La batalla de Andoain liburua kalean da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko abe. 15a, 17:41

Manuel Larramendi Kultur Bazkunak Madrileko BLS argitaletxearekin hitzarturik, La batalla de Andoain izenburuko liburua argitara eman berri du eta abenduaren 19tik aurrera salgai izango da Andoaingo, Amasa-Villabonako eta Asteasuko liburu-dendetan, Larramendi Bazkunaren egoitzetan eta baita Urnietako Iñistorra Biltzarraren egoitzan ere. Liburuaren salneurria 15 €-koa da:

La Batalla de Andoain liburua Historia militarrean aditu diren Carlos Canales eta Miguel del Rey ikerlariek idatzi dute, bi aditu horiei eskatu baitzien MLKB-ak 1837ko irailaren 14an, lehenengo Gerra Karlistan Andoainen izan zen guduari buruzko ikerlana, bereziki, gudu horretan parte hartu zuten gudarosteen osakerari eta horien jantziei buruzko galdera eginez, hain zuzen ere. Bi aditu horiek egindako lana da, gudu horren berri zehatz emanez, orain BLS argitaletxearekin egindako hitzarmenari esker kalean jarri dutena, gudu horren gorabehera guztiak azalduz bai idatziz bai irudi ugariren bidez.

Ez da, baina, gaiari buruz dagoen lan bakarra. Aski ezagunak dira Karmele Otaegi historialariak Leyçaur 1 aldizkarian argitara emandako artikulu luzea gudu horri eta bere testuinguru historiko eta ekonomikoari buruz; baita Joxeba Salbador ikerlariak 2008an Andoaingo paperak bilduman argitara emandako Sorabilla, karlistaldien hondamendiaren lekuko ikerlana ere. Izan ere, Karmele Otaegik idatzitakoa izan zen orain urte batzuk Andoaingo Larramendi Bazkunarengan Andoaingo gudua antzeztuz ekimena antolatzeko asmoa suspertu zuena, orain ekimen hori gorpuzten herriko hainbat elkarte eta talde ahalegintzen ari baita.

Ekimen hori aurrera eramateko asmoz plazaratu du Larramendi Bazkunak liburu hau, eta aurreneko aldia da liburu bat gaztelania hutsez argitaratu duena. Horren arrazoia galdeturik, Jon Unanuek, Larramendi Bazkuneko lehendakariak, zera adierazi du: "Andoaingo ekimena antolatu ahal izateko ahalik eta andoaindar kopururik handienarengana iritsi nahi dugu eta Andoaingo gudua zer eta nola izan zen aditzera eman. Laster, Lekukotzak bildumako bi zenbaki berri plazaratuko ditugu gaiari buruz, kalitate handiko irudi egin berriez horniturik, eta bi zenbaki horiek, guri dagokigun bezala, euskara hutsez izango dira, andoaindar euskaldunei zuzenduak. Euskaraz irakurtzerik ez dutenentzat, berriz, argitalpen hau egin dugu, oso didaktikoa eta neurri batean gure esku ere egon dena, ez baikenuke inor Andoaingo historia biziberritzeko gertakari eta mugarri garrantzitsu honetatik kanpo utzi nahi. Hori da gaztelaniazko argitalpen hau egin izanaren arrazoia".

Andoaingo gudua ekimena noiz aurkeztuko duten galdetuta, Unanuek zera adierazi du: "ezin dugu oraindik esan ekimena guk nahi genukeen egutegiaren arabera antolatzerik izango dugun ala ez. Diruaz, jendearen partaidetzaz eta lanerako egutegiaz daukagun hainbat zalantza argitu bezain laster emango dugu ekimenaren berri. Bien bitartean, baina, asmoarekin herritarrengana iritsi nahi dugu eta gizarteratu, guztiz ezezaguna baita herrian gertakari historikoa hori, Andoain -eta baita Urnietan ere- hainbeste atsekabe sortu zuena".

Esan bezala, abenduaren 19tik aurrera liburu-dendetan eta Bazkunaren egoitzetan izango da liburua salgai.

Informazio gehiago: 943-300-733 / 656-782-521.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!