Diskogintza eta liburugintza Katalogoa gida-liburuan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko abe. 1a, 14:05

Musika, liburu eta ipuinak, filmak, jostailuak eta jolasak..., atal bakoitzeko produkturik egokienak aukeratu behar dira Euskarazko Produktuen Katalogoa osatzeko. Ez da lan makala. Eta musikari dagokionez, lan horren ardura daukana, Jon Ander Ubeda musikaria da, besteak beste. Bere zereginaren nondik-norakoaz, euskal musikaren egoeraz eta autoprodukzioaz hitz egin du.

Euskal musika sortzaileak ez dira falta, eta batzuk gainera, oso onak dira!, horixe dio Jon Ander Ubeda kazetaria eta musikariak. Euskal Produktuen Katalogoan musika atalaz arduratzen den kideetakoa da.

Zertan oinarritu zara aukeraketa egiteko garaian? Zergatik aukeratu dituzu disko horiek?
Jon Ander Ubeda.
Hasteko eta behin gurea talde lana dela esango nuke. Nafarroako Kulturkari elkarteak prestatzen du katalogoa eta enkargua Malores Etxeberriaren eskutik jaso nuen. Batzuk eta besteak estimatzen ditudanez, atsegin handiz lagundu diet katalogoa osatzen.
Oinarrizko elementuak kontuan hartu ditugu aukeraketa egiteko garaian. Batetik, lurraldetasuna. Euskal Herri osoko proposamenak kontuan hartzen saiatzen gara. Bestetik, ahalegintzen gara musika joera eta estilo ezberdinak katalogoan txertatzen. Eta, azkenik, bilaketa lan berezia egiten dugu disketxe handiak, ertainak nahiz autoekoizpenak bertan izan daitezen.

Aukeraketa urrirako egin behar izaten duzue. Denbora aldetik ondo moldatzen al zarete disko berrienak, hau da, azken ordukoak katalogoan sartzeko?
J.A.U.
Ahalegin berezia egiten dugu, baina ez da erraza. Hainbat disko interesgarri sartu gabe geratu diren sentsazioarekin bukatu behar izaten da katalogoaren ekoizpen lana. Izan ere, liburuxka inprenta-makinan sartzeko orduan, hainbat diskoren portadak eta izenburuak erabakitzeko daude oraindik. Lastima!

Ze talde edo ze estilotako musika kontsumitzen da gehien?
J.A.U.
Datu zehatzak falta zaizkit, baina orokorrean Pirritx eta Porrotx, Ken Zazpi, Berri Txarrak…, horiek dira gehien entzuten diren taldeak. Eta katalogoaren xedea  da, beste proposamenen berri ematea, musikazaleak esku artean aukera gehiago izan dezan.

Musikaria zara, hainbat taldetan ibilia, hala nola, Deabruak teilatuetan eta Bide Ertzean taldeetan. Nola ikusten duzu euskal musikaren egoera, gaur egun? Kantitatea badagoela esan liteke, eta kalitatea?
J.A.U.
Musika saltzailea, disketxeko kontu hartzailea, musika programatzailea,… Horien guztien kasuan nagusi izango da kezka. Luze jo dezake gaiak. Haiei galdetuz gero, musika, oro har, egoera txarrean dago. Krisiak jota dago musika industria deitzen dioten hori.
Niretzat, ordea, sormenari dagokionez, egoera onean dago euskaraz egiten den musika. Bada musikagile talde bat ibilbidea egiten ari dena. Eta, zorionez, belaunaldi berriekin zerrenda handituz doa. Sortzaileak ez dira falta, eta batzuk gainera oso onak dira!

Iritzi bat badago esaten duena gaurko talde gehienak oso tankerakoak direla, ze irizten diozu? Estilo aldetik, letra aldetik....
J.A.U.
Lasai asko geratuko zen, gainera, iritzi hori bota zuena! Belaunaldi bakoitzak bere joerak ditu. Garai batean heavy-a nagusi zen, ondoren rock-a eta metal-a, berriki hip-hop eta rap-a…, joera horien ondorioz estilo beretsuko taldeak sortu ohi dira entseatzeko lekuetan.
Baina euskaraz egiten den musika, bere osotasunean kontuan hartuta, estilo anitzekoa da. Eta berriro diot, maila handiko musika proposamenak dauzkagu. Zorionez.

