Tren geltokiko lurrazpiko pasabidea, Olentzeroren oparia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko abe. 21a, 12:31

Andoaingo Udalak jakinarazi duenez, epe laburrean hasiko dira tren geltokiko lurrazpiko pasabidearen eraikitze lanekin. Obrak 1.277.000 euroko aurrekontua du, baina dirulaguntzak direla eta, Udalak ez du euro bakar bat ere ordainduko. Behin hasita, sei hilabeteko epean amaituko dira lanak. 

Udalaren oharra:

Andoaingo tren geltokiaren ingurua erabat aldatuko da laster batean. Andoaingo udalak eta Adifek finantzatutako lurrazpiko pasabideko obrak datozen asteotan hasiko dira eta hainbeste heriotza eragin duen gunearen segurtasunak asko irabaziko du.

Aurreko legegintzaldian obren hasiera birritan iragarri bazen ere, arazoak zeuden obrak esleitzen zituen Adif-ekin, obrak hasteko bete beharreko dokumentazio guztia ez zegoelako beteta. Orain egoera erabat aldatu da, obrak hasteko kontratua sinatua helerazio baitio Adifek Andoaingo alkate Ana Carrereri. Alkateak zehaztu du kontratuak 2011ko abenduaren 15eko data duela.
 
Beraz,  epe motzeko kontua da beharginak lanean ikustea. Dokumentazioa bidaltzeaz gain, Adifeko arduradunak alkateari baieztatu dio egin beharrezko azken tramiteak eginak daudela, baldintza guztiak beteta, kontratu guztiak sinatuta, falta dena da obrak egingo dituen Comsa enpresak derrigorrezkoak dituen segurtasun planak eta horrelako baldintzak aurkeztea. Lauzpabost asteko kontua dela aurreikusten da eta ondoren Kale Berria eta Joakin Larreta kalea lotuko dituen lurrazpiko pasabide egiteari ekingo zaio.
 
Obrak 1.277.013 euroko aurrekontua du BEZa barne, Adifek eta Andoaingo udalak erdibana ordaindu beharko luketena, baina Eusko Jaurlaritzako dirulaguntzak direla eta Andoaingo udalak ez du euro bakar bat ere ordainduko.
 
Obrek 6 hilabeteko iraunpena izango dute eta behin lanak amaituta, gaur egun taxi geltokia dagoen tokitik Joakin Larretara joateko edota Leitzaran Institutu aldera igotzeko dauden eskailera mekanikoetara joateko lurrazpiko pasabidea izango dute herritarrek trenbidetik pasatu behar izan gabe.
 
Alkateak adierazi du aurreko legegintzalditik datorren proiektua dela, baina ekainean gobernu talde berria osatu bezain laster tramiteetan itota zegoen proiektua mugiarazteari ekin ziola eta hiruzpalau hilabeteko lana izan dela norabide egokian jartzeko. “Hasiera batean dena traba eta oztopo zen, ez zegoen modurik arduradun egoki batekin hitz egiteko, baina Estanis Amutxastegiri laguntza eskatuta, arduradunekin zuzenean negoziatzeko aukera izan dut”.
 
Ana Carrerek gaineratu du aurrekontu handiko lan garrantzitsua dela laster hasiko dena, baina “garrantzitsuagoa izango da bertan andoaindar asko hil delako trenak harrapatuta, eta aurrerantzean horrelakoak saihesteko baldintza oso egokian egongo gara andoaindarrok. Mugikortasunaren aldetik ere, aurrerapen handia izango da. Gainera –amaitu du alkateak- Olentzerok andoaindar guztioi egin digun oparia da, Eusko Jaurlaritzako dirulaguntzak direla eta, andoaindarroi doan aterako zaigun obra da eta.”
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!