Udal gobernuak deituta, presoen aldeko bilkura ostiral eguerdian Goikoplazan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko abe. 15a, 10:28

Ostiral honetan, 12:00etan, presoen eskubideen aldeko kontzentrazioa deitu du udaletxearen parean.

PRENTSA OHARRA:

"Euskal Preso Politiko guztiak Euskal Herrira ekartzeko, gaixotasun larriak dituztenak askatzeko eta zigorra beteta dutenak libre uzteko kontzentraziora deitu du udal gobernuak ostiralerako udaletxe parean. Hitzordua 12:00etan da.
 
Herritarrei eta eragileei deialdi zabal eta anitza luzatu die Bilduk eta ezberdintasun politiko guztien gainetik giza eskubideen alde urratsa eman dezaten. Udaleko langile batzordea osatzen duten LABek eta ELAk bat egin dute deialdiarekin. Aralar alderdiak ere atxikimendua azaldu du.
 
Euskal gizarteak urte asko daramatza, preso politikoen eskubideen bermeak eskatzen. Urteak, presoen aurkako neurriek senideengan dituzten ondorio larriak salatzen. Urteak, estatu espainiar zein frantsesari, beren legea betetzeko eskatzen. Horregatik, orain, berriro ere, presoen giza eskubideen aldeko ekimen gehiago hartu dira: honela, astelehenean sindikatuek baraualdia egin zuten eta datorren urtarrilaren 7an amaituko da alderdi politikoek Bilbon deitu duten manifestazioarekin, inoiz ezagutu den manifestazio handiena izateko asmoarekin antolatu dena.
 
Bestetik, Andoaingo Bilduko hautetsiek, gainerako Euskal Herri osokoekin batera, ostiralean, egun osoan zehar, egingo dute baraualdia".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!