Presoen aldeko hitzordu bikoitza Andoainen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko abe. 21a, 12:36

Abenduaren 30ean eta 31n Egin dezagun bide ekimenak hitzordu bana antolatu du presoen eskubideen alde.

Irakur, manifestua:

ABENDUAK 30 URTEKO AZKEN OSTIRALA- GIZA KATEA
BEGIRADA DESBERDINAK IZANGO DITUGU BAINA ELKARTUKO GAITUEN ABIAPUNTU BAT: PRESOEN OINARRIZKO ESKUBIDEAK.

Begietara begiratzen ikasten ari gara. Makurtuta bizitzera ohituta ibili gara azken aldian. Bakoitzak bereari eutsi dio, ondokoari begiratu gabe. Baina orain badakigu aurrez aurre begiratuta ere, hamaika gauza ditugula komunean parean dagoenarekin.
Garaiak aldatzen ari dira. Ez dugu lotsarik, ez beldurrik, ezta aurreiritzirik ere. Ondokoaren begirada nolakoa den ikusteko ahalmena eraikitzen ari gara. Eta askotan, albokoaren begirada, geurearen antzerakoa izaten da.
Gizatasunaren beharra daukagu. Oinarrizko eskubideen errespetua eta begirunea eskatzeko nahia dugu.
Presoak urrun daudela badakigu; ez da kontu berria. Batzuek kalean egon beharko lukete, euren zigorren gehiengoa bete ondoren. Beste zenbaitzu gaixorik daude, eta ez zaie etxera itzultzeko aukerarik eskaintzen.
Garaiak aldatzen ari dira, baina begirada batzuk berdinak dira oraindik. Presoen senitartekoek bide berdinak egiten jarraitzen dute. Kilometro mordoa egin behar izaten dute euren seme-alaba, anaia, iloba edo ama ikusteko. Bataz beste, astean 1300 kilometro.
Gure gizatasuna erakusteko garaia da. Begiratu batek edo sorbaldan pausatutako esku batek, gizatasun eta elkartasuna adierazten dute.
Abenduaren 30ean, presoen eskubideen aldeko lehen kilometroa osatu nahi dugu. Urrun dauden preso guztien aldeko lehen mila metroak. Zumea plazatik udaletxera giza-katea osatuko dugu. Abenduko arratsalde ilunak argitu nahi ditugu eta gure urratsak, andoaindar guztion urratsa behar du izan. Presoen eskubideen aldeko lehen urratsak izango dira; isiltasunetik abiatuko den eskubideen aldarri ozen bat.
Familia, lagun eta ezagun ugari bilduko gara bertan. Denek ere begirada desberdinak izango ditugu baina elkartuko gaituen abiapuntu bat: presoen oinarrizko eskubideak.
 
ABENDUAK 31 BRINDISA BASTERO PAREAN
URTEKO AZKEN EGUNEAN NOSTALGIARI DEI IRRIBARTSUA

Baina itxaropenez beteta datorren garai honetan topa egiteko aukera ere izan nahi dugu. Abenduaren 31n, Bastero parean lagunekin elkartuko gara. Urtezahar eguneko ospakizunak hasi aurretik ere, nostalgiari dei irribartsua egin nahi diogu. Momentu batez, oroitu gaitezen urrun daudenekin eta gurekin egoterik ez dutenekin. Beraien alde edalontzia jaso eta topa egingo dugu. Irribarrez begiratuko diogu elkarri, topa egitean triste egoterik ez baitago.
 
Oinarrizko eskubideak eskatzea zure, nire, eta guztion lana da. Urrats txikiak handi bihurtuko dira Andoainen. Dena, gure esku dago.
 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!