Gartxot Andoainen landutako filma

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko abe. 1a, 14:09

“Gartxot, konkista aitzineko konkista” animazioko pelikula zine aretoetan harrera ona izaten ari da. Asisko Urmeneta komikigileak eta Andoainen bizitoki duen Juanjo Elordi zinegileak zuzendu dute helduentzako filma luzea. Filmaren zati handia, gainera, Andoainen egin da. Somuga animazio etxeak Gudarien etorbidean dituen estudioetan hain zuzen.

Filmak miloi eta erdiko aurrekontua izan du, eta ikusleen aldetik erantzun bikaina jasotzen ari da, orain hiru aste estreinatu zenetik.

Markinan jaio arren egun Andoainen bizi den Juanjo Elordi elkarrizketatu du Aiurri astekariak. Filma burutu izanaren arduradunetakoa da.
Nola doa filma zine aretoetan?
Juanjo Elordi.
Oso gustura gaude eduki duen harrerarekin; ia hamar mila pertsonek ikusi dute oraingoz. Jada hiru aste egin ditu jarraian, eta hurrengo astean berriro jar dezaketela uste dugu. Azken batean, irizpide ekonomikoen arabera mugitzen dira zine aretoak.

Gure erronka astez aste euskal hiriburuetako aretoetan segitzea da. Datorren astebururako hamairu filma berrien estreinaldia iragarrita dago eta zaila dago gauza, baina beste astebetez jarraitzea espero dugu.

Ikusteko interesa eduki dezakeenari, lehen bai lehen mugitzeko aholkatuko zenioke, hortaz?
J.E.
Oraintxe du aukera. Aretora joaten bada, batetik lagunduko du filmak beste aste betez iraunarazi dezan, eta bestetik aukera emango dio beste pertsona bati hark ere ikus dezan. Aurrerago, herrietako aretoetara eramatea espero da. Eta gainerakoan, hiru urte barru telebistan botako dute.

Zergatik aholkatuko zenuke filma ikustea?
J.E.
Nik parte zuzenik eduki izan ez banu ere, berdin-berdin aholkatuko nuke. Asisko Urmenetaren komikien bidez ezagutu eta deskubritu nuen Gartxot; haren kondaira pelikula batean ikusteko irrikitan geratu nintzen orduan. Hain justu, egin dugun filma ikusi nahi nukeen huraxe dela iruditzen zait!

Euskal Herrian oso pelikula gutxi egongo dira euskaldunon historia edo sentipenak agertzen dituena; hauxe izan liteke horietako bat. Euskaldunok nahiko nekatuta gaude beti egurra jasotzeaz, besteek idazteaz gure historia.

Arturo Kanpionek 1917an idatzitako kondairan oinarritu zarete.
J.E.
Guk egokitu egin dugu, elementu berriak erantsiz. Kanpionek Itzaltzun (Nafarroako ipar-ekialdea) zegoela, hango kantu bat entzun zuen, zeinak kontatzen zuen gizon batek ekintza gogor bat burutu zuela eta zigorra ipini ziola bere buruari. Grina piztu zion istorioak, eta Iruñean eta Leireko monastegian aurkitu zituen datuak oinarri hartuta, Gartxoten kondaira idatzi zuen, herri kultura transmititzen zuen Gartxot koblakariaren istorioa hain zuzen.

Zergatik hautatu duzue kondaira hori?
J.E.
Gartxot erresistentziaren ikurra da, eta euskaldunoi lagun gaitzakeen ikur bat berreskuratu nahi izan dugu. Izan ere, zenbat ikur dauzkagu euskaldunok? Oso gutxi. Ingurura begiratu eta ohartzen zara herrialde bakoitzak bere mito eta ikurrak dauzkala; herri baten nortasunari eusteko balio duten mitoak, alegia. Benetakotasunetik %20a daukate, asmatzetik, berriz, gainerako %80a.
Hemen garbiketa izugarria egonda euskaldunon historiaren gainean; izan garen guztia ezabatu nahi izan dute batzuk. Pentsa, Orreagako guda, euskaldunok irabazi omen genuen bakar hura ere arabiarrak izan zirela adierazi izan dute frantziarrek idatzitako historian… 
 
Filmari nondik datorkio izenburu hori?
J.E.
Oso berandu burura etorri zitzaigun izenburua da. Filma osatzen ari ginela, liburu bat egiteko premia sentitu genuen, bertan azaltzen diren hainbat pertsonaia, gertakizun, testuinguru eta abarren zergatia ondo azaltzeko. Izan ere, ordu eta erdiko filma batean ez da posible hori dena biltzea. Ikerketa lana burutu genuen artxiboetan beraz, eta bidean Kanpion berrirakurtzeko aukera eduki genuen. Hain zuzen, beti uste izan da Kanpionek kondaira idatzi zuenean euskaraz mintzatzen ziren azken itzaltzuarrak izan zituela gogoan, eta beraz, euskararen desagerpenaren aurkako garrasia egin nahi zuela. Baina mezu hori zabaltzeko, nahikoa zuen orduko itzaltzuarren historia jasotzea, mila urte atzera joan gabe. Guri iruditzen zaigu Kanpionek haratago joan nahi izan zuela, eta zera adierazi: Euskal Herriaren konkista eta akulturizazio prozesua ez 1512an, baizik eta lehenago hasi zela. Alegia, 1512ko azken bataila baino lehenago, 500 urte lehenago kokatu behar direla hemengo antolakuntza eta gobernua ezegonkortzeko lehenbiziko urratsak.

Liburua idatzi duzuela aipatu duzu…
J.E.
Lehengo astelehenean aurkeztu genuen eta prest dago jada Durangorako. Liburuak kontatzen duena ondo baino hobeto etor daiteke filma ikusi eta aretotik atera eta buruari jiraka, zer hausnartu geratu den ikusle horrentzat. Lehenengo partean, ilustrazioen bidez garai hartako hainbat pertsonaia (emakume koblakariak, gotzainak, moja borrokalariak, erregeak…) deskribatu nahi izan ditugu. Bigarrengoan, berriz, filma osatzeak iraun duen lau urteko prozesua azaltzen da.  

Zu zerorri ekoizpen eta zuzendari gisa aritu zara urtetan…
J.E.
Bideoklipak eginez sartu nintzen mundu honetan. Segidan zenbait laburmetrai egin eta gero, telebistan sartu nintzen. Betizu saioan ez ezik beste hainbat erreportaje eta dokumentaletan hartu nuen parte. Unibertsolariak izan zen zuzendu nuen lehen luzemetraia, animaziozkoa. Horren ostean, Olentzero eta Subilaren lapurreta heldu zen. Horrrezkero Somuga animazio estudioan egiten dut lan, ekoizle gisa; Andoainen, Gudarien etorbidean dauka egoitza Somugak, eta hamairu bat langile gaude bertan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!