Ziotza pilota taldearen txapelketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko abe. 15a, 16:49

Hiru urte dira Ziotza pilota taldea sortu zela eta urtetik urtera, indartsuagoa dago. Eskuz binakako txapelketa antolatu dute aurten lehendabiziko aldiz eta igandean jokatuko dira finalak.

Berrogeita sei gazte dabiltza Ziotza pilota taldearen baitan. Guraso talde batek darama taldearen ardura, eta haien artean daude Juan Manuel Erasun eta Arantxa Vaquero. “Urtetik urtera indarra hartuz doa taldea. Zazpi urterekin hasten dira pilotan, aurrebenjamin mailan eta jubenil maila arteko pilotariak ditugu taldean. Tarteko kategoria guztietan ditugu partaideak”, azaldu dute.

Eskualdeko teknifikazio eskola
Aurrebenjaminetatik hasi eta infantilak arteko gazteek, Zizurkilen bertan egiten dituzte entrenamendu saioak: “Kadeteetatik aurrera, berriz, Tolosara joaten dira. Aurrera Saiaz taldearekin akordio bat dugu eta hara joaten dira. Maila horietan beste behar batzuk izaten dituzte; teknikoki gehiago prestatu behar dute eta  hori guztia behar bezala betetzeko, egokiagoa iruditu zitzaigun Tolosara joatea”, azaldu du Juan Manuelek. “Etorkizunera begira, egokia izango litzateke bailara mailan teknifikazio eskola bat sortzea. Herri txikiek ezin diogu horrelako ekimen bati bakarka aurre egin, eta eskualde mailan bultzatu beharko litzatekeela iruditzen zaigu. Epe ertainera eman beharko dira horretarako pausoak”, gaineratu du.  

Neskak ere  bai
Bost neska dabiltza Ziotza taldean: “Aurreko ikasturtean alebinak ziren eta eskuz lehiatzen ziren mutilekin batera. Aurten infantil mailara pasa dira eta paletaz jokatzen hasi dira, Maitane Aburuza begiralearekin. Gipuzkoako Federazioak txapelketa antolatzen du eta urtarriletik aurrera hasiko dira bertan parte hartzen. Oso gustura dabiltza; ondo egokitu dira paletarekin aritzera. Aldaketa gogorregia izan ez zedin, astean behin eskuz aritzen dira eta beste behin paletaz. Urtarriletik aurrera berraztertu egin beharko dugu eskuz jarraitzeak merezi duen edo ez”.
Hamabi urte arteko pilotariak, eskola kirolaren barnean aritzen dira. “Foru Aldundiak kirola sustatzen duen programaren barnean, hamabi urte arteko gazteek ezin dute lehiatu. Parte hartzea sustatu nahi dute, lehia alde batera utzita. Zazpi urte inguruko haurren kasuan lehia da gutxiena, ondo pasatzea da helburua. Adinean gora doazen heinean, lehiaketa ezberdinetan parte hartzen hasten dira. Horixe izaten da, gainera, beraien ilusioa; zuriz jantzi eta partidak jolastea”, azaldu du Erasunek.

Lehen txapelketa
Ziotza taldea ezagutarazteko eta horrelako lanetan esperientzia hartzeko asmotan antolatu dute lehendabiziko txapelketa: “Txapelketa asko gonbidapen bidez antolatzen da eta zuk ez baduzu txapelketarik antolatzen, zaila da beste herrietako taldeetatik gonbidapena jasotzea. Hori kontuan hartuta erabaki genuen txapelketa antolatzea. Giro berezia sortzen dute txapelketek eta gazteek, lehiatu nahi izaten dute. Horregatik animatu ginen pausoa ematera”, azaldu du Arantxa Vaquerok.
Hamasei talde ezberdinetako pilotariak gonbidatu zituzten Zizurkilgo txapelketan parte hartzera, guztira hirurogeita lau bikote. Urrian hasi ziren partidak, eta abenduaren 18an jokatuko dira finalak. “Oso gustura gaude emaitzarekin. Guretzat oso lan berria zen eta ondo atera zaigula esango nuke. Gerturatu diren pilotariak gustura aritu dira. Txapelketa aurreratzen joan den heinean, gainera, pilotarien maila igoz joan da eta partida onak ikusteko aukera izan dugu”, azaldu du Arantxa Vaquerok.

Abenduaren 18an, finalak
Finaleko eguna berezia izango da. Gazteen partidak amaituta, pala partida izango baita ikusgai: “Arozena-Unanue, Navarro-Akandia partida, hain zuzen. Horrez gain, saski berezi bat zozketatuko dugu. Eskolaren aldeko diru bilketa txiki bat egiteko atera genituen tiketak eta igandean egingo da zozketa. Bertako produktuekin osatuko dugu otar ederra”.
Gipuzkoarrak dira txapelketan parte hartu duten bikote gehienak, nahiz eta Nafarroako talderen bat edo beste ere gerturatu den: “Zizurkilgo zazpi bikote izan ditugu txapelketan eta horietako bi iritsi dira finalaurrekoetara”.
Etorkizunari begira jarrita daude zizurkildarrak: “Egunen batean herri arteko txapelketan parte hartzeko aukera ez dugu baztertu nahi. Pilotarekiko zaletasuna pizten dute txapelketa horiek eta gure taldearen helburuen artean dago hori”.

Zizurkilgo I. Txapelketa, eskuz binaka
Finalak
Abenduak 18, 10:00. Intxaur pilotalekua.
Benjaminak: Zubeldia-Uzkudun (Intxurre) /  Garmendia-Larrañaga (Lapke).
Alebinak: Ugartemendia-Elizegi (Ziotza) /  Olazabal-Tolosa (Anistasuna)
Infantilak: Irazustabarrena-Otegi (Intxurre) /Usandizaga-Oiarbide (Gazteleku)
Kadeteak: Chiapuso-Aranguren (Donostia) / Labaka-Erasun (Ziotza)
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!