Haurrentzako I. Gabon parkea, elkarlanean martxan jarritako ekimena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko abe. 15a, 16:58

Oria merkatarien elkarteak, Amasa-Villabonako merkatariek eta Villabonako Udalak, Gaztelekuko kideen laguntzarekin, haurrentzako
I. Gabon parkea jarriko dute abian elkarlanean.

Berez behar Villabonakoa’ izena jarri diote ekimenari; herritarrek herriarentzat horrelako ekimen indartsua bideratu eta herri giroa sortuz, esapide hori harrotasunez erabil dadin lortu nahi baitute. Herriko merkataritza sustatzea da ekimenaren helburu nagusia, Galder Azkue alkateak adierazi duen bezala, garapen jasangarriarekin lotutako helburuak ere tartean direlarik, “kutsadura jaistea, zaborraren inguruko sentsibilitatea sortzea… Gabon garaia, gehien kontsumitzen den urte garaia izanik, kontsumo jasangarriaren aldeko apustua bultzatu nahi dugu Udaletik eta, noski, herrian bertan kontsumitzeko deia luzatu nahi dugu, beste inora joan beharrik gabe”. Herritarrek ekimenari emango dioten erantzuna ikusteke dagoela aipatu duen arren, baikor agertu da Galder asmo berriaren aurrean, “herrian ohitura berriak sortzea ez da batere erraza eta ikusi egin beharko da nola ateratzen den lehen saiakera. Gabonak eta aurreko egunak egun berezi eta politak dira. Villabonan bertan, egun horietan sortzen diren beharrei erantzuteko aukera izango da eta behin aukera hori eskainita, herritarrei egokitzen zaie orain herrian geratu eta eskaintza horietan parte hartzea: haur parkea, herriko saltokiak, kultur eskaintzak…”. Haur parkeak izaten duen erantzunaren esperoan, ekimenaren bultzatzaileen artean sortu den dinamika nabarmendu nahi izan du, oso garrantzitsutzat joz elkarlanean egin duten bidea, “dudarik ez dago aurrerantzean herritar guztion artean egin beharko dugula zerbitzuen eskaintza. Bukatu da dena Udalak kanpotik eginda ematen zuen garaia. Elkarlanean hastea beharrezkoa da: herriatarrek herriko ekintzetan inplikatu behar dute”, adierazi du Galderrek. Udala, bere aldetik, Gabonetako egunak alaitzen saiatuko da hainbat ekimen bideratuz, baina alkateak argi du herrian giroa sortzea herritar guztien esku dagoela: “herritarrak herrian geratuz ondo pasatzeko aukera badagoela eta bertan geratzeak abantailak badituela konturatu behar du”.

2-9 urteko haurrei zuzendutako parkea
Gabonen bueltan, bost egunetan zabalduko da haur parkea Bearzana pilotalekuan.  Abenduaren 21, 23 eta 30ean arratsaldez (16:30etan edo 18:00etan) eta abenduaren 31n eta urtarrilaren 5ean goizez (10:00etan edo 11:30etan). 2-3 eta 4-9 urte bitarteko umeentzako eskaintza eta gune ezberdinak izango dira bertan: puzgarriak, jolasak, koltxonetak, muralen txokoa, eskulan tailerra… Hori guztia eta baita hamaiketakoa edo merienda ere, 2 euroko sarrera ordainduta. Haur parkean parte hartu ahal izateko, abenduaren 20a arte eman ahal izango da izena, Gaztelekuan bertan, goiz edo arratsaldez. Aurrez izena ematen ez duenak, egunean bertan egin ahal izango du, hori bai, aforoa osatzen den arte. Guztira ia ehun haurrentzako lekua egongo da: 15 toki, 2-3 urteko umeentzat eta 80, 4-9 artekoentzat.

Oria elkarteko merkatariak, ilusioz
Oria merkatal elkarteko kide Mari Jose Irazusta eta Amaia Izurgaizek argi zuten herri giroa piztu beharra zegoela Gabonei begira eta Udalera jo zuten elkarlanean ekimenen bat egitekotan. Haur parkearen ideiari forma emanda, pozik eta ilusioz daude erantzunaren esperoan, “zaila izan da guztia koordinatzea. Parkea haurrentzat izanik, merkatariok, segurtasun aldetik bereziki, oso ondo lotu nahi izan ditugu hari guztiak. Gazteak arduratuko dira parkea dinamizatzeaz, baina bi koordinatzaileren begiratupean. Horrez gain, zer edo zer gertatuta ere, aseguru ugari izango du parkeak erantzukizun zibila kubritzeko: merkatarien asegurua, udaletxekoa nahiz puzgarriena. Lasaitasuna ematen digu parkea ondo aseguratuta dagoela jakiteak”, azaldu dute. Txanda bakoitza ordu eta erdikoa izango da, jolas eta tailer eskaintza ezberdin eta ugariak egingo direlarik.

50 euroko bonoak
Ekimena bultzatzen duten merkatariek, haur parkea zabalik dagoen egun bakoitzean, elkarteko saltokietan erosketak egin ahal izateko, 50 euroko hiru bono zozketatuko ditu. Datozen egunetan erosketak elkarteko dendetan eginez gero, izen-abizenak eta telefono zenbakia zehazteko txartel bat jasoko du erosleak. Txartel hori haur parkean jarriko duten kutxan sartuta, parkea zabaltzen den bost egun horietako bakoitzaren amaieran, hiru lagunek eskuratuko dute aipatu bonoa.


