Ospakizun bereziak Fraisoroko egoitzan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko abe. 15a, 13:57

Adinekoen egoitza ezberdinetan ospakizun ugari antolatzen da eguberrien inguruan. Otordu goxoak, bingo saioak, hainbat talderen bisitaldia..., fraisoron egitarau oparoa egokitu dute.

Jaione Artieda Matia Fundazioko gizarte langilea da eta egunotan, Fraisoroko Eguberrietako egitarau berezia prestatzeko lanetan murgilduta dabil, buru-belarri: “Urte osoan zehar hainbat ekitaldi egiten dugu; San Sebastian eguna, Iñauteriak, Zizurkilgo jaiak... Horri lotuta, Eguberrietan ere ekintza bereziak antolatu nahi izaten ditugu. Egitarau zabala prestatzen dugu egun horietarako, bertan bizi direnek eta bai euren familiartekoek ere parte hartzeko aukera izan dezaten”, azaldu du Jaionek.
Oso egun bereziak dira Eguberrietakoak, “Fraisoro bizitoki duen zenbait pertsona triste egoten da egun horietan. Familiartean ospatzen diren jaiak dira eta euren burua egoitzan ikustean, triste jartzen dira. Askotan, gertuko norbaiten falta ere sumatzen dute eta oroitzapenez betetzen dira. Horregatik saiatzen gara egitarau zabala osatzen, egunak ekitaldiz bete eta poz pixka bat emateko. Mundutik isolatuta senti ez daitezen, goxotasun giroa sortu nahi izaten dugu”.

Talde ezberdinen bisita
Bertakoek, eskualdeko talde ezberdinen bisita eskertzen dute bereziki: “Alkizako herri eskolako eta Zizurkilgo Jesusen Bihotza ikastolako haurrak urtero etortzen dira Eguberrietako abestiak eskaintzera. Amasa-Villabonako Malkar aisialdi taldeko kideen bisita ere, urtero izaten dugu. Abenduaren 24an etortzen dira beti, hutsik egin gabe. Horrez gain, Aiztondoko Kantujirako kideen eta Zizurkilgo dantza taldearen emanaldiak ere izango ditugu. Aurten, gainera, bertso eskola bateko ikasleen saioa izatea ere espero dugu. Egoiliarrek oso pozik hartzen dituzte bisita horiek. Asko gozatzen dute eskaintzen dituzten emanaldiekin. Gainera, amaieran askaritxoa eskaintzen zaie bisitariei eta gustura egoten dira haiek nola jaten duten ikusten”.
Hamazazpi eguneko egitaraua
Santomas egunaren bezperan hasiko dituzte ospakizunak Fraisoron eta Errege egunean emango zaie amaiera, oparitxo eta guzti. Aurrez, ordea, egoitza apaintzeko lanetan buru-belarri ari dira egoiliarrak: “Eguberrietako zuhaitza jartzen da eta jaiotza ere bai. Giro berezia sortzen dute apaingarriek egoitzan. Horrez gain, egoiliarren familiartekoei eta hainbat talde eta erakunderi bidaltzeko postal bereziak ere lantzen dituzte egoiliarrek. Eskulanetako tailerrean egiten dituzte postal horiek. Aurten, zakutxo txiki batzuk josi dituzte eta barnean, prestatutako egitaraua bidaliko dugu, gonbidapen gisa”.

Otorduak ere, berezi
Otordu bereziak ere izaten dituzte Fraisoroko egoiliarrek Eguberrietako egunetan. “Hala nahi dutenek, etxekoak ekar ditzakete bazkaltzera. Ez da hori aukerarik zabalduena, baina noiz edo noiz, familiaren bat edo beste etorri izan zaigu egoiliarrekin batera otordua egitera. Gabon afaria, Eguberri bazkaria, Urtezaharreko afaria, Urteberriko bazkaria eta Errege eguneko bazkaria bereziak izaten dira. Hala ere, egun horietan etxekoekin bazkaltzera joateko aukera dute egoiliarrek”.
Eguberrietatik kanpora, urte osoko ekintzak ere izaten dituzte Fraisoron: “Astelehen eta asteazkenetan errosarioa eta bingoa izaten dituzte eta ostiraletan meza. Parrokiko bolondresak etortzen dira urte osoan zehar ekintza horiek martxan jartzera. Egunotan berezixeago egiten dituzte; bingoa opariekin, meza berezia...,”.
Urte osoko ekintzen artean sartzen da, baita ere, gozogintza ikastaroa. Hala azaldu du Jaionek: “Gure begiraleekin batera aritzen dira gozo ezberdinak lantzen. Eguberrietan, berriz, garaiko gozoak egiteko aprobetxatzen dute. Aurten, mazapanak egiten ikasiko dute. Taloak egiten ikasteko saioa ere izango dute, urtarrilaren 4an”.

Tolosara irteera
Irteera bat ere antolatzen dute Matia Fundazioko kideek Fraisoroko egoiliarrentzat. “Normalean Donostiako jaiotza ikustera joaten ginen, baina ez ginen oso ondo moldatzen. Aparkatzeko toki gutxi egoten da eta jaiotza dagoen guneraino iristea ez zen erraza. Horregatik, Tolosako jaiotza ikustera joango gara aurten”, azaldu du Jaionek.
Laurogeita zortzi lagun bizi da Fraisoron eta beste hemezortzi eguneko zentruan: “Eguberrietako ekitaldiak guztiei zuzendutakoak dira eta familiartekoek ere hurbiltzeko aukera izaten dute. Toka eta bolo txapelketa, txistor jatea, argazki emanaldia, filma..., egunero izango dute ekitaldi bereziren bat”, azaldu du Jaionek.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!