“On egin!”, modako estiloa Andoainen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko abe. 15a, 14:02

Kirol-jertseak izugarrizko arrakasta lortzen ari dira kilometroak dendan, haur eta gazteen artean batik bat. Emakumeen sailean, soinekoak harrera ona edukitzen ari dira.

Azaroaren 18an Allurralden egin zuten moda desfileak “On egin!” esaldia eta logoa daramaten jantziak erosteko sugarra piztu zuen. Jantzita nahiz arropa-poltsatan, nonahi ikus daiteke Andoainen Kilometroak 2012ko jaiaren logoa. Denda Santa Krutz elizaren parean dago, Kale Nagusian. Dendak astelehetik larunbatera irekitzen ditu ateak, goizez eta arratsaldez, honako ordutegiarekin: 10:00-13:00 eta 17:00-20:00. Eguberrietako egun seinalatuetan, abenduaren 24an eta 31n, denda zabalik izango da.

Denda borondatezko lana egiten ari diren saltzaileek kudeatzen dute. Horietako bat Sara Garcia da. Dendak bere irekieratik jaso duen harrera ona izan dela dio: “Denda gainezka zegoen aurkezpen ekitaldiaren osteko lehenbiziko egunetan. Jendea irrikitan zegoela zirudien”. Kilometroak jaiaren arroparekiko sukarra zertxobait baretu da, baina ez gehiegi, “jende ugari agertzen da egunez egun, arratsaldeetan batez ere. Eguberrietan opariren bat egin beharrak zerikusia izango du ziurrenik”.

Haur eta gazteen kirol arropa saldu da gehien, orain arte. Harrera ona izan du emakumezkoen arropak ere: txaketak, txalekoak, fularrak…

Oinetakoak eta barneko arropa kenduta, edonoren gustua asetzeko moduko eskaintza dago dendan: jantzi polarrak, haize-babesak, galtzak, soinekoak, txanoak, fularrak, gerrikoak, aterkiak, kirol jertseak, txalekoak...

Konjuntuak erosteko aukera ere badagoela gogoratu du Garciak:  “esate baterako, haurrentzat txanoak, bufandak eta esku-larruek osatutakoa jarri da, eta dena 10 euroren truke”.

Une honetan neguari eta udaberriari begirako jantziak dira nagusi. Arin eta freskoagoak ere aurki daitezke, hala ere; mahuka motzeko kamisetak, esate baterako.
Ekoizpen mugatukoak

Hainbat jantzi saldu ahala apaletan jartzen dira berriro. Beste zenbait kasutan, baina, ez da horrela gertatzen ari; ekoizpen mugatukoen kasua da hori. Sara Garciak dioenez, “modeloak aldatzen ari dira zenbait asteren buruan; jantzi berriak ekartzen dira, diseinua, serigrafia eta logoarekin aldaketak egin eta gero”. Arduradunek irudimena lantzearen aldeko apustua egin nahi izan dute, eta bide batez, herritar ugari modu berean jantzita ibiltzea saihestu nahi dute.

Kolore biziak haurrek, diskrezioa helduek
Bada aldea haurrak eta helduak aukeratzen ari diren jantzien artean. Haurrek kolore deigarria eta logoa nabarmen duten arropetara jotzen duten bezala, helduek nahiago dute diskrezioa; azken horien artean “On egin!” leloa daramaten etiketa txikia baino ez duten makina bat jantzi topa daiteke. Eguberrietako opariak egiteko aproposa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!