Garazi Azurmendi eta Aiora Etxeberria Katea Etxeko gazte dinamizatzaileak dira. Bien ardura izan da haur parkea antolatzeko gazteekin bildu eta haiekin batera, ekimena bideratzea.


Udaletik haur parkea aurrera eramateko gazte boluntarioak behar zituztela esan zietenean, gazteak nola motibatu asmatzea izan zen lanik zailena dinamizatzaileentzat, baina laster topatu zuten giltza: “gazteek ikas-bidaia antolatzeko ilusio handia dutela ikusita, helburu hori lortzeko diru-laguntza eskainiz bultzada ematea egokia iruditu zitzaigun”, azaldu dute. Haatik, Garazi eta Aiorarentzat parkean parte hartzearen helburu nagusia, gerora begirako estrategia batzuk garatzean legoke: “besteak beste, antolakuntza, komunikazioa edota kontzentrazioa landu dituzte ekimena antolatzerakoan. Gazte batzuei, gainera, asko interesatzen zaie haurren gaia: haietako batzuek umeei lotuta bideratuko baitituzte etorkizuneko ikasketak. Beraz, haurrekin nola lan egin ikasteko eskainiko zaien formazioa eta lanaren ondoren jasoko duten agiria ere oso motibagarri zaizkie”. Bestalde, gazteek antzeko ekimen batean parte hartzea Gaztelekuaren helburu nagusien artean sartzen dela aipatu dute biek, euren parte hartzea oso aberasgarria dela nabarmenduz, “gazteek herriarentzat lan eginda, helburu komunitarioa ere lantzen da. Era berean, oso garrantzitsua da eurentzat antzeko ekimenetan parte hartzeko aukera izatea. Izan ere, nerabezaroa nahiko garai zaila baita euren lekua aurkitzeko. Baina, dudarik gabe, ekimenak aurrera ateratzeko gai dira eta beharrezkoa da parte hartzeko antzeko aukerak eta ardurak ematea”. Azken hilabeteotan gazteekin parkearen antolakuntza lanetan aritu diren Garazi eta Aiorak oso motibatuta eta gustura sumatzen dituzte nerabeak, “ondo banatu dira lanak, gazte bakoitzak bere ardura ondo bete dezan. Bakoitza bere eginbeharrera mugatuko da, eginbehar mordoa eduki beharrean”, azaldu dute.

Begirale gazteak, gogotsu
Ane Mujika eta Oihana Usabiaga Erniobeako 4 DBHko ikasleak, Gabonetako haur parkean lanean arituko diren gazteetako bi dira. Ilusio eta ardura handiz ari dira prestaketa lanean.
Guztira, Jesusen Bihotza ikastolako 3. DBHko bi talde eta Erniobea institutuko 4. DBHko hiru taldetako ia 100 gazte arituko dira lanean Gabonetako haur parkean begirale gisa. Bost talde direnez, bakoitzak egun batean egin beharko du lan, ordu eta erdiko bi txanda dinamizatuz, Beatriz Mena (Villabonako gazte informatzaile eta kirol dinamizatzailea) eta Miriam Seguradoren (gazte hezitzailea) arduradurapean. Joan zen azaroan hasita, prestaketa lanetan oso gogotsu ari direla azaldu dute Anek eta Oihanak; gainera, lanaren trukean ordaina ere izango dutela, “batetik, haurrekin lan egiteko formazioa jasoko dugu datozen egunotan, dagokigun adinaren arabera, bakoitzaren eginbeharra zehaztuz. Bestalde, haur parkean parte hartu eta gero, egindako lanaren berri zehazten duen agiria ere jasoko dugu eta, baita hurrengo urtean burutuko dugun ikas-bidaia antolatzeko diru-laguntza ere”. Dagoeneko ondo zehaztuta dute talde bakoitzeko kideek dagokien egunean bete beharko duten ardura. Ane eta Oihanari sarreran egon ondoren, jolasak dinamizatzea egokituko zaie, “sarreran egotea ardurazko lana da. Txartel gehienak aurrez salduko badira ere, egunean bertan ere salduko ditugu eta hamaiketakoa edo merienda ere banatuko dugunez, haur bakoitzari alergiaren bat-edo ba ote duen galdetu eta koloretako kometxak jarriko dizkiegu, elikagai egokiak emateko”. Gabonetako haur parkea ekimen handia dela uste dute bi gazteek, adin ezberdineko jende askok modu ezberdinean hartuko duelako bertan parte. Herritarrei luzatu nahi dieten mezua argi dute biek ala biek, “haur parkera etortzera gonbidatu nahi ditugu herritar guztiak. Gurasoei lasai egoteko esan nahi diegu, haurrak esku onetan egongo direla. Gazteak garen arren, horrek ez du esan nahi arduragabeak garenik, ondo zainduko ditugu. Anima daitezela, beraz, parte hartzera”. Gaztelekuko arduradunek gazteei laguntza handia eskaintzen dietela adierazi dute elkarrizketatuek eta eskerrak eman nahi dizkiete ekimeneko bultzatzaile guztiei, gazteak izanagatik, ekimena aurrera ateratzeko kontuan hartu dituztelako, “asko eskertzen dugu Gabonetako parkean parte hartzeko eman diguten aukera”, azaldu dute.

Txokoak, adinka
2-3 urteko haurrak gune babestuan bereizita egongo dira eta euren begiraleak izango dituzte. Txikienen gunean, gurasoek ere geratzeko aukera izango dute. 4-9 urte arteko haurren gunean, jolasak adinen arabera antolatuko dituzte, 4-6 eta 7-9 urte arteko talde ezberdinak osatuz.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!