Egin dezagun bidea Asteasun!

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko abe. 20a, 18:39

Euskaldun orok bere eskubideak bermatuak izan ditzan, euskal preso eta iheslarien eskubideak gauzatze aldera, Euskal Herriko hainbat eragile eta alberdi politiko ezberdinek sortu duten Egin dezagun bidea ekimenari hauspoa eta bultzada ematea garrantzitsua iruditzen zaie ekimenarekin bat egin duten asteasuarrei. Ondorengo idatzia igortzearekin batera, Gabonetarako antolatu dituzten ekintzetan parte hartzeko gonbidapena luzatu dute:

"Preso politiko eta iheslarien ingurune hurbila, beraien senide eta lagunak oso ezagun ditugu gure herrian bertan. Beraien presentzia duin etengabekoak euskal herritarron begietara hurbiltzen du Espainiako eta Frantziako kartzeletan sakabanatuta dituzten preso politikoen izatea. Kinkeak eskuetan eta zapiak lepoan gainditu beharreko egoeren jabe egin gaituzte. Egoera argitu eta bidea erakutsi digute. Orain, bidea egiteko tenorean da gure herria.

Aldi berria zabaldua da Euskal Herrian, euskaldun orok bere eskubide guztiak bermatuak izan behar dituen garaiaren ateak zabalduak dira, honetarako ezinbestekoa da euskal preso eta iheslarien eskubideak gauzatzea: batetik bere etxeetara eta Euskal Herrira inguratuz, bai eta gaixo dauden presoak lehenbailehen aske utziaz.

Aurrez aipaturiko helmuga lortze asmoz, Euskal Herrian hainbat eragile eta alderdi politiko ezberdinek Egin dezagun bidea ekimena sortu dute. Guk ere, Asteasutik gure auspoa eta bultzada eman nahi diogu hain garrantzitsua zaigun ekimen honi. Ezin ditugu ahaztu Asteasun bertan izandako preso eta iheslariak, eta gaur egun ere, gure herritik urrun bizitzera behartuak ditugun herritarrak.

Testuinguru honetan, txalotu eta eskertu nahi dugu urriaren 27ko Udalbatza Osoan Asteasuko Udalak harturiko erabakia gehiengo osoz euskal preso eta iheslarien oinarrizko eskubideen alde. Zentzu honetan, eta Asteasuko gehiengoaren nahia eta aldarria adierazteko, udaletxeko balkoian euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko banderola ezarriko da modu ofizialean berauen eskubideak lortu bitartean.

Asteasuko Egin dezagun bidea ekimenaren bultzatzaileok hurrengo ekitaldietan parte hartzera animatzen zaituztegu eta herritarrei ere zera luzatzen dizuegu: Asteasun ere autobusa baietz!!!".

Eguberrietarako egitaraua:

-Abenduak 24, larunbata. 18:30etan Asteasuko plazan: Euskal preso eta iheslarien aldeko kalejira Olentzerorekin. Euskal preso eta iheslarien aldeko banderolaren jartzea udaletxeko balkoian. Atxikimendu bilketa, urtarrilaren 7an nospatuko den manifestaziorako.

-Abenduak 31, larunbata. 19:00etan Zizurkilgo plazatik: Bailarako Egin dezagun bidea ekimenak antolatutako manifestazioa.

-Urtarrilak 7, larunbata. 17:00etan Bilbon: Kolosala izango da, presten eskubideen aldeko manifestazio nazionala. Autobusa Asteasuko plazatik 17:00etan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!