Lanean ari da herritarrez osatutako kultur taldea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko abe. 15a, 16:42

Azken hilabeteotan, Asteasuko hainbat herritar kultur taldea sortzeko biltzen ari da. Dagoeneko lau bilera egin dituzte eta lehen emaitzak kaleratzen ari dira dagoeneko.

Herri giroa bultzatzea ezinbesteko ikusten dute kultur taldea osatzeko lehen bileretan elkartu diren asteasuarrek. Udaletik ateratako ideia izanagatik, kultur taldea udaletxetik kanpo sortu nahi da, herritarren iritziak bildu eta haien parte hartzea bultzatzeko. Beste hogeita bost lagunekin batera, bilera horietan parte hartu dute Julen Larruskain, Ramon Aiertza, Mikel Maiz edota Mikel Alkorta asteasuarrek. Laurak bat etorri dira, “Asteasun kultur giroa sortu beharra dago ekintzak antolatuz. Herritarrak ekimenetan parte hartzera eta denona izango den plaza sortzea gustatuko litzaiguke”, esaterakoan. Euren ustez, ekimenak antolatzen badira ere, herritarrei kosta egiten zaie haietan parte hartzea eta partaidetza hori bultzatze aldera egingo dute lan, hilean bi ekintza antolatuz. Aipatu lehen bilerek izan duten erantzun onak erakusten du hizlarien ustez herritarrek herri giroa eta parte hartzea indartzeko beharra ikusten dutela. “Orain arteko bileretara jende asko gerturatu da, adin guztietakoa gainera. Agerikoa da Asteasun giroa pizteko herritarrek duten nahia. Taldearen lana borobildu eta funtzionatzeko modu egokia topatzean dago giltza. Baina hasitako bidea jarraitzea garrantzitsua da, dudarik gabe, fruituak emango baititu”, azaldu dute. Bileretan herritarren inplikazioa nabari dutela aipatu du laukoteak eta Asteasu, beste herri txiki asko bezala, urte luzetan politikaren ondorioz zatituta egon dela, “hainbat urte politikoki nahiko tentsoak izan diren arren, bada egoera hori gainditzeko garaia. Aurreko zatiketa hori gainditu eta pentsaera guztietako herritarrak batzea litzateke taldearen nahia”. Bi astez behin, ostegunetan elkartzen dira udaletxean iluntzeko 20:00etan. Interesa duen guztiari zuzenduta, ateak zabalik egoten direla adierazi dute. Hurrengo hitzordua abenduaren 30ean izango da.

Morauren emanaldia eta jostailuen truke azoka
Datozen egunei begira, bi ekintza antolatu ditu Asteasuko kultur taldeak. Batetik, abenduaren 16an, Andoni Tolosa 'Morau'k, Euskal kantantagintza berriaren historia laburra, 1961-1990 saioa eskainiko du Iturriondo jatetxean, 20:30etan hasita. Sarrera doakoa izango da eta gerturatzen denak, bideoez, argazkiez nahiz 'Morau'ren gitarra eta kantuez gozatzeko aukera izango du. Jarraian afari-tertulia izango da, nahi duenarentzat. Biharamunean, abenduaren 17an, Jostailuen I. Truke azoka izango da Asteasuko plazan. Jostailuak 11:30etatik 12:00etara ekarri ahal izango dira eta 12:30etatik 13:00etara trukatu. Arauen artean, ekartzen diren jostailuek egoera onean egon beharko dutela eta bakoitzak jostailu bakarra hartu ahal izango duela adierazi dute antolatzaileek.
Bestelako ideien artean, urtarrilera begira krosa antolatzeko asmotan azaldu da Asteasuko kultur taldea.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!