Ikus dezakegu, aukeratutako disko horietako batzuk ohiko disketxeek kaleratuak direla, baina gero eta gehiago dira autoprodukzioak. Musikak bizi duen egoera ikusita, hori al da bidea? Zergatik? Ze abantaila ditu autoprodukzioak? Eta desabantailak?
J.A.U.
Labur esanda, merkatuaren joera klasikoa oinarrian aldatu egin da musika entzuteko euskarriak beharrezko izateari utzi dionetik. Horrek estuasunak sortu ditu eraikitako egituratan, eta zailagoa da talde baten alde apostua egitea. Bestalde, teknologiari esker, aurkezpen disko txukun bat egin daiteke modu oso merkean.
Hori guztia esanda, musikari batzuk halabeharrez autoekoizpenaren bidea hartu dute. Baina CD bat argitaratzea erabakitzen badute bi arazo handi dituzte: banaketa eta promozioa.
Egoera zaila da denentzat. Bereziki, hasiberrientzat. Ikusleari, oro har, proposamen berrietara gerturatzea kosta egiten zaio, garai batean baino gehiago.

 

KATALOGO BERRIA PREST

Katalogoaren 200.000 ale paperean argitaratu dira, eta internet sarean www.katalogoa. org webgunean ikusgai dago.
Urteko garai honetan seme-alabei edo ingurukoei euskarazko liburuak, musika edota bideoak erosi eta oparitzeko aukera paregabea izaten dela kontuan hartuz, Euskarazko Produktuen Katalogoaren edizio berria osatu dute. Beste urte batez –aurtengoa 14. edizioa da–, Euskal Herriko ehun bat Udal eta mankomunitatetako Euskara Zerbitzuk. Euskal Herriko hainbat lurraldetako teknikariak elkarlanean aritzen dira katalogoa prestatzeko, eta, alde horretatik, garrantzi berezia dauka egitasmoak.

Aukera: berritasuna, egokitasuna eta kalitatea
Gurasoentzako eta 16 urte bitarteko haur eta gazteentzako ehunka erreferentzia biltzen ditu edizio berri honek.
Merkatuan dauden produktuen artean aukera bat egin da, berritasuna, egokitasuna eta kalitatea kontuan hartuta; eta zortzi ataletan sailkatuta jaso dira: musika, liburuak, aldizkariak, filmak, jostailu eta jokoak, DVD eta informatika produktuak, komikiak eta gurasoentzako produktuak. Gainera, produktu bakoitzaren gutxi gorabeherako prezioa ematen da, eta zenbait ataletan adinaren araberako banaketa egiten da.

‘Katalogoa.org’, urte osoan eguneratua
www.katalogoa.org webgunean, paperean jasotako produktuez gain, merkatuan aurkitu daitezkeen beste asko agertzen dira. Aukera dago, gainera, argitaletxearen denda birtualera iristeko produktuaren gainean klik eginez eta, nahi izatera, begiz jotako produktuaren erosketa etxetik egiteko.
Urte osoan zehar bizirik eta eguneratua dagoen gunea da, eta produktuak adinka, prezioka eta atalka bilatzeko aukera ematen du. Euskarazko Produktuen Katalogoaren webgunea urte osoan kontsulta daiteke, eta irakurleek, beren iruzkinak eta komentarioak egin ahal izango dituzte bertan, irakurri, ikusi, entzun edota jostatzeko hautatu duten produktuaren inguruan.

