Moises San Joseren ondarea Udalaren esku

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko abe. 1a, 14:01

Moises San Jose Diaz argazkilari ezagunaren bilduma osoa Andoaingo Udalari jabetza osoz emateko sinadura ekitaldiari ekin zioten azaroaren 25ean, Andoaingo Udal batzarraldi aretoan. Jende askotxo bildu zen; argazkilariaren sendia, Udal ordezkariak eta herritarrak, oro har. Sinadura ekitaldian parte hartu zuten, Andoaingo alkate Ana Carrerek alde batetik. Eta Moisesen oinordekoek, ondoren: Gloria alarguna eta Fernando eta Juan Carlos Moisesen bi semeak.

Udal idazkariak ekitaldiaren aurkezpena egin ondoren, Ana Carrere alkateak hartu zuen hitza, lehenik eta behin, eskerrak emateko: “Eskerrak Moises San Joseren familiari erakutsitako eskuzabaltasunagatik, eskerrak ere Estanis Amutxastegi aurreko alkateari argazki altxorra hona ekartzeko egindako ahaleginagatik”.

Iragan mendeko ezinbesteko erreferentzia dira argazkiak. Jaiak, inaugurazioak, ezbeharrak, erretratuak..., Andoaingo adineko asko eta asko Kale Nagusiko estudio txikitik pasa dela gogora ekarri zuen alkateak. “Argazkilari ona, lekuko paregabea”, bezala definitu zuen Moises San Jose.

Udalak arduratsu jokatuko duela zin egin zuen, “Moisesen altxorra ongi zaintzeko konpromisoa hartu dugu. Udalak gorde, zaindu, antolatu eta herritarren eskura utziko du artxiboa”. Bere argazkiekin San Juanen inguruan erakusketa zabaltzeko asmoa dutela iragarri zuen, zera gaineratuz: “orduantxe konturatuko gara gaur guri utzitako altxorraren benetako balioa zein den”. Esaldi batek laburbiltzen du Udalak esku artean jaso duena, “badira preziorik ez duten gauzak, utzi diguzuen hau horietakoa da”.

Karmele Otegi Udal artxiboko arduradunak hitza hartu zuen ere, sendiari eskerrak emateko. Jarraian, Marta eta Maddi Trutxuelo ahizpek egindako argazki-muntaia ikusi ahal izan zuten ekitaldira bertaratu zirenek.

Fernando San Jose Moisesen semea
Udal ordezkariak bezalaxe, argazkilariaren oinordekoak ere pozarren zeuden.
Gaurko ekitaldiarekin aitaren desioa bete duzue.
Fernando San Jose.
Pozarren gaude, herriak aprobetxa dezala orain. Herriaren historia da, urtez urteko garapena: ikuspegiak, paisaiak, jaiak, ospakizunak...  Zuzenean joko dute bildumara, ez dute guregana etorri beharko. Karmele Otegi Udal artxiboko arduradunak eta Estanis Amutxastegi aurreko alkateak abiatu zuten egitasmoa, eta egungo agintariekin batera aurrera egitea erabaki dugu. Erabilera publikoa izango du aurrerantzean.

Sanjuanetarako erakusketa iragarri dute, gainera.
F.S.J.
Lana sobera dute orain! Ehunka, milaka argazki eta negatibo dira. Zerbait polita egingo dutelakoan gaude. Gurasoak edota aiton-amonak aspaldiko irudietan ikusteko aukera aproposa izango da.

Altxor ederra izan duzue etxean orain arte. Ofizioa eta pasioa biak bat ziren aitarentzat.
F.S.J.
Gerra ostean lehen lana izan zuen argazkilaritza, eta hori besterik ez zuen egin.
Pertsonak eta pertsonak erretratatu zituen, baina bere benetako pasioa paisaiak erretratatzea zen. Izan ere, Espainia osoko paisaien argazkiak ateratzen aritu zen egutegietarako.


Argazki-muntaia: Aiurri.com

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!