Gazteak, herri giroa sustatzeko prest

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko abe. 15a, 16:44

Asteasuko gazteek, elkartzeko leku falta sumatzen zuten herrian eta herri giroa suspertu eta ekintzak antolatzeko asmotan, gazteak biltzeko egoitza eskatu diote Udalari.

Joan zen abenduaren 7an, Asteasuko gazte ugari, Udaleko kide nahiz herritar batzuekin bilduta, Santa Krutz ermitaren ondoko egoitza ikusteko bildu zen. Izan ere, aurrez haurreskola eta lehenago gaztetxe izandako Elizmendiko egoitza hori eskaini baitiete Udaleko kideek gazteei, euren eskaera aintzat hartuta. Joan zen astean hogei gazte inguru elkartu zen Elizmendiko iluntzeko hitzorduan eta haien artetik, Olatz eta Iñigo Korres anai-arrebek, Egoitz Aranburuk eta Estepan Aldamizetxebarriak hartu zuten hitza, euren egoeraren zein asmoen berri Aiurriko irakurleoi azaltzeko. “Herriko gazteak elkartzeko leku falta nabaritzen dugu eta, era berean, herri mugimendua sortzeko gogoz gaude, oso hilik sumatzen baitugu Asteasu. Ondorioz, herriko hiru koadrilatako kideak elkartu ondoren, Udaleko kideei gazteak biltzeko lekua eskatzea erabaki genuen”, jakinarazi zuten. Eskaera egin ondorenean, denbora askorik itxaron beharrik gabe jaso dute erantzuna Udaleko kideen eskutik eta behin Santa Krutz ermitaren ondoko egoitza ikusita, eskaini dieten lekua egokia iruditu zaiela aitortu zuten, “uste baino leku handiagoa da eta oso egokia da gure asmoak betetzeko. Egia esan, Udalak horrelako pausoa ematea garrantzitsua iruditzen zaigu, ez genuen hain azkar emango zuenik espero”. Egoitzarekin gustura, baina bereziki apainketa aldetik, aldaketa batzuk beharko dituela gaineratu zuten: “haurreskolako ukitua kendu eta gazteena eman beharko diogu, baina gure artean gustura egingo dugu lan hori. Udalak nahikoa egin du egoitza uztearekin eta guri dagokigu orain erantzutea. Elkarlanean egokituko dugu txoko berria, gogoa dagoenean gustura egiten baitira antzeko lanak”, adierazi zuten pozik, gogo faltarik ez zutela agerian utziz.

Herri giroa piztea helburu
Argi dute herriko gazteak biltzeko lekua edukitzea garrantzitsua dela: “Asteasuko gazteok ez dugu non bildurik. Herriko koadrila bat Kale Nagusiko lokal batean elkartzen da, baina gainerakook, ez dugu txokorik eta herrian bueltaka ibiltzen gara. Asteburuetan arratsaldez Asteasun elkartzen bagara ere, gero kanpora joaten gara parranda egitera, herrian ez baitago ez girorik, ez non bildurik ere”. Gazteentzako egoitza eskuratuta, euren artean elkartzeko lekua izateaz gain, herriko giroa suspertzeko ekimenak antolatzea da euren nahi eta asmo nagusia, “herri giroa pizteko ekintzak antolatzea beharrezkoa iruditzen zaigu. Gure nahien artean legoke gazte eguna, bertso afariak, kontzertuak edota dagoeneko antolatzen hasiak garen frontenis txapelketa martxan jartzea. Gazteok ekimenak antolatzeko gogoa badugula erakutsi nahi diegu herritarrei eta gure aldetik esfortzu hori egiteko prest gaudela”. Bide batez, herritar helduagoei gazteekin konfiantza izateko eskatu zieten, gogoz daudela eta herriaren alde egitera doazela jakinaraziz.

Gazte sentitzen diren guztiei deia
Une honetan, 16 urtetik 23 urtera bitarteko hiru koadrilatako 30 gazte inguru ari dira aipatu helburuen inguruan biltzen, baina epe laburrean taldera gazte gehiago erakartzea lortu nahiko lukete, “gazte sentitzen diren guztiak gugana gerturatzea gustatuko litzaiguke”, adierazi zuten. Asteasun, gazteei zuzendutako dinamika sortzea garrantzitsua da elkarrizketatuen ustez, gainerakoan “herritik oso aparte bizi baikara. Herriko festetan ere guri zuzendutako ekintzarik ez da antolatzen. Egia da orain arte guk ere ez dugula gehiegi parte hartu festen antolakuntzan, baina aurrerantzean funtzionatzeko modu hori aldatzea ere nahiko genuke”. Egoitza berrian lehenbailehen martxan hasteko irrikatan daude, Udalari euren proposamenak zehaztu eta guztien artean adostasuna lortu bezain pronto.

Herrian bilgunea izatearen garrantzia
Julen Larruskain eta Ramon Aiertza Udaleko zinegotziek gazteei egoitza ematea beharrezkoa dela aipatu zuten egoitza erakutsi ondorenean, “gazteek herrian bertan biltzeko gunea izatea beharrezkoa da, bestela herritik kanpora joaten baitira. Lokala ez dute biltzeko bakarrik erabiliko, ekintza ezberdinak antolatzeko bidea ere izango da” adierazi zuten. Era berean, koadrila ezberdinetako gazteak elkartzeko tokia izatea ere garrantzitsutzat jo zuten bi zinegotziek.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!