Lurrazpiko pasabidearen obren hasiera iragarri dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko abe. 23a, 15:14

Andoaingo Udalak San Tomas egunean iragarri zuenez, “tren geltokiaren ingurua laster batean erabat aldatuko da. Andoaingo Udalak eta Adifek finantzatutako lurrazpiko pasabideko obrak datozen asteotan hasiko dira”. Prentsa ohar bidez gaineratu duenez, lanak behin hasita, 6 hilabeteko epean amaituko dira. Obrak 1.277.000 euroko aurrekontua du, “baina Udalak ez du euro bakar bat ere ordainduko dirulaguntzak direla eta”.

Azken urteetan behin baino gehiagotan egin zen iragarpen bera: “lurrazpiko pasabidearen eraikitzeari laster ekingo diote”. Obrak hasteko bete beharreko dokumentazioarekin gorabeherak argudiatuta, iragarritakoa ez zen betetzen. Dirudienez, 2012an aspaldiko ametsa  errealitate bilakatuko da.

Ana Carrere Andoaingo alkateak egun hauetan obrak hasteko kontratua sinatuta jaso du, zehazki, 2011ko abenduaren 15eko datarekin.

Adifeko arduradunak alkateari baieztatu dionez, egin beharreko azken tramiteak eginak daude. Lauzpabost asteko epean Kale Berria eta Joakin Larreta kalea lotuko dituen lurrazpiko pasabide eraikitzeari ekingo diotela aurreikusten da.  Obraren aurrekontua milioi eurotik gorakoa da (1.277.013 euro, BEZa barne). Kostua Adif-Renfe eta Andoaingo Udalaren bizkar joan beharko luke erdibana, “baina Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzak direla eta, Andoaingo Udalak ez du euro bakar bat ere ordainduko”.

Ana Carrere alkatea pozarren agertu da albistearekin, “garrantzitsua da heriotz eta istripu larriak izan direlako gune horretan bertan. Aurrerantzean horrelakoak saihesteko baldintza oso egokiak ezarriko dira, andoaindarren mesederako. Mugikortasunaren aldetik ere, aurrerapen handia izango da. Olentzerok andoaindar guztioi egin digun oparia da, Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzak direla eta, andoaindarroi doan aterako zaigun obra da eta”.
Proiektuaren gauzapena, beraz, laster batean gauzatuko da. Aurreko legegintzalditik datorren egitasmoa da, eta ekainean Udal gobernu berriak egitasmoa aurrera ateratzeari ekin zion. Hiruzpalau hilabetean obrak norabide egokian jartzeko tramitazioan hamaika oztopo aurkitu dituztela dio alkateak, “hasiera batean dena traba eta oztopo zen. Ez zegoen modurik arduradun egoki batekin hitz egiteko. Aurreko alkate Estanis Amutxastegiri laguntza eskatuta, arduradunekin zuzenean negoziatzeko aukera izan dut”.

TRENBIDE SAREAREN AZPITIK ARRISKUA SAIHESTUZ
Obrak sei hilabeteko epean burutuko dira. Behin lanak amaituta, gaur egun taxi geltokia dagoen tokitik Joakin Larretara edota Leitzaran institutura doazen eskailera mekanikoetara igotzeko lurrazpiko pasabidea erabiliko dute, arrisku handiko trenbide sarearen gainetik pasa behar izan gabe.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!