Elena Lertxundi, gurutze puntadan trebe

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko abe. 15a, 16:59

Ume-umetan hasi zen Elena Lertxundi andoaindarra gurutze puntada egiten. Mojen eskolan ikasi, eta gaur egun arte eutsi dio zaletasunari.

Hamar urterekin, eskolan egindako eskulana gordeta du Elena Lertxundik: “Puntu ezberdinak biltzen dituen oihal txiki bat da, muestra moduan egindakoa. Mojen eskolan ikasi nuen eta oso ondo lantzen genuen joskera. Lanak ondo errematatzen erakusten ziguten eta orduan ikasitakoa asko nabaritzen da emaitzetan”.
Eskolan egindako mahai-zapia ere gordeta dute Elenaren etxean: “Amaren etxean oraindik ere erabiltzen dira mahai-zapia eta ezpainzapiak. Hamabi bat uterekin egin nituen. Oihal gorriaren gainean, irudi ezberdinak landu nituen hari txuriarekin. Auskalo zenbat bider garbitu eta erabili diren horiek gure etxean”. Eskolan egindako lanez gain, etxean ere eutsi egin zion zaletasunari Elenak: “Esaterako, panpinentzako arropak egiten nituen. Asko gustatzen zitzaidan jostea eta horretan aritzen nintzen, jolasean. Gazte garaian, ordea, alde batera utzi nituen lan horiek. Arroparen bat konpondu eta horrelakoak egiten nituen, baina askoz ere gutxiago”.

Zaletasunari berrekin
Ilobak jaiotzen hasi zirenean eutsi zion berriz ere zaletasunari: “Toalla txikiak, paretean jartzeko apaingarriak..., ilobei oparitzeko gurutze puntada egiteari ekin nion berriro ere. Zaletasun polita da eta behin hasiz gero, zaila da uztea. Beti izaten ditut bizpahiru lan eskuartean. Lagunek, etxekoek, ezagunek..., oparitxoak egiteko eskatzen dizkidate eta nik gustura egiten ditut. Haur jaio berrientzako toallatxo txikiak, esaterako, hirurehundik gora egingo nituen honezkero. Beti berdinak ez egiteko, gainera, hizki mota pixka bat aldatzea gustatzen zait, berezitasun pixka bat emateko”. Gurutze puntada eta lagarterana izeneko puntadak egitea gustatzen zaio Elenari bereziki: “Josteko makina ere badut eta arropa konpontzen aritzen naiz. Etxekoen arropak eta lagunenak konpontzen ditut: azpiak hartu eta antzeko lanak eginez. Hala ere, gurutze puntada egitea da gehien gustatzen zaidana. Lasaitu egiten nau eta ordu luzeak eman ditzaket horretan”.

Enkargurik ez
Etxeko salan aritzen da gurutze puntada egiten: “Hariz beteta egoten da etxeko sala. Lanetik itzuli, etxeko lanak aurreratu eta salako nire txokoan esertzen naiz gurutze puntada egitera. Egunero bi edo hiru ordu inguru ematen ditut horretan. Horixe da nire zaletasunik nagusiena. Beti daukat lanen bat egiteko eta askotan, bat baino gehiago izaten dut eskuartean”.
Elenari ez zaio gustatzen enkarguz lan egitea: “Nire helburua ez da lanak saldu eta dirua lortzea, horretarako badaukat nire lanpostua. Gustuz egiten dudan zerbait da eta horrela mantendu nahiko nuke. Enkarguz lan eginez gero denbora epeak betetzen hasi beharko nuke eta ez dut horrelakorik nahi. Konpromisorik ez dut hartu nahi. Nire kasara, nahi dudanean egiten jarraitu nahi dut”.

