Egin Dezagun Bidea Argazki rallya, igandean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko abe. 13a, 17:28

Datorren abenduaren 18an, igandearekin, Egin Dezagun Bidea Argazki rallya antolatu dute izen bereko ekimeneko kideek. Argazki rallyaren berezitasuna, epaimahaia Amasa-Villabonako hainbat presok osatuko dutela da. Segidan, antolatzaileek rallyrako prestatutako arauak irakur daitezke:

1.- Parte hartzaileak: Nahi duten zale guztiek hartu ahal izango dute parte.

2.- Modalitatea: Digitalean parte hartu ahal izango da.

3.- Izen-ematea: Herriko plazan, udaletxe alboan 2011ko abenduaren 18an, goizeko 10:00etatik 10:45etara. Parte hartzea doakoa izango da.

4.- Lanak: Digitalean nahi diren argazki kopurua aurkeztu ahal izango da.

5.- Gaia: Erakutsi Villabona herriminez denari. Azalpen gehiago izena ematean.

6.- Argazki digitalak kargatzea: Plazan egingo da 11:00tatik 13:00ak bitartean.

7.- Argazkiak aurkeztea: Hiru argazki aurkeztu beharko dira abenduaren 28a baino lehen, Udal bulegoan entregatuz, moldaketarik ez da onartzen argazkietan. Argazkiak 20X30 tamainan kartulina beltzari (30X40) itsatsita eta izenburuarekin aurkeztu beharko dira. Horrez gain ondorengo datuak dituen kartazal bat eraman beharko da: kartazalaren kanpoaldean aurkezturiko  hiru argazkien izenburua eta barnean autorearen datuak: izena, abizena, telefonoa eta helbide elektronikoa.

8.- Epaimahaia: Peio Zelarain, Eneko Galarraga, Manex Castro, Carlos Besance eta Lander Etxeberria euskal preso politikoak izango dira. Horrez gain, ikuslearen saria ere egongo da.

9.- Proiektatzea eta sariak banatzea: Erakusketa publikoa egingo da 2012ko martxoaren 19tik 25era, Aljibean. Martxoaren 25ean eguerdiko 12:00etan Aljibean izango da sari-banaketa, lehiaketaren irabazleek edo haien ordezkariek bertan egon beharko dute, sariak jasotzeko. Bi sari banatuko dira, epaimahaiaren eta erakusketara hurbildutako herritarrena.

10.- Lanak itzultzea: Saritutako lanak antolakuntzaren esku geratuko dira, eta horrek eskubide osoa izango du argazkia helburu kulturalekin erabiltzeko, inoiz ez helburu komertzialekin edo dirua irabazteko helburuarekin. Gainerako lanak, berriz, eskuragarri izango dituzte euren jabeek.

11.- Oharrak: Egile bakar batek ere ezingo ditu sari bat baino gehiago jaso. Rally honetan izena emateak eta parte hartzeak araudi hori guztia onartzen dela adierazten du, eta hemen aurreikusi gabeko ezer gertatuz gero, rallya antolatzen duen batzordeak erabakiko du zer egin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!