaz itsatsita. Geruza asko jarri behar zaizkio behar bezalako gorputza har dezan. Denbora dexente behar duen prozesua da, geruza bakoitzari ondo lehortzeko denbora eman behar zaiolako. Uda inguruan egin nituenez, nahiko erraz lortu nuen behar bezala lehortzea”.
Lehendabiziko lan hori amaituta, matxe-papera erabili zuen Juanik: “Aurpegiko formak landu nituen paper horrekin; begiak, bekainak, sudurra...  Sukaldeko papera eta kola nahastuz lortutako masa ere erabili nuen. Pixkanaka, nahasketa horri forma emanaz osatu nituen Olentzeroren bizarra eta Mari Domingiren ilea”.
Ez zen hor amaitu Juaniren lana: “Irudiek Iriarte etxeko balkoian egon behar zutenez, garrantzitsua zen euritik babestea. Horretarako, jeso izeneko materiala erabili nuen. Igeltsuaren antzekoa likidoa da, emateko oso erraza. Irudiak margotzea izan zen azken pausoa”.

Jantziak ere bai
Egunero pixka bat eginez osatu zituen irudiak Juanik, bost hilabetetan zehar. “Esku berriak egin, eta jantzietan ere aldaketa batzuk egin dizkiet. Gorputzak metalezko armazoiak dira eta ez zen batere erraza horiei arropa janztea. Errazago jartzeko, belkro bidezko sistema jarri diet blusa eta alkandorari. Mari Domingiren arropa, gainera, berria da. Lehengoak nahiko zaharkituta zeuzkan, eta pena ematen zidan horrela uztea. Olentzeroren txapela berriz, fieltroz egina da. Uraren aurkako tratamendua eman nion, euriaren eraginez pisua hartu eta forma gal ez dezan”.
Pozik dago Juani emaitzarekin, baina ikusten die irudiei zer hobeturik: “Lan bat egiten duzunean, ikasi egiten duzu nola hobetu. Irudien buruak borobilegiak direla iruditzen zait eta gora begira daudela ere bai. Datorren urterako aldaketaren bat edo beste egingo diet hori konpontzeko”.

Gabon egunerako, Olentzero berria
Horrez gain, abenduaren 24rako beste irudi bat prestatu zuen Juanik. “Urtero, eskolako haurrak abestera ateratzen direnean, traktore txiki bat prestatzen da haur txikienak eroso joan daitezen. Iriarte etxeko balkoian jarritako Olentzero eta Mari Domingi traktore horretan jartzen dira urtero. Irudi berriak, ordea, oso pisutxuak dira eta nahiko lan izango zuten haiek traktorean jartzen. Horregatik erabaki nuen traktorerako Olentzero berri bat egitea. Inori esan gabe egin nuen; sorpresa izatea nahi nuen eta halaxe izan zen. Gustura hartu zuten Olentzeroren irudi berria”.
Juani bera ere gusturago geratu da Olentzeroren bigarren irudi honekin: “Burua horren borobila ez izateko, puxikari forma luzexkagoa eman nion lehendabizi. Horrez gain, aurrekoak baino pisu gutxiago izatea ere lortu nuen, materialak pixka bat aldatuz. Arituan ikasten da eta bigarren irudi honekin emaitza politagoa lortu dudala iruditzen zait. Azken momentuan erabaki nuen irudi berria egitea eta negu giroan sartuta, gehiago kostatu zait ondo lehortzea. Horregatik, beldur nintzen ez ote nuen abenduaren 24rako bukatuko. Azkenean, ordea, garaiz amaitu nuen eta gustura geratu nintzen emaitzarekin”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!