Ehunka lan
Erlojuak, paisaiak, mahai zapiak, koadroak, toallak..., gauza asko egin izan du Elenak. “Plantillak erosi eta haien gainean egiten dut lan. Bertan, ondo zehaztuta etortzen dira erabili beharreko koloreak. Eskulanetarako materiala saltzen duten dendetan edota internet bidez erosi izan ditut plantilla ezberdinak. Aukera handia dago eta gustu guztietarako eginak. Niri, esaterako, ez zaizkit gehiegi gustatzen fantasiazkoak; nahiago izaten ditut paisaiak eta beste mota batzuetako irudiak”.
Norberak ateratako argazkiak oinarri hartuta lan egiteko modua ere eskaintzen dute teknologia berriek: “Argazkia eskaneatu eta programa berezi baten bidez, gurutze puntada egiteko plantilla sor dezakezu. Etxean badut programa hori, baina ez dut gehiegi erabiltzen. Otietako zubiaren irudia egiteko erabili nuen, esaterako, baina nahiko liosoa izan zen eta denbora asko behar izan nuen koadro hura amaitzeko. Ez zitzaidan gehiegi gustatu programa horren emaitza eta nahiago dut erositako plantillen gainean lan egitea”.
Paisaia ezberdinak lantzeak denbora asko eskatzen dio Elenari: “Irudiaren araberakoa izaten da hori, baina batez beste, sei hilabete inguru behar da koadro horietako bakoitza bukatzeko. Gainera, tartean lan txikiagoak ere egiten ditudanez, askotan izaten ditut bi edo hiru lan batera eta horrek atzeratu egiten du lanaren amaiera. Bestalde, niretzako egiten ditudan lanak direnez, ez zait axola lanak lehenxeago edo beranduxeago amaitzea”.
Elenaren lanak ikusgarriak dira, nola aurretik, hala atzealdetik begiratuta ere: “Ez da korapilorik ezta hari askerik ere ikusten. Horretan nabaritzen da mojen eskua. Lanak oso ondo errematatzen erakusten ziguten. Jendea asko harritzen da hori ikustean eta batek baino gehiagok eskatu izan dit erakusteko”.

Hariak
Bostehun kolore ezberdinetako hariak biltzen ditu Elenak kutxa batean: “Zenbaki bidez zehaztuta etortzen dira hariak. Ez da batere zaila hariak lortzea. Andoainen bertan lortzen ditut gehienak eta bestela, ahizpak erosten dizkit, Donostian edota Lasarten. Nahiko garestiak izaten dira. Bi metroko matazetan etortzen dira eta 1,6 euro balio dute. Hariak seinaka etortzen dira eta normalean, binaka jarrita lan egiten da. Lan handiak egiteko, hari asko behar izaten da eta horrek diru pixka bat eskatzen du. Paisaiak lantzeko garaian, eremu handia betetzen duten koloreetatik metro asko behar izaten da: zeruaren urdina eta horrelakoak, esaterako. Puntadaz puntada lana aurreratzen ari naizen heinean, oihala pisua hartzen joaten da”.

Zizurkilgo erakusketa
Zizurkilgo elkartasun azokan parte hartu zuen Elenak urrian eta jendearen ikusmina piztu zuten bere lanek: “Lourdes ahizpa Zizurkilen bizi da eta hark aipatu zidan nire lanak erakusketan jartzeko aukera. Etxean zer nuen begiratzen hasi nintzen eta mordoxka bat azaldu zitzaizkidan. Egindako lan askotaz ez nintzen gogoratu ere egiten. Erakusketara eraman eta jendea harrituta geratu zen. Lanen atzealdea ikustean harritzen ziren gehien, korapilorik ez zegoela ikustean. Harrera ona izan zutela iruditzen zait”.
Bere lanak artxibatzeko ohitura hartu du Elenak: “Paperezko artxibategian hasi nintzen nire lanak gordetzen eta gaur egun, ordenagailuan gordetzen ditut. Plantillak eskaneatu, eta txukun-txukun geratzen dira artxibategian gordeta. Horrez gain, lan bakoitzari sinadura eta data josteko ohitura ere hartu nuen, noiz egina den gogoratzeko. Bestela, ezinezkoa bailitzateke guztiak gogoan izatea”.
Dekorazioa ikasi zuen Elenak eta bereziki gustuko izan du beti marrazketa lineala: “Gurutze puntadak ere badu horrekin zerikusia; aldaketarik egin gabe, hasi eta bukatzen diren lanak egitea gustatzen zait. Josteko makinarekin aritzea ere gustatzen zait, baina gutxixeago”.

1882ko lana, gordeta
Gurutze puntadarekiko zaletasuna ez da berria Elenaren etxean. Horren lekuko, 1882an egindako lan bat dauka gordeta Elenak: “Altxor bat balitz bezala gordeta daukat. Gure familiartekoa zen Agustina Lorenza Esnalek egin zuen 1882 urtean. Oihal horrek hitz egingo balu... Gure amona Agustina Argiñarena ere oso iaioa omen zen eskulanetan”.
Gurutze puntada egitera animatuko luke Elenak eskulanetarako zaletasuna duen edonor: “Oso zaletasun polita da, edozeinentzat egokia. Makinarekin josteko zaletasuna handitzen ari dela jakin nuen lehengo batean. Makina berria erostera joan eta dendako gizonari galdetu nion, gaur egun salmenta ona ote duten. Azken urteotan asko hazi dela erantzun zidan. Izan ere, arropa oso merkea erosten dugu orokorrean eta gero, arropa horri konponketak egiten dirua gastatzeak ez du logikarik. Horregatik, geroz eta gazte jende gehiago ari omen da makina erosi eta josten ikasten. Gurutze puntada egitera ere animatuko nuke gazte jendea”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!