Eskualdean aukera
Gabonak amaitu bitartean izango da standa ezagutu eta hala nahi duenak bertan erosketaren bat egiteko aukera. Gipuzkoa zehar, batetik bestera ibiliko dira datozen egunetan. Beterri-Aiztondo eskualde mailan, asteartetan Villabonako azokan izango dira. Besteak beste, Zizurkilen, Adunan eta Larraulen ere eskainiko dituzte euren produktuak.
Villabonako azokan
Dagoeneko txoko bat baino gehiagotan jarri dute euskal produktuekin osatutako standa: Tolosa, Urretxu, Alegia, Hernani, Urnieta, Villabona..., eta ekimeneko partaideak gustura ageri dira orain artean izandako erantzunarekin. Villabonako azokan Abdulah, Larbi eta Maite ekimeneko kideekin hitz egin zuen Aiurri aldizkariak eta azaldu zutenez, "Katxiporretako produktuak dira estimu gehien dutenak; Pupu eta Lore panpinak, bereziki". Abdulah eta Larbi gogotsu azaldu ziren euskaraz ikasi eta euskal kultura eurenganatzeko taldean egiten duten saiakerarekin, baita standa jartzeko aukerarekin ere: "saltzen ditugun produktuak egiten dituzten lekuak gertutik ezagutzeko aukera izan dugu. Katxiporretaren azken CDan Banaiz Bagarari zuzendutako kantu bat argitaratu da. Pirritx eta Porrotx pailazoek laguntza handia eskaini digute". Duela zazpi bat hilabete etorri ziren Marokotik Abdulah eta Larbi. Villabonan bizi da Abdulah, Tolosan Larbi. Euren iritziz, "Euskal Herrian bizi ahal izateko beharrekoa da euskaraz hitz egiten ikastea eta ahalegin horretan ari gara Banaiz Bagara elkartearen baitan". Bakoitzak bere kultura izanagatik, denak berdinak garela adierazi zuen Abdulah-k, "kultura edota azalaren kolorea ezberdina izanagatik, ez gara oso ezberdinak: denok lan egin behar dugu aurrera egin ahal izateko".