Amaia Agirre billabonatarrari egokitu zitzaion lehenengo lekuan taularatzea. Bere atzetik, Jon Martin, Jokin Uranga, Iñigo Manzisidor ‘Mantxi', Iñaki Apalategi eta Ainhoa Agirreazaldegi kaleratu ziren, banan-banan. Behin oholtzara etorrita, lehen agurra abestu eta lan puntuagarriari eman zioten hasiera. Aurreneko ariketa, Jon Zalduak jarritako hiru punturi erantzutea izan zen. Hauxe Amaia Agirrek hirugarren puntuari emanikoa: Zein da zuk ospatu nahi / zenuken eguna: Eguna eta berdin / gure etorkizuna / aspaldian geroa / ez dago iluna / baina ospatu nahi det / guk kantatzen duguna.
Zortziko handian, bikain
Zortziko handian Jon Martinekin abestea egokitu zitzaion Amaia Agirreri eta bikain aritu ziren biak ala biak. Egunean ordu asko eskaintzen zioten negozioa zuten Amaiak eta Jonek, baina uholdeek dena hondatu egin zien. Hauxe Amaiaren lehen bertsoa: Arropa denda bat dugu biok / ta Xarmant dauka izena / zenbat izerdi isuri degun / azken urtetan barrena / ta uholdeek dena eraman / suntsitu berri duena / ur handietan sartu ginen ta / urak eraman du dena. Denda berriz martxan jarri behar zutela esan zion Jonek bigarren bertsoan, arropak eta ilusioak / tenderetean jarrita. Amaiaren erantzuna: Poesia da irtenbidea / nonbait zure arabera / baina Jon maite ikus ezazu / dena joan da gainbehera / etorkizuna ilun dakusat / erdi biluzik gainera / hobe hipoteka eraman balu / jantzi denekin batera. Txalo zaparrada jaso zuten ariketaren bukaeran, bertaratutakoen eskutik.
Puntuka ahulen
Zortziko txikian, puntutan aritu zen Amaia ahulen, Ainhoa Agirreazaldegirekin batera. Bitxi-denda batera lapurretara joan eta polizi-etxean atxilotuta bukatu zuten biek. Puntu onik izan bazuten ere, ez zuten guztiz gozatu.
Hurrengo ariketan, seiko puntuko motzean Iñigo Manzisidor ‘Mantxi'rekin batera, ale ederrak utzi zituzten. Semearengandik tratu txarrak jasotzen zituzten gurasoak ziren biak. Amaiak semea salatu egin nahi zuen, Manzisidorrek ez. ‘Mantxi'k semea salatzea gehiegi zela esan zion lehen bertsoan, egiten zuena egiten zuela ere, euren ardura zela. Amaiaren erantzuna: Diziplina degu hitza / baina berak hartzen du jai / gure ardura da baina enago / heriotzaren zai / nola egongo naiz lasai / kolpatzen bagaitu noiznahi / nik Aitor maite det baina / nere bizitza ere bai. Hurrengo bertsoan, igual haiengandik ikasi zuela zer zen amorrua aurpegiratu zion ‘Mantxi'k. Amaiak: Amorrua barrenean / dauka zure esanean / baina halakorik ezta maitea / nere mingainean / hobetzeko ahaleginean / urruntzea hobe finean / ta berriz gukin hartuko degu / sendatzen denean.
Kartzelakoan, bakarka
Lan orekatu eta txukuna egin zuen saio guztian zehar Amaia Agirrek eta kartzelako lanean ere dotore aritu zen billabonatarra. Hauexek azken ariketan osatu zituen bertso hunkigarriak. Gaia: Urte askoan aurreztutako diru guztia banketxetik ateratzera zoaz.
Sei urteko ume baten
ama bat ni, parez pare
etxeko egoera da
aspaldian nobedade
leuzemia du alabak
eta aurkitzen da grabe
batzutan aldarte onez
baina besteetan bare (bis)
bankura urreratu naiz
batere lotsarik gabe
aurrezki denak atera
ta egin xoxaren jabe
nahiz txakur txiki guztiek
kontutikan egin alde
zerbait haundia egin nahi det
gure txikiaren alde.
Globulo gorri zuriak
omen dituzu aldrebes
ta ilea galtzen joan
behar omen dezu zeurez
baina animo alaba
segi zazu irribarrez
ospital on bateako
joango baigera errez (bis)
oroitu zazu ze indar
ze bizi gogo zen aurrez
alperrik ariko gera
etsita ta negarrez
diru dena atera det
nere barruko indarrez
diru dena galduko det
baina zure bizitza ez.
Washingtongo eritetxe
baterantza tirri-tarra
eman degu pausoa ta
soberan degu indarra
nahiz ta oztopoak izan
guk bidean barra-barra
zurekin amestu nahi det
oraina eta biharra (bis)
alaba zu zealako
jomuga eta iparra
diruz lagundu nahi nuke
nik ahal dedan ondarra
aupa, eutsi goiari ta
saihets dezagun negarra
urrez ordaindu ezina
baita zure irriparra.
Gurasoei bertsoa
Agurreko bertsoan gurasoengana zuzendu zen Amaia. Emaitzarekin agian ez, baina jasotako hitzekin seguru gustura etxeratuko zirela Joxe Bixente eta Ana Mari: Sekula eztet nere bertsorik / bideratu zuengana / zuei eskerrak lortuagatik / naizena eta daukadana / zuen alaba izanagatik / mila disgusto emana / badakit maite nauzuela ta / hori da inporta zaidana / nik ere asko maite zaituztet / mila esker aita ta ama.
Saioaren amaierako sailkapena
Saioaren amaieran, epaimahaiak adostutako azken erabakia jakinarazi zuen Jon Zaldua aurkezleak. Saio osoan zehar dotore aritu eta kartzelakoan bertso paregabeak osatu bazituen ere, sorpresa izan zen ikus-entzule gehienentzat garailearen izena entzutea: Iñaki Apalategi, zuzenean Illunbeko finalera sailkatu zena, 480 punturekin. Bigarren izan zen Jon Martin oiartzuarra, 479.5ekin, finalerako azken lekuan sailkatu zena. Amaia Agirre billabonatarra hirugarren geratu zen 472,5 punturekin. Finalaren ateetan geratu zen billabonatarra, zapi punturen faltan. Hala ere, pozik eta gustura geratzeko moduko saioa egin zuen. Atzetik etorri ziren Jokin Uranga (470), Iñigo Manzisisdor ‘Mantxi' (460.5) eta Ainhoa Agirreazaldegi (451.5).
Illunbeko zortzikotea
Behin Hernaniko azken finalaurrekoa jokatuta, jakina da dagoeneko abenduaren 18an Donostiako Illunbe zezen plazan jokatuko den final handian abestuko duen zortzikotea nortzuk osatuko duten: 1.- Jexux Mari Irazu, 2.- Aitor Sarriegi, 3.- Beñat Gaztelumendi, 4.- Unai Agirre, 5.- Agin Rezola, 6.- Alaia Martin, 7.- Iñaki Apalategi eta 8.- Jon Martin.
Dagoeneko finalerako sarrera gehienak salduta daude. Oraindik txartelik eskuratu ez dutenei, amaitu aurretik, lehenbailehen eskuratzeko gomendioa luzatzen die antolatzaileek. Herriz herri, ohiko lekuetan edota gpuntua.com webgunean aurki daitezke.