Buruntzaldean, 9.000 ale
Paperezko edizioari dagokionez, aurten 200.000 ale inguru banatu dira Euskal Herri osoan eta Buruntzaldean 9.000 inguru. Banaketa, 0-16 urteko haur edo gazteren bat dagoen familia guztietara egin da, herri batzuetan ikastetxeen bidez eta beste batzuetan posta bidez.

www.katalogoa.org

LIBURU ETA DISKO SALTZAILEAK

«Katalogoa oso baliagarria da bai gurasoentzat bai dendariontzat ere». Katalogoaren eragina jakiteko, eta zein produktu kontsumitzen diren ezagutzeko, Hernaniko Sebas eta Andoaingo Ernaitza liburu-dendetako jabeek hartu dute hitza.
Dudarik ez dago, Euskarazko Produktuen Katalogoa sortzeko, atzetik egindako lana sekulakoa da. Mota ezberdinetako musika, filmak, liburuak, jostailuak... biltzea, aukeratzea... Eta gehienak, azken ordukoak! Baina lan horrek fruituak ematen al ditu? Katalogoa baliagarria eta eragingarria al da? «Bai, oso baliagarria». Halaxe azaldu dute Gigi Quevedo eta Garikoitz Plazaola Hernaniko Sebas eta Andoaingo Ernaitza liburudendetako jabeek, hurrenez hurren. 
«Katalogoa erreferentzia bezala erabiltzen dute gurasoek», azaldu dute bi dendariek. Eta gurasoentzat baliagarria izateaz gain, dendarientzat ere oso baliagarria dela diote, «merkatuan zer dagoen jakiteko».
Gainera, Quevedok azpimarratu du oso positiboa dela euskarazko produktu ezberdinak ezagutzera emateko, «bestela betiko lau gauzak ezagutzen ditu jendeak».
«25 eurotik gorakoa
ez da saltzen»
Bezeroek, katalogotik eskatzen duten edozer gauza ekartzeko prest baldin badira ere, dendariek aukeraketa egin behar izaten dute, lekuagatik eta diruagatik. Eta aukeraketa egiterakoan, norberak bere irizpideak erabiltzen ditu. Quevedok dio euskaraz argitaratzen den guztia ekartzen saiatzen dela, baina prezioari ere begiratzen diola. «25 eurotik beherako prezioa duten produktuak saltzen dira. Hortik gorakoa bueltaka geratzen da». Aurten eskulanekin zerikusia duten produktuetan zentratuko dela aurreratu du.
Plazaolak ere, euskal produktuei ematen die lehentasuna, «eta nobedadeak ekartzen ere saiatzen naiz», dio. Batez ere, material hezitzaileen aldeko apustua egin du. Liburuen kasuan, baita ere, idazle ezagunen liburuak ekartzen dituela nabarmendu du.

Zer da gehien saltzen dena?
Liburuak, ipuinak, joku eta jostailuak dira batez ere saltzen diren produktuak, normalean. «Lehen musika eta DVDak asko mugitzen ziren hemen, baina internetekin gauzak asko aldatu dira», azaldu du Quevedok. «Ordenagailuek ere izan zuten arrakasta pixka bat bere garaian, baina orain ez dira saltzen. Garestiak dira». Jokuetan Mihiluzek arrakasta handia du. Gaztelaniaz existiten diren produktuen itzulpenek ere ondo funtzionatzen dutela dio Sebaseko jabeak. Eta badira edozein motatako eta preziotako produktuak izanda ere, arazorik gabe saltzen direnak: Pirritx eta Porrotxen produktuak, hain zuzen. «Horiek ez dute katalogo beharrik!», dio Plazaolak.

Jostailu eta joku gutxiago
Aurtengo katalogoan, joku eta jostailu berri gutxi ageri da aurreko urteekin alderatuta. Quevedok azaldu du euskaraz ekoiztea garestia dela eta dendariei beldurra ematen diela prezio horietako produktuak ekartzeak. Ernaitzako jabearen ustez, krisiaren eraginez izan da. Plazaolak ez du uste euskarazko produktuak ekoiztea garestiagoa delako izan litekeenik. «Gaur egun, uste duguna baino alde gutxiago dago». 

www.katalogoa.org

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!