Ongizatearen alde jardun dutenei gorazarre ostiral honetan Basteron

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko abe. 23a, 15:13

“Joxe Mari Olazabalen Bidea” izeneko saria sortu du Andoaingo Caritasek, Andoaingo herrian besteenganako eskuzabaltasuna agertzeagatik nabarmendu diren pertsona nahiz elkarteei esker ona adierazteko. Jendaurreko ekitaldi baten bidez eman nahi du Caritasek sari hori, eta aurtengoa izango da lehenbiziko edizioa.  Basteron izango da ostiral honetan 18:30etik aurrera.

Iñaki Arregi Moraza (Andoain, 1927) izango da sari berezia jasoko duena. Izan ere, aski ezaguna da Arregik Andoainen, urtetan, hainbat elkarte eta gizarte zerbitzuetan egin duen lana, herritarren alde beti ere.

Ekitaldian zehar beste hainbat pertsona nabarmentzeko asmoa dago; tartean, Joxe Mari Olazabal Iñurritak. Gogoan denez, 2010eko azaroan, Andoaingo Osoko Udalbatzak Andoaingo Domina eman zion Olazabali. Aiurrik eta Larramendi Bazkunak ere Andoaingo herritarren ongizatearen alde hainbat alorretan egin zuen lan itzelagatik omendu zuten hilabete batzuk lehenago.

Aldi berean, 1956ko maiatzean Andoainen Caritas elkartea eratu zuten hamabost pertsonak ere, bere esker ona jasoko dute. Hona, sortzaile guztien izenak: Pilar Esnal, Juanita Truchuelo, Claudio Artola, Miguel Alonso, Isidro Jauregi, Iñaki Arregi, Jose Mari Olazabal, Pio Huici, Inazio Mendiluce, Sabino Etxeberria, José Mº Aristimuño, Angel Mª Sueskun, Felix Irulegi, Jose Luis Lasarte, eta, Emilio Truchuelo.

Olazabal eta Arregi alde batera utzita, Emilio Truchuelo (Andoain, 1928), Iñaki Mendiluze (Andoain, 1937) eta Felix Irulegi (Andoain, 1936) dira Caritasen sorreran parte hartu zutenen artetik bizirik diren pertsona bakarrak.

EMILIO TRUCHUELO
Nola gogoratzen duzu Caritasen sorrera?
Emilio Truchuelo: Esan behar da Caritas sortu aurretik, mutilez eta neskez osatutako kuadrila bat zenbait heldurekin bildu eta behar gehien zutenei laguntzen ibili ginela. Beste hainbat laguntzaile inplikatzea ere lortu genuen, azpitalde modukoak sortuz. Giza kolektibo handi horri “50 Lagunak” bezala ezaguna zen herrian. Eskuzabaltasunez lan egiteaz aparte, kuota bat ordaintzen genuen hilero eta diru hori hainbat gastuei aurre egiteko erabiltzen genuen: botikak, erropa, elikagaiak… Testuinguru horretan sortu zen “Andoaingo Accion Catolicako Caritas Batzordea” 1956ko maiatzaren 25ean.

Zerk bultzatu zintuzten Andoaingo Caritasen lan egitera?
E.T.: Kristau izpirituak bultzatzen gintuen zerbitzu hori eskaintzera. Izan ere, Jaungoikoak piztu zuen gugan urkoa maitatu eta lagundu nahia.

Zuk zein funtzio bete zenuen Caritasen?
E.T.: Bere sorreran, idazkaritzako zereginak bete nituen. Bilerak antolatzen nituen lehendakariarekin hitzartu eta gero, eta jorratutako gaien inguruko akta idazten nuen. Aurrerago, Parrokia Batzordeko idazkaritza hartu nuenean Caritas-eko idazkaritza utzi behar izan nuen. Parrokia Batzorde horretan elizaren babeseko erakunde guztiak biltzen ziren, Caritas barne.
Gizartearen aldeko nire ekarpena sindikalismora ere bideratu zen; hain zuzen ere, lankideen eskubideen alde jardun nuen ahal izan nuen neurrian.

Nolako errealitatea bizi zuen Andoainek, behar gehiena zuten pertsonei dagokionez?
E.T.: Soldatak oso kaskarrak ziren, oro har. Horrela, bizi garestitzeari erantzuteko 1956ko maiatzean greba antolatu zen. Greba Laborden hasi zen eta herriko gainerako lantegietara zabaldu zen. Langile askori antzinatasun-saria kendu egin zieten, zigor gisa; neurri horrek diru sarreren galera eragin zuen.
Andoainen 85 familiak jasotzen zuten “Laguntza amerikarra”; esnean eta gurinean oinarritzen zen laguntza hori, hain zuzen ere. Egunero banatzen zen, Alhondigako egoitzan, 20:00etatik 21:00etara aste egunetan, eta 10:30etatik 11:30etara igandetan.
 
Caritasen sortzaile asko hil da. Juani zure arreba tartean. Oso estimatua da egin zuen lan itzelagatik…
E.T.: Joxe Mari Olazabalek, bere hileta elizkizunean, egoki deskribatu zuen Juaniren ibilbidea. Caritaseko akta liburuek ere ederki asko islatzen dute premia gehien zutenen alde Juanik 50 urtetan utzi zuen arrastoa. Ezingo nuke gehiago erantsi; bakar-bakarrik, azpimarratuko nuke behartsuenekin eta gainerako pertsonekin beti erakutsi zuen giza sentiberatasuna, eta bereziki, emakume etorkinek idazten, irakurtzen, josten… ikas zezaten jarri zuen interesa.
 
IÑAKI MENDILUZE
“Caritasen sorrerari buruzko oroitzapenik ez dut gogoan, baina pentsatzen dut Joxe Mari Olazabalek tentatuko ninduela. Izan ere, orduan bera Euskalduna futbol taldeko presidentea zen, eta ni berriz, diruzaina. Garaitsu hartan Nikolas Apaolaza erretore berriak ere Legarra Etxebeste fundazioko kontuak eramateko eskatu zidan.  
Joxe Mari Olazabal, Emilio Truchuelo, Iñaki Arregi, Jose Luis Lasarte eta besteren bat kenduta, gainerakoak ez dakit inongo meriturik badaukagun, gurekin horrela gogoratzeko ekitaldi baten bidez. Ekitaldian omenduko gaituzten asko ziurrenik une jakin batean edo bestean laguntzaile gisa jardun izango genuen, ez besterik. Gogoan dut Ameriketatik esnea hautsetan heltzen zela; herriko familiarik behartsuenen artean banatu behar izaten zen, eta baliteke ni zeregin horretan jardun izana.
Garai hartan gosea baino gehiago, hilabetera nola edo hala iristeko beharra zegoen. Hori begi bistakoa zen, soldatak eskasak zirelako eta familiak kide askokoak. Hala ere, lantegietan sartu eta diru pixka bat poltsikoratzen hasten ginen gazteok, ez ginen ohartzen familia askok etxeko atez barrualdera bizi zuten benetako errealitatea.
Gure lagun koadrilaren kasuan, esatera baterako, igandeetan musika bandaren dantza, zinea eta mendi irteera izaten ziren zaletasunik handienak. Horrelako ekintzetan jartzen genuen gogoa, beste inon baino gehiago. Mendia izaten zen nire pasioa batez ere, eta Caritaseko arduradun ziren Olazabal, Arregi eta horiekin nahiz Xabino Etxeberria lagun minarekin batera, Euskal Herriko makina bat gailur egin genituen”.

FELIX IRULEGI
“Gaztetan Accion Catolica-n ibiltzen ginen asko, elkarte horrek Eskola Kaleko Alhondiga zaharrean zeukan egoitzan batez ere. Sekzio bat baino gehiago zeuzkan bere baitan Accion Catolicak, eta adin askotariko jendea mugitzen zuen. Ni Caritasekin ez naiz gehiegi gogoratzen; esan didatenez, Caritaseko aktetan azaltzen omen da nire izena sortzaile edo laguntzaile gisa, eta horrela izango da.
Badakit Accion Catolicako egoitza horretan bilerak egiten genituela, herrian ekitaldiak antolatzeko. Antzerkia da nik buruan gordetzen dudan bakarrenetakoa. Azpiegituraz arduratzen nintzen. Izan ere, arotza izan naiz nire bizian; ofizioa aitaren eskutik jaso genuen anaia eta biok.
50eko hamarkadari begira jarriz gero, gerra osteko gosea jada ez zegoela esango nuke. Lana izaten zen lantegietan, baina soldatekin izaten ziren komeriak. Dirua gutxi jendeak! Gure amona Eusebi Zipitriak eta ama Gillerma Atorrasagastik janari denda edukitzen zuten Basteroko inguru horretan. Azken urtetan, 1997. urtera arte, Pablo gure anaiak eraman zuen.
Bada, badakigu familiei zenbat kostatzen zitzaien jeneroa ordaintzea. Amonak eta amak etxekoandreek eramaten zituzten elikagaiak apuntatuta uzten zituzten kartillatan; nork zer zor zituen dendarekin, idatzita egoten zen. Izan ere, soldatak kobratu arte jendea larri ibiltzen zen, eta kobratuta ondoren ere oinarrizko gastuetara besterik ez zen edukitzen.”
 
Omenaldi ekitaldia Basteron:
Abenduak 23, ostirala.  18:30.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!