Gipuzkoako Foru Aldundiak protokolo berezia aktibatu du haize gogorrak eragin dezakeen larrialdi egoerari aurre egiteko

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko abe. 14a, 18:15

Gipuzkoako Foru Aldundiak protokolo berezia aktibatu du gaur haize gogorrak eragin ditzakeen larrialdi egoerei aurre egiteko.

Gipuzkoako Larrialdietako Foru Planaren baitako Krisi Mahaia aktibatu du:

“Protokolo berezi hau prebentzio moduan aktibatu da larrialdiei aurre egiteko eta Meteorologia zuzendaritzak alerta laranja maila ezarri duelako Gipuzkoan.

Plan honen helburua Foru Aldundiaren baliabide materialak eta giza baliabideak koordinatzea da Gipuzkoan haize gogorrak eragindako arazoei aurre egiteko alerta nahiz larrialdi fasean, eta baita herritarren eta ondasunen artean egoera horiek sor ditzaketen eraginak ahal den neurrian gutxitzea.

Protokolo berezi honek, indarrean dagoen Gipuzkoako Larrialdietako Foru Plana garatzen du, eta Aldundiko Lehendakaritzako eta Foru Administrazioko departamentuaren proposamenez, Diputazioko departamentu eta zerbitzu guztiak eta zehaztutako jarduketak dituzten beste foru egitura batzuk inplikatu eta konprometitzen ditu haize arriskuak eragindako alerta edo larrialdi egoera baten aurrean parte hartzera.

Krisi mahaiaren funtzioen artean honokoak daude:

  • Plana aktibatzea eta desaktibatzea, planak izan ditzakeen fase desberdinetan.
  • Plan honetako jarduketak gauzatzea, garatzea eta koordinatzea.  
  • Plan honen eta goragoko edo beheragoko mailetako planen uztarketa eta komunikazioa bermatzea.
  • Gipuzkoako Lurralde Historikoan haizeak eragindako larrialdi egoerari buruzko informazioa ematea.
  • Erantzuna ematea sortzen diren egoera berriei.

 
Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak haize arriskuagatik Euskadiko Babes Zibileko Plana abian jartzen badu, Foru Aldundiaren Krisi Mahaiak bere eginkizun eta erantzukizunak utziko ditu aktibatutako goreneko mailako planak dituen antzeko organo baliokideen esku; hala ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren bitartekoak eta baliabideak zuzentzeko eta koordinatzeko ezinbestekoa den gutxieneko funtzionamendu egitura mantenduko du Jarraipen Mahaiaren bitartez".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!