Datorren urtean hogei urte beteko ditu Larramendi Bazkunak eta urtebetetze horri begira Bazkuna suspertzea ezinbesteko zaiela adierazi dute bertako arduradunek: "belaunaldi berriei leku egiteaz gain gure egituretako jendea berritu beharrean gaude, horren premia handia dugu, hogei urtez ardura lanetan dabiltzan lagunak bai baitauzkagu", esan dute kanpaina Andoainen burutzen ari diren arduradunek. Gainera, Bazkuneko arduradunen esanetan, "pixkanaka-pixkanaka ekonomikoki gure jarduna bideraezina gertatzen ari da eta horri erantzuna emateko bazkide berrien laguntza ekonomikoa behar dugu".
Batetik, apurka-apurka hurbiltzen ari zaien otso anker eta goseti baten irudiaz eman diote itxura kanpainari eta, bestetik, azken ia hogei urte hauetan burutu dituzten ekimen nagusiak azaldu eta duten diru eta bazkide premia handia adierazi dute. Herritar ia-euskaldun eta ez euskaldunei ere gazteleraz zuzendu zaizkie, eurak ere euskararen erabilera suspertzearen alde lan egin dezaketela adierazteko.
Larramendi Bazkunak, herri mailan, eskualde mailan (Aiurri) eta Euskal Herri mailan 22 ekimenetik gora ditu lanean eta urtero 450.000 € behar ditu ekimen horiei eusteko.
Ekinaldiari buruzko informazio gehiago nahi duenak telefono zenbaki hauetara jo dezake: 943-300-733 / 656-782-521. Zuzenean bazkide egin nahi duenak banatuko den txartela betez edo honako webgunera joz egin dezake: www.larramendi.org/bazkide.php.