Baserriko lanetarako erabili diren oinarrizko erremintak nahiz industria edo langintza ezberdinetan erabiltzen diren lan-tresnak bilduz, –ferratokietakoak kasu–, hamasei egurrezko pieza dotore osatu ditu Karlos Irazu eskultoreak. Urteen poderioz, erreminta horiek guztiak galbidean sumatu ditu larrauldarrak eta, dudarik gabe, haien erabilerak nahiz izenak gogoan hartzeko baliagarria da egin duen bilduma lana. “Lanerako edota konponketak egiteko erabili izan dira urte luzetan erreminta hauek baserri inguruan. Tresna horiei esker egunerokotasunean egiten zituzten lanen harira sortu dira herri kirol asko ere: aizkora, sega…”, azaldu du. Bestalde, hizkuntza aldetik ere aberastasun handia dutela irizten dio eta garrantzia handia ematen dio alor horri ere: “tresna bakoitzak, erabilpenaren arabera, izen zehatzak hartzen ditu: esaterako, sega zorrozteari arraiztea esaten zaio. Erreminten erabilerarekin batera hiztegi zabal hori ere galtzen ari da eta horri eusteko modua ere bada bilketa lan hau”, argitu du Karlosek. Era berean, erreminta eta baserritarraren arteko harremana ere kontuan izan du, “baserritarra eta erremintaren artean lotura izugarria izan da, nolabaiteko lokarri afektiboa sortuz. Baserritarrak erremintarekin kirtenek lotzen dituztenez, forma aldetik bigundu egin ditut kirten horiek”. Egitura berarekin osatu ditu Karlosek erreminta guztiak: pago egurrez egindako beheko oinarriak baserria irudikatzen du. Oinarriaren gainean, haritz egurrez egindako erreminta kokatu du, esan bezala, heldulekuak formaz bigunduta. “Erreminta eta baserritarren arteko harremana nahikoa inprobisatua eta pertsonala denez, kolore beltzarekin elkartu ditut erreminta eta baserria. Egia esan, lan horretan disfrutatu dut nik gehien”. Egurra modu naturalean uztea erabaki du, argizari nahiz bernizik gehitu gabe. “Erreminta gehienak modu horretan etortzen dira eta gordintasuna ematen dio egurra modu naturalean uzteak”, argitu du.
Erreminta mota ugari
Erreminta mota ezberdinak aurkituko ditu Larraulgo museora gerturatzen denak. Karlosek egin duen banaketaren arabera, batzuk belarra lantzeko erremintak dira: eskuarea, sega, igitaia eta sardea. Egurra lantzeko hainbat erreminta: aizkora, mazoa, trintxa edo gubia, burni-ziria eta taratulua. Burdina lantzekoak: txingudea eta mailua. Lurra lantzekoak: atxurra eta laia. Eraikuntzetan erabiltzen direnak: paleta eta pikatxoia. Erreminta gisa asko erabili denez, iltzea ere eskulturen artean borobildu du.
Galzorian dauden bertako kultura eta ohituretatik abiatuta, bide berriak sortzeko modua izan da eskultura bilduma osatzea larrauldarrarentzat: “gaiak izugarrizko azterketa egiteko aukera ematen duela ohartu naiz. Baserritarrek askotan ezjakintzat jotzen dute euren burua. Erreminta hauek guztiak ezagutu eta erabiltzen jakite hutsa, ordea, asko jakitea dela agerikoa da. Aukera polita da, beraz, baserriaren inguruan jakituria handia dagoela esateko”. Baserriko semea izanik, baserria present izaten du beti Karlosek egiten dituen lanetan: “gure belaunaldiari baserriko bizimodua guztiz aldatzen ikustea egokitu zaigu oso urte gutxian. Tristea da, baina bizitzeko filosofia bat galtzen ikusi dugu. Egun hain modan dagoen jasangarritasuna baserriak oso ondo betetzen duela iruditzen zait niri, baina gainbehera joan da. Baserriarekin batera, gauza bera gertatzen da lurra lantzeko edo ganadua zaintzeko jakituriarekin ere. Baserria ez da behar adina baloratu”, amaitu du.
Otsailera arte zabalik
DIN-A7 taldeak eskaintzen dituen ekintzen artean, –tailer ezberdinak, baserriak nahiz bertako bizimodua ezagutzeko bisitak…–, museoan urtean bi erakusketa antolatzea aurreikusi zuten taldekideek. Aurreko erakusketa pisu mota ezberdinei zuzendutakoa izan bazen, bigarrena da baserriko erreminten harira osatutako eskulturena. Kultur astearen baitan, joan zen azaroaren 21ean zabaldu zen erakusketa Larraulgo museoan eta otsailera bitarte ikusi ahal izango dira larrauldarraren lanak.
Museoa zabalik izaten da hileko lehen igandean. Gainerakoan, 688 803 608 telefono zenbakian hitzartu beharko da talde nahiz norbanakoen bisita.