Amaia Agirre, Gpuntuko finalera? Igandean jakingo da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko abe. 2a, 18:54

Orain artean Gpuntuaren baitan jokatutako bi finalaurrekoak irabazita, abenduaren 18an Illunben jokatuko den final handirako tokia bi bertsolarik soilik ziurtatu dute dagoeneko: Jexux Mari Irazuk eta Beñat Gaztelumendik. Finalean abestuko duen zortzikotea ezagutzeko, ordea, datorren igandera, abenduaren 4ra arte itxaron beharko da, orduan izango baita azken finalaurrekoa Hernaniko Galarreta kiroldegian, arratsaldeko 17:30etan hasita. Hernanikoa eta gero zehaztuko da, beraz, finalean kantuan arituko diren bertsolarien zerrenda. Hernaniko saioan abestuko du Amaia Agirre billabonatar bertsolariak ere. Zorte on, bada!

Illunbeko finalerako sarrerak

Abenduaren 18an Donostiako Illunbe zezen-plazan jokatuko den finalerako 3000 sarreratik gora saldu da dagoeneko. Salmentaren erritmoa ikusirik, talde antolatzaileak finalera joatekotan diren bertsozaleei sarrerak aurrez erosteko gomendioa luzatu die, azken egunetan sarrerarik gabe geratzeko arriskua saihesteko. Sarrerak eskuratzeko aukerak: 1.-Internetez, txapelketako webgunean. 2.-Gipuzkoako hainbat herritako ohiko saltokietan. 3.-Abenduaren 4ko Hernaniko azken finalaurrekoan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!