Martxoan jakin zuten datorren urteko jaia antolatzeko ardura Larraulek izango zuela eta berehala hasi ziren lanean: “Bilerak egin, nolako jaia nahi dugun zehaztu, aurrekontuak bildu, logotipoa egin, arropak banatu...”, azaldu du Murgil guraso elkarteko kide den Estitxu Eizagirrek. Hemezortzi familia hartzen ditu Larraulgo eskolak eta horietako hamabi dabiltza, modu batera edo bestera, jaia antolatzeko lanetan. Otsaila bitarte, diru-iturriak bilatzea izango da lehentasunik handiena. “Biltzen dugun diru kopuruak zehaztuko du nolako festa egingo dugun. Erakundeei dirulaguntza eskaerak egingo dizkiegu eta inguruko enpresetan ere bagabiltza. Ez da garairik onena, baina nolanahi ere, festa ederra izango dela iruditzen zaigu”.
Eskola Txikien koordinakundearekin elkarlanean ari dira: “Eskola Txikien jaia koordinakundearena da eta ezinbestekoa da elkarlana. Hilabetero egiten ditugu bilerak, gure lanak nola doazen zehazteko. Haiek, aurreko urteetako festen inguruko azalpenak ematen dizkigute, emaitza onak edo txarrak eman dituzten ekintzak zehaztuz”.
Babesa eta bultzada
Oso gustura ageri dira larrauldarrak, Eskola Txikien jaia antolatzeko gonbitearekin: “Gure eskolaren egoera berezia da eta gurekin gogoratzeak, babesa eta indar handia eman digu. Gustura ari gara eta elkarlanean, batu egin gara. Elkar ezagutza handia lortzen ari gara eta hori oso positiboa da”.
Eskola Txikien jaiak, 25. urteurrena beteko du Larraulen: “Beste eskolen inplikazio handiagoa ekarri du horrek eta horrez gain, urtean zehar beste ekitaldi batzuk antolatzea ere ekarri du. Esaterako, Eskola Txikien inguruko ikus-entzunezkoa prestatu da, eskola txikien eragina azpimarratuz”, azaldu du Estitxuk. “Herri handietan ez dute eskola txikien inguruko erreferentziarik izaten. Ez dakite oso ondo nola funtzionatzen duten. Hori kontuan hartuta, 25. urteurrenak, eskola txikien zutabeak azpimarratu nahi ditu; irakasle-ikasleak, Udala eta gurasoak”, gaineratu du Aitziber Mendiola gurasoak.
Irazuren logotipoa
Jaiaren logotipoa diseinatzea izan zen lehendabiziko zereginetakoa: “Karlos Irazu herritarrak egin du logotipoa. Haurrak eta hezkuntza irudikatzen ditu eta jendearen gustukoa izan da. Logotipoa zehaztuta, arropa egiteko momentua iritsi zen”, azaldu du Estitxu Eizagirrek.
Aldatu egin dute arropa eskoletara banatzeko modua. Hala azaldu du Jaione Ucin gurasoak: “Lehen Eskola Txikietako koordinakundeak hartzen zuen ardura hori, baina aurten, gurasoen artean hartzea erabaki dugu. Eskola bakoitzean zegoen eskaera zehaztu eta geronek eraman diegu arropa. Modu horretan tramitea azkartu egin dugu. Udako arropa banatu genuen udaberritik hasita eta orain, negukoarekin ari gara lanean. Datorren udaberriari begira, berriro ere udako arropa saltzeari ekingo diogu. Oso ondo doaz salmentak eta pozik gaude emaitzarekin”.
Talde lana
Aurrerantzean, jende gehiagoren laguntza beharko dutela azpimarratu du Estitxu Eizagirrek: “Orain arte, hamabi bat lagunen artean egin ditugu lanak. Asko ikasten ari gara; bilerak egiten, erabakiak hartzen, talde lanean aritzen..., arituaren poderioz ikasi dugu eta oso esperientzia aberasgarria izaten ari da. Horrez gain, beste eskoletako esperientzaiak bertatik bertara ikusteko ere baliagarri izaten ari zaigu. Aurrera begira berriz, jende gehixeagoren lana beharko dugula iruditzen zait, eginkizun konkretuak aurrera atera ahal izateko. Egunean bertan ere jende askoren laguntza beharko dugu. Eguraldiak laguntzen badu jende asko hurbilduko dela uste dugu eta horrek, jende askoren lana eskatuko du”.
Eskolaren etorkizuna
Duela lau urte lortu zuten hezkuntza zerbitzua Larraulen izatea. “Lehendabiziko ikasturtean, sei urte arteko zerbitzua lortu genuen, Pello Errota ikastetxearen ikasgela moduan. Ondoren, hamabi urte arteko hezkuntza Larraulen bertan egiteko aukera eskaini ziguten, baina atzera egin, eta sei urte artekora mugatu ziguten berriz. Aurtengo ikasturtean, berriz, zortzi urte arte zabaldu digute”. Aurrera begira jarrita daude Murgil elkarteko gurasoak: “Herrian nolako hezkuntza zerbitzua nahi dugun zehaztu behar dugu lehendabizi. Herri mailan hartu beharreko erabakia da hori: gurasoak, Udala, eskola eta herritar guztiak kontuan hartuta”.
Gurasoek orain arte egindako apustua azpimarratu du Estitxu Eizagirrek: “Umeak Larraulgo eskolan sartu genituenean, ez genekien nolako jarraipena izango zuen eta apustu handia izan zen umeak bertara ekartzea. Orain, zehaztu egin beharko dugu nolako eskola nahi dugun”.