Jon Irazu aizkolaria, urte biribila

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko abe. 15a, 16:53

Kirol astearen baitan, hainbat ekintza antolatu du aurten ere Zizurkilgo Udalak; tartean, herriko kirolariei omenaldia. Beste hainbat kirolarirekin batera, abenduaren 16an, Udalaren aipamena jasoko du Jon Irazu aizkolariak. Bere ibilbidearen berri azaldu du zizurkildarrak:

Orain bi urte egin zuen Jon Irazuk aizkorarekin lehen froga, “beti izan nuen barruan har hori. Aizkora betidanik gustatu izan zait eta 40 urterekin probatzea alferrikakoa izango zenez, lehentxeago animatu naiz”, adierazi du. 29 urte ditu Jonek, txiki-txikitatik jarraitu izan du aizkora eta momentuan gustura dagoela aipatu du, “aurten emaitzak atera egin dira eta pozik nago. Urte guztian lanean aritu eta emaitza txarrak izan banituen, animuak era baxutu egingo ziratekeen, baina kasu honetan oso gustura nago”. Dudarik gabe, Jonek baditu pozik egoteko arrazoiak; izan ere urrian jokatutako Euskadiko txapelketan 2. mailan jokatzeko txartela eskuratu baitzuen, “aizkoran bi urte soilik daramatzadala kontuan izanda, oso handia izan da emaitza hori. Bigarren urtean mailaz igotzea oso pozgarria da. Jende asko dago urte askotan saiatu arren, sartu ez dena”. Orain artean Euskadiko bi txapelketa jokatu ditu Jonek (aurtengoa eta iazkoa) eta Gipuzkoako txapelketa, txanda batean. Horrez gain, hainbat aizkora erakustaldi eskaini du han eta hemen.

Saiakera eta esfortzua
Maila hori lortu ahal izateko, dudarik gabe, gogor entrenatzean dago sekretua: “aizkoran aurrera egiteko, ikusten ez den lan handia egin behar da atzetik. Oso erraza dela ematen duen arren, lehen urteak bereziki oso gogorrak dira, ez baituzu teknikarik ezagutzen. Inazio Zubeltzuk eta Bernardo Labakak laguntzen didate ekonomikoki nahiz teknikoki aurrera egiten eta euren laguntza eskertu beharrean nago, izan ere, haien babesik gabe ez baitut uste sekula maila honetara iritsiko nintzatekeenik”, adierazi du. Diru aldetik, aizkora gastu handia eskatzen duen kirola dela azaldu du Jonek, egurra kanpotik ekarri behar dela eta aizkorak ere ez direla merkeak. Saiakera ekonomikoaz gain, denbora aldetik ere ordu asko sakrifikatu behar izaten dela adierazi du, entrenamenduak prestatu eta egiteko: “Fisikoki mendian ibiliz presta zaitezke, baina egurrak mozteko gaia behar izaten da. Bertan ez dagoenez, kanpotik ekarri behar izaten da egurra eta gastua ikaragarria da. Ez dago sinisterik zenbat diru behar den aizkoran aritzeko. Egia esan, bizio guztiak dira garestiak eta hauxe aukeratu dugu guk”, azaldu du irribarretsu. Negua entrenatzeko garairik onena ez dela aitortu duen arren, ondo moldatzen da Jon baserriaren ondoko txabolan, “zortea dut entrenatu ahal izateko. Aitak egindako txabola bat egokitu nuen eta huraxe aprobetxatzen dut babestuta entrenatzeko. Gu bezala baserrian bizi ez den jende askok kanpoan entrenatu behar izaten du euria edo izotza egiten badu ere. Alde horretatik, esfortzua jartzea bakarrik egokitzen zait niri”. Hala ere, aizkoran aritzeko beroa baino hobea da Jonentzat hotza: “izerditan hasten garenean ez gara hotzarekin akordatzen. Gero kontu izan behar ez hozteko, baina hotza beroa baino hobea izaten da aizkoran aritzeko”, azaldu du.

Etorkizunari begira, gogotsu
Aurrera begira, gogotsu begiratzen dio etorkizunari: “aurten behintzat ez dugu etsiko, aurrera begira ere gogor segituko dugu eta hurrengo urtean ere hortxe goian egoten saiatuko gara. Urte batzuk igaro eta gorago iristen ez garela ikusten badugu, agian etsi egingo dugu, baina momentuz oso animatuta gaude”. Egun, aizkora ez da gazte askok egiten duten kirol apusturik ohikoena, laguntza ezak bideratzen du hori horrela izan dadin Jonen ustez: “gazte gehienek futbolera edota pilotara jotzen dute. Egia esan, egun ez da aizkorara dedikatzeko inolako erraztasunik eskaintzen. Ekonomikoki ez dago batere lagunduta ezta ordainduta ere, eta gazte gehienek beste kirol batzuetarako bidea hartzen dute”, amaitu du.

Herritarren omenaldiari begira, pozik
Herritarren aldetik, urtean zehar eginiko lanagatik esker oneko adierazpena jasotzea oso pozgarria da Jon Irazurentzat: “Ez nuen inondik ere halakorik espero eta, dudarik gabe, oso pozgarria da modu horretako gonbidapen bat jasotzea. Herrian antzeko aipamen bat jasotzea oso garrantzitsua da, egiten duzun esfortzu eta lana baloratzen dela erakusten duelako. Lanaren ondoren, eskaintzen dizuten edozein oroigarri txiki edo edozein detaile…, dena hartzen da gustura. Antzeko ikur guztiek norberaren burua animatzeko balio dute”.
Datorren abenduaren 16an, iluntzeko 19:30etatik aurrera, Jon Irazurekin batera, Nerea Amilibia, Aitziber Ibarbia, Iker Karrera, Aitor Castro, Modesta Iraola edota Danena-Olaederra halterofilia taldeko kideek jasoko dute Udaleko kideen eskutik omenaldia Aurrera plazan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!