Liztor asiarrari aurre egiteko udaberriaren zain dira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko abe. 1a, 14:02

Asier eta Amaia Arsuaga, Azpillaga baserriko (Goiburu, Andoain) anai-arrebak erlezainak dira. Harrituta daude liztor asiarrak bertako ekosistema nola aldatzen ari diren ikusita, erleei dagokiena batez ere. Asier Arsuagak badaki zer den liztor horiei aurre egitea, bi liztor habi suntsitzea egokitu baitzaio aurten. Etor daitekeenari aurrea hartuz, udaberrian liztorrei aurre egiteko prestatzen ari da.

Liztorrak bazetozela ondo omen zenekiten, Iparraldean jasotako testigantzen eskutik…
Amaia Arsuaga:
Liztor asiarrak Portugal, Galiza eta Europan barrena joan dira sartzen azken urtetan. Iparraldera orain pare bat urte edo iritsi ziren, eta orduan Askain herriko erlezain batekin egon ginen. Hark argi adierazi zigun ondo prestatzeko, zetorkiguna kontuan hartuta. Nonbait, Iparraldean bi edo hiru habi igarriz hasi ziren aurreneko urtean, Andoainen gertatu den bezala. Baina hurrengo urtean, jada bost, hamar edo gehiago izan zirela. Azken batean, ugalduz joan direla urtetik urtera. Gainera, argi ohartarazi ziguten han habiak zuhaitzetan jartzen hasi baziren ere, denboraren poderioz teilatu azpiak, pareta zuloak, pertsianak…, edozein toki hautatu dituztela.

Zein irtenbide bilatu izan dute Iparraldean?
Amaia A.:
Liztorrari aurre egiteko ez dago erremedio errazik, eta oraingoz egin dutena, euren erleak bizirik mantentzeko neurriak hartzea izan da; besteak beste, erlauntzak mendi gainetara eraman behar izan dituzte. Bertako erleek noizbait defentsa mekanismoak garatzen ikasiko duten itxaropena daukate, liztorrari aurre egiteko. Gertatzen da ordurako erle guztiak desager litezkeela.

Bestalde, Iparraldean erakutsi digute liztor asiarrak itsaso inguruko klima gogoko izateaz gain, bapo geratzen dela bertan topatzen dituen jaki gozoekin. Bertako erlea akabatu, burua eta hankak kendu eta gorputza nahi izaten dute euren larbak elikatzeko, baina horrez gain, gozora jotzen dute itsu-itsuan: mahatsa, fruituak, sagarra… Aurrerantzean, bada, txakolindegi eta sagardotegietan ere kalteak eragin ditzaketela uste da.
Ikerlari eta erlezale ugari harrituta dago liztor horiekin: nola egiten duten lana, zein eratan dauden antolatuta, nola mugitzen diren… Hori ohartarazi behar zaie, larria dela egoera benetan, eta neurri serioak hartzeko garaia heldu dela, jada berandu ez bada.

Bien bitartean, zuek erremediorik ezarri al duzue?
Amaia A.:
Liztorraren ohiturak eta jakinaren gainean edukita, gure erlauntzen inguruak tranpez josi ditugu: garagardoa, siropea eta ardo zuriaz osatutako nahasketa poteetan jarri, eta liztorrak hor harrapatuta geratzen ari dira.

Lehenbailehen mugitzea eskatzen ari zarete, beraz…
Asier Arsuaga.:
Bai, baina oraintxe bertan alferrik da liztorren aurka zuzenean jotzea. Oraingo lana datorren udaberrian zein neurri hartu beharko diren pentsatzea da. Izan ere, lehenengo hotzaldiak sentitu orduko erreginak-eta lur azpian sartzen hasiko dira, jada ez badira hasi. Asko hilda geratuko dira, baina iraun bizitzea lortzen dutenak, indartsuenak alegia, udaberri aldera lanean hasiko dira. Euren larben populazioa hazteko horiek elikatzera behartuko dira, eta horrenbestez, orduan bertako erleak erasotzen, fruitu eta sagarrak jaten eta habiak eraikitzen hasiko dira.

Habiak egiten dituztenean, horiek nola suntsitu izango dira komeriak, beraz…
Asier A.:
Habi galantak egiten dituzte eta oso leku ezberdinetan, ikusten ari garenez. Orain arte zuhaitzetako goialdeko adarretan jarri dituzte. Iritsi egin behar da toki horietara garabiekin, eskalatuz, adarrak moztuz…, gauza konplikatua da egia esanda. Liztorra akabatzeko erre edo izoztu egin behar dela ikasi dugu, baina horretara ailegatu aurretik egin behar dena…  

Nik azken urtetan eskarmentu pixka bat hartu dut erleekin. Izan ere, erlauntzak etxebizitza inguruetan eta horrela agertu izan direnean, hots egin izan didate haiek kentzeko, Hernaniko Udaletik eta beste zenbait tokietatik. Irailean, esate baterako, bi liztor habi kentzera joateko eskatu zidaten Hernanitik. Ni betiko jantzi bereziarekin joan nintzen, eta aitortu behar dut nire bizitzan oso gutxitan pasa izan dudala halako larritasunik!

Konta dezakezu zer gertatu zen Hernaniko bi habi horiekin?
Asier A.:
Biak ere herrigunetik oso gertu zeuden. Batean garabi baten bitartez igo nintzen zuhaitz adarretaraino zerra eskuan nuela, eta bestean suhiltzaileekin aritu nintzen. Lehenbizi, liztor botika berezia bota nuen bi habien inguruetan. Jakina, liztorrak akabatzen hasi nintzenean, haiek erasotuak sentitu ziren, eta berea defendatzera jo zuten: gorputz inguruan liztorrak jira- bueltaka eduki nituen etengabe. Sei milimetroko eztena daukate, erlauntzetako jantzi berezia gainditzeko moduan. Gainera, erleek ez bezala, haiek behin eta berriro ziztatu zaitzakete. Are gehiago, ez dute zertan ziztatu beharrik; nahikoa dute pozoinaren zipriztinak aurpegira botatzea min egiteko.    

Amaia A.: Asierrek bizia arriskuan jarri zuela esango nuke. Eskapada ederra egin zuen. Nik probatua dut liztor horren ziztada eta ez da batere gozoa. Begiondoa puztuta eduki nuen, eta egundoko burukomina jasan nuen. Erleen ziztadak ere maiz eduki ditut, baina ez dute zerikusirik beste horienekin.    

Beraz, zu, Asier, animatuko zinateke, liztor habiak kentzera, horretarako hots egingo balizute?
Amaia A.:
Bai noski. Jada jantzi berezia eskatuta daukat, bigungarri edo babesak ondo jarrita edukiko dituena. Datorren udaberrian behar bezala jantzi eta liztorren habiak suntsitzeko prest nengoke, horren premiarik sortzen bada.

Telefono zenbakia:
619 421 394 Asier Arsuaga.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!