Mezzosopranoa eta organojolea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko abe. 1a, 10:05

Onintza Agirre organojole amasarrak eta Naroa Enekotegi mezzosoprano bizkaitarrak kontzertu hunkigarria eskaini zuten Amasako San Martin jaien barnean. Euren musika ibilbidearen inguruko azalpenak eman dituzte.

Noiz eta nola hasi zineten musikaren munduan murgiltzen?
Onintza Agirre:
Umea nintzela eman nituen lehen pausoak. Aita Amasako elizako organojolea zen eta bost urte nituela, familian joaten ginen Amasako elizara. Aitaren ondoan eseri, eta nola jotzen zuen ikusten nuen. Zazpi urte nituela, nire zaletasuna ikusita, pianoa ekarri zuen etxera eta hantxe hasi zen aita pixkanaka niri erakusten. Tolosako kontserbatorioan hasi nituen musika ikasketak. Amasan organoa jotzen hasi nintzen, pixkanaka. Hamalau urte nituenean, organojoleentzako ikastaro bat antolatu zen Donostian eta izena eman nuen. Garai horretan erabaki nuen musika ikasi nahi nuela. Donostiako kontserbatorioan, Esteban Elizondorekin ikasi nuen organoa jotzen eta lau urte pasata, Baionako kontserbatorioan jarraitu nituen ikasketak. Oso teknika ezberdinak ezagutu nituen bertan. Ikasketak osatu arren, beti izan nuen oso argi ez nuela musikatik bizimodua atera nahi. Nire zaletasuna da musika, baina oso mundu zaila da eta nahiago izan dut nire lan ibilbidea beste bide batetik eramatea.
Naroa Enekotegi: Zazpi urterekin Lekeitioko abesbatzan hasi nintzen. Hasiera haietan, ez zidaten abesten uzten, nire adinerako ahots baxmuegia nuela iruditzen zitzaielako. Beraz, play-backa egiten nuen. Hala ere, argi nuen abestu egin nahi nuela eta abesbatzan jarraitu nuen. Hamaika urte nituela, Jose Ramon Artetak, Ainhoaren aitak, hartu zuen abesbatzaren zuzendaritza eta hark eman zidan abesteko aukera. Abeslari gisa lantzen hasteko aukerak banituela ikusi zuen eta harekin eman nituen lehendabiziko klaseak. Hamalau urterekin New Yorkera joaten hasi nintzen nire ikasketak osatzera; urtean hiru edo lau aldiz joaten nintzen eta hemeretzi urterekin bertan geratzea erabaki nuen. Zortzi urte pasa nituen han. Dodi Protero irakasle ospetsuarekin teknika landu nuen, Pei Wen errepertoristarekin espresioa eta arte dramatikoa ere landu nuen. Gurasoei eskerrak eman behar dizkiet emandako laguntza guztiagatik. Hemeretzi urterekin etxetik hain urrun joatea ez da batere erraza eta haien babesik gabe, ez nuen jarraitzerik izango. Hogeita sei urte nituenean Donostiara itzuli nintzen. Musika alde batera utzi nuen denboraldi batean eta orain, berriro ekin diot abesteari, Onintzaren laguntzarekin.

Gogoan al duzue eskainitako lehen kontzertua?
O.A.:
Villabonako Gurea zinean eman nuen lehendabiziko kontzertua, Iparragirrek antolatuta. Horrez gain, Amasako elizan organoa jotzen ere aritzen nintzen.
N.E.: Hamabi urte nituela, Lekeition abestu nuen lehendabizikoz bakarlari gisa. Oso gogoan dut kontzertu hura. Hortik aurrera, herri askotako elizetan abestu nuen. Jendaurrean ohitzen joatea oso garrantzitsua zela esaten zidaten eta horretan aritu nintzen.

Kontzertu hunkigarria eskaini zenuten Amasako San Martin elizan. Nola sortu zen aukera?
O.A.:
Jai batzordeko Mikel Arretxek deitu zidan kontzerturako proposamena egiteko. Hasiera batean Maider Ansak izan behar zuen abeslaria, baina hark ezingo zuela eta, Naroari deitzea erabaki nuen. Naroak baizkoa eman zidan eta berehala, entseguetan hasi ginen. Oso ondo moldatu ginen elkarlan horretan, begiratu hutsean ulertzen genuen elkar eta hori oso garrantzitsua da. Errepertorioa osatzeko garaian, bi puntu nituen argi; batetik, 1993an konposatu nuen San Martin gorazarrea sartu nahi nuen eta bestetik, Josune Arretxeri omenaldi txikia egin nahi nion berak hain gustuko zuen Benito Lertxundiren abestiren bat sartuz. Oso kontzertu hunkigarria izan zen. Amasako abesbatzako kideak ere bertan ziren. Amasako elizak, gainera, oso akustika ona du eta guztiok pozik atera ginen.
N.E.: Jendea oso gustura egon zen eta batek baino gehiagok malkoak isuri zituen. Oso hunkigarria izan zen eta gu ere oso gustura aritu ginen. Kontzertu bat eskaintzeko garaian, oso garrantzitsua da errepertorio ona osatzea; sentipen bereziak sorrarazten badizkizu, errazagoa da