Baserriaren izena gogoan, “Goine” izenarekin saltzen dute euren gazta Joseba Otegi eta Maria Jesus Hidalgok. Bost urteko ibilbidea bete dute dagoeneko, eta pozik dira ekoizten duten produktuarekin. Hala ere, ez dute bere horretan geratu nahi eta produktu berriak egiten hasteko asmoa ere badutela azaldu dute: “Gaur egun Idiazabal gazta bakarrik egiten dugu, baina etorkizunean, mamia, gazta freskoa..., bestelako produktu batzuk egin eta gure eskaintza zabaldu egin nahiko genuke”.
Tradizioz, esne behiak izan dituzte beti Gorua Goiena baserriko kideek: “Behi esnearen sektorean, etorkizuna beltz zegoela ikusi nuen eta, nahiz eta behiak ardiak baino gehiago gustatzen zaizkidan, aldatzea erabaki nuen. Hasierako nire asmoa bi gazta mota egitea zen; behi gazta batetik, eta ardi gazta bestetik. Baina ez nuen asmo hori garatzerik izan. Esne kuotarekin arazoak sortu ziren eta bat edo beste aukeratu behar izan nuen. Behiak kendu eta ardiak jartzea erabaki nuen”, azaldu du Josebak.
Behietatik ardietara
Aldaketa handia nabaritu zuen Josebak: “Kanpotik ikusita ez du hala ematen, baina oso desberdina da behiak eta ardiak gobernatzea. Txikitatik behiekin ibili izan naiz eta ardiekin ez nuen esperientzia handiegirik. Esaterako, behiei segituan nabaritzen nien gaixoaldiren bat bazuten eta ardietan askoz ere zailagoa egiten zait hori. Manejua ere oso ezberdina da. Behi bat bere taldetik bereiztea ez da hain zaila egiten; ardiekin berriz..., arrastaka atera ezean, ez dago bere taldekideetatik bereizterik”.
Pixkanaka, artzainen lanbidea ikasten ari da Joseba: “Arantzazuko artzain eskolan asko ikasi nuen eta ardiekin lanean daramatzadan bost urte hauetan ere asko ikasteko aukera izan dut. Hala ere, oraindik ere badut zer ikasia ardiekin lan egiteko garaian”.
Gaztak egitea ez zen arazo izan Joseba eta Maria Jesusentzat: “Zenbait ikastaro egin ditugu. Arantzazun ikasi nuen lehendabizi eta Kordoban Maria Jesus eta biok izan ginen. Lanean hasita, ez dugu arazo handiegirik izan gazta egiteko garaian. Arantzazun bertan gaztagintzako ikastaro bat baino gehiago ere egin izan dugu geroztik. Idiazabal gazta naturala, ketua eta gazta zaharra egiten ditugu gurean. Nerea Urkola asteasuarraren laguntza ere izaten dugu. Goizero etortzen da gazta egiten laguntzera. Gaztandegi txikia da gurea eta artisau moduan egiten dugu lan; hori da gure produktuaren balioetako bat”.
Hamalau orduko lanegunak
Urte garai honetan oso lanpetuta ibiltzen dira Goine gaztandegiko kideak: “Azaroan hasten gara gaztak egiten eta uztaila arte luzatzen da denboraldia. Horrez gain, hilabete hauetan arkumeak jaiotzen dira eta lana pilatu egiten da. Arkumeen kolperik handiena pasa dugula esango nuke, baina otsaila erdialdera bitarte, jaiotzen joango dira oraindik ere. Gure etxean, denentzako adina lan izaten da garai honetan”.
Goizeko 06:00etan ukuiluko lanetan hasi, 08:00ak aldera gaztak egiteari ekin, eta arratsaldeko 16:00ak arte luzatzen dituzte zeregin horiek. “Beharrezko garbiketa lanak amaituta, ukuilura joaten naiz berriro, eta iluntzeko 20:00ak arte aritzen naiz han. Arkumeak jaiotzen ari diren garaian, gauean buelta bat edo beste egiten dut ukuilura, guztia ondo ote doan begiratzera. Horrelakoetan, berriro etxera itzuli gabeko gau asko izaten dira; arkume bat jaio dela, beste ardia ere ume egiten ari dela..., ezin lanari amaiera eman”, azaldu du Josebak.
Goine izenpean saltzen dituzte gaztak. “Herriko harategietan, Itturriondo tabernan eta eskualdeko beste hainbat harategitan ere saltzen ditugu. Horrez gain, Lur-Lan kooperatibako bazkide gara eta haien bidez, Eroskiren saltokietan ere baditugu gaztak. Inguru honetan gazta naturala saltzen da gehien, eta Eroskitik berriz, ketutakoak eskatzen dituzte gehiago”.
Dagoeneko saritua
Goine gaztak, bi sari jaso ditu dagoeneko bere ibilbide laburrean: “Nazioarteko ‘World cheese awards’ sariketan, zilarrezko domina jaso genuen iaz eta Plentzian egindako beste txapelketa batean irabaztea lortu genuen. Poz handia ematen dute sariek. Hala ere, bezeroek gure gazta erosi, probatu eta gustatzea da saririk handiena. Horixe da gure eguneroko lanaren helburua; kalitatezko produktua egin eta eskaintzea”, adierazi du Maria Jesusek.
Arkumeak ere saltzen dituzte Gorua Goineko kideek: “Horrekin, ordea, ez dugu etekin handiegirik lortzen. Urkaikok eramaten ditu eta berak jartzen du prezioa. Azken boladan, kiloko 3 euro inguru ordaintzen dute; duela hogeita hamar urteko prezio bera. Kanalean, sei eta zortzi kilo arteko arkumeak eramaten dituzte eta hortik gora edo behera pasatzen den arkumea, merkeago ordaintzen dute. Labeldun arkumeak hazten ditugu eta guzti-guztiak saltzen dira, baina ez dute etekin handirik uzten”.
Produktu gehiago egiteko gogoa
Aurrera begira, aldaketak egiteko gogoz daude Joseba eta Maria Jesus. “Mamia eta gazta freskoa egiteko asmoa dugu. Izan ere, krisialdi garai hauetan Idiazabal gazta saltzea ez da erraza eta produktu gehiago eskaintzeko asmoa dugu. Aurten oso salmenta onak izan ditugu baina iazkoa, esaterako, ez zen hain ona izan eta egoera honek beldurra ematen du. Horregatik, egokia iruditzen zaigu produktu ezberdinak eskaintzea”. Maria Jesusek laburbidu du Idiazabal gaztaren egoera: “Garai batean gazta erosi egiten ziguten eta gaur egun, guk atera behar dugu saltzera. Asko mugitu beharra dago gure produktua ateratzeko”.
Etxe inguruko sailetan
Etxe inguruko belazeetan ibiltzen dira Josebaren ardiak: “Neguan hementxe moldatzen gara eta udan, Saskarate inguruko sail batzuetara eramaten dut talde bat. Larre horiez gain, jezteko garaian pentsua eta alfalfa ematen diegu ardiei. Artoa, garagarra eta oloa nahasian izaten ditu ardien pentsuak”.
Etorkizunera begira, ardien elikadura kontrolatzen hasteko asmoa ere azaldu dute gaztandegiko kideek: “Hazi transgenikorik gabeko elikadura eman nahi genieke, eta nolabait, kontsumitzaileei hori jakinarazi. Bide hori, ordea, ez da hain erraza. Hemengo pentsu etxeek bietatik eskaintzen dute; hazi transgenikoa eta ez transgenikoa. Bi hazi motak hodi berdinetan barrena pasatzen dira eta horregatik, ezin dute ofizialki ziurtatu saltzen duten pentsua transgenikotik guztiz garbia denik. Guk erabiltzen dugun elikagaiaren ia ehuneko ehuna ez transgenikoa da, baina ez dugu hori hala dela esaten duen agiririk. Etorkizunera begira, hori lortu nahi genuke; gure bezeroek ziurtasun hori izan dezatela nahi dugu”.
Internet bidez ere bai
Zenbait erostun etxeraino etortzen da eta internet bidez ere saltzen dituzte ale batzuk, www.quesosgoine.com gunean: “Internet bidezko salmenta ez da oso handia izaten. Izan ere, garraioak asko igotzen du gaztaren prezioa. Duela egun gutxi Madrilera bidali genituen bi gazta eta garraioko gastuek, ia bikoiztu egin zuten gaztaren prezioa”.
Ardi latxak dituzte Gorua Goienan: “Mutur gorriak eta mutur beltzak ditut, bietatik. Nire hasierako asmoa ardi mutur gorriak jartzea zen. Ardiak erostera joandakoan, ordea, ez nituen nire gustukoak bilatu eta nahasian erosi nituen. Pixkanaka, mutur beltzak kentzen joatea da nire asmoa, baina oraindik ere baditut batzuk artaldean”.
Inbertsio handiak egin zituzten Gorua Goienako kideek, behietatik ardietara aldaketa egiteko: “Ukuiluan moldaketa handiak egin behar izan genituen eta gaztandegia ere berria da. Gainera, baldintza zorrotzak bete behar dira osasun erregistroa lortzeko, berdin hamar gazta egin, edo mila egin. Inbertsio handiak egin ditugu eta orain, pixkanaka buelta emateko garaia da. Gustura gaude orain arteko emaitzekin eta etorkizunera begira jarrita gaude”.
Iaz 12.000 kilo gazta egin zituzten Gorua Goienan eta aurten ere kopuru beretsutan dabiltza: “Aurten, ordea, gaztarik gabe geratu gara eta gehixeago egiten ari gara. Etxeko esnearekin osatu ez, eta Orexako kooperatibari erosten diogu esnea, gazta gehiago egiteko”.