Jose Mari Olazabalen Bidea sariketa
Caritas-eko ordezkariek azaldu dutenez, “Jose Mari Olazabalen Bidea” izeneko saria “ibilbide oso batez edo eta urtean zehar izaera ezberdinetako elkarteetan, eta era altruista batean, Andoainen gizarte eta elkartasun ekintza burutu duen pertsona edo elkarte bati emateko jaio da”. Iñaki Arregi Moraza (Andoain, 1927) herrikideak jasoko du aurten sari hori. Ezaguna da, ezaguna denez, Arregik Andoainen, urtetan, hainbat elkarte eta gizarte zerbitzuetan egin duen lana, eta horixe aitortu nahi diote jendaurreko ekitaldi baten bidez.
ABENDUAREN 23AN BASTERON
Ekitaldi berean, sariari izena eman dion Joxe Mari Olazabal beraren ibilbidea ere aitortzeko asmoa dutela azaldu dute Caritasko ordezkariek. Ekitaldia, abenduaren 23an, ostegunarekin, arratsaldeko 18:30etan izango da Bastero Kultugunean. Ekitaldirako gonbidapenak Caritasek Zumea kalean duen egoitzan eskura daitezkeela jakinarazi dute antolatzaileek.
EGUBERRIETAKO KANPAINA
Bestalde, Caritasek abian du jada Eguberrietako kanpaina. Batetik, herriko elizetan diru bilketa egingo du abenduaren 17 eta 18an. Bestetik, behar gehien duten familiei elikagaiak eta jostailuak banatuko zaizkie, aginaldo baten modura. Jada hasiak dira generoa biltzen, ikastetxe eta herritarren elkartasunari esker bildu ere. Alde horretatik, aipatzekoa ere bada Salkin herriko merkatarien elkartea parte hartzen ari dela kanpainan, herritarrei jostailuak dendetan uzteko aukera emanez.