Auzolana eta Denbora Bankua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko abe. 15a, 10:19

Abenduaren 1ean, Auzolana ekimenaren nahiz Aiztondoko Denbora Bankuaren aurkezpena egin ziren Zizurkilgo Iriarte etxean, Aiztondo Mankomunitateak antolatuta.

Auzolan ekimenaren baitan, Jasone Mitxeltorenak idatzi eta Txalaparta argitaletxeak argitaratutako 'Auzolanaren kultura' liburua aurkeztu zuen egileak berak Zizurkil Goian. Auzolana, iraganaren ondare, orainaren lanabes eta etorkizunaren giltza moduan definitzen du egileak liburuan. Aurkezpenean azaldu zuen moduan, “denok ezagutu dugu inguruan auzolana, baina egun ez dago gure artean txertatuegia”. Esaterako, liburua osatzerakoan bibliografia bila hasitakoan, auzolanaren inguruko libururik topatu ez zutela adierazi zuen. Lanaren egilearen esanetan, “auzolanak gure artean 1960 urtetik hona egin du gainbehera herritarren betebehar gisa”, baina Nafarroako hainbat herritan bereziki, berriz ere funtzionatzeko modu hori loratzen ari da eta etorkizunera begira antolatzeko modu egokitzat jo zuen. Antzina, kasu batzuetan, senideen arteko harremana baino garrantzitsuagoa zen auzoen artekoa eta elkarren artean erantzuten zien sortzen ziren beharrei, ondasunak ere kolektiboak zirelarik.

Auzolan ekimena
Joan zen udan Usurbilen abian jarritako Auzolan topaketen harira, ekimen horren berri zabaldu zuen segidan Gurutzek. “Topaketa haietan baserri eta auzolanarekin lotutako ereduak gaur egunera ekartzea planteatu zen; egungo arazoei aurre egin ahal izateko, gure aiton-amonen ereduak nola erabili, hain zuzen”. Lehengo eredu haiekin egungoak nola landu aztertzen ari dira egun ekimeneko kideak eta horretarako hainbat lan talde osatu dituzte: elikadura, etxebizitza, argindarra, hezkuntza, euskara, kultura, osasuna, hondakinak, ekonomia… Auzolan ekimeneko kideen asmoa, “egiten ari garenaren berri eman eta elkarren berri jakitea da. Bakoitzak bere interesen arabera, nahi duen lan taldean har dezake parte”. www.auzolan.info gunetik, gizarte sarera jo daiteke eta hala nahi duenak, bertan aurkituko du lan talde bakoitzaren berri. Sarearen bidez 80 erabiltzailek hartzen du parte ekimenean.

Aiztondoko Denbora Bankua
Orain bi urte inguru sortu zen Aiztondoko Denbora Bankua. Aduna, Larraul eta Alkizako hainbat herritarrek hartzen dute parte bertan eta ekimenaren funtsa, dirurik erabili gabe, zerbitzu ezberdinak eskaini eta jasotzea da: azken finean, truke sistema bat. Ekimeneko kide Beatriz Eguzkizak adierazi zuenez, edonork har dezake parte modu irekian, “gure aiton-amonak lasaiago bizi ziren eta eguneroko lan txikiak egiteko denbora izaten zuten. Egungo bizimodu azkarrarekin, ordea, gauza txikiak egiteko ohitura galdu egin dugu. Gaurko familiak txikiagoak gara eta hainbat gauza egiteko (loreak ureztatu edota itzulpenak egin, esaterako) fabore bat eskatu edo ordaindu beharrean, Denboraren Bankura jotzea beste aukera bat da”. Diruarekin beharrean, bakoitzaren denborarekin ordaintzen da zerbitzua: norberak ahal duena eskaintzen du eta behar duena eskatzen. Krisi garaian batez ere, Aiztondokoaren antzeko gero eta talde gehiago sortzen ari da Euskal Herri, Espainia nahiz Europa mailan. “Taldean izena ematerakoan, bakoitzak zer eskainiko eta zer jasoko lukeen adieraziz fitxa-orria betetzen da. Zenbat eta jende gehiagok izena eman, orduan eta dinamikoagoa litzateke ekimena; zerbitzuen zerrenda luzeagoa bailitzateke. Orain artean Aduna, Larraul eta Alkizara mugatu bagara ere, gure helburua ekimena jende gehiagorengana zabaltzea da. Eskualdeko herritarrak animatu nahi ditugu, beraz, Denboraren Bankuko partaide egin daitezen”, azaldu zuen Eider Ezeiza adunar taldekideak. Ezezagunen artean faboreak egiteaz gain, inguruko jendearen arteko harremanak bultzatzeko ekimen polita da. Baita norbera uste baino gauza gehiago egiteko gauza dela jabetzeko ere.

Argazki gehiago: aiurri.com

Izena emateko: 943693930
aiztondokodenborabankua@gmail.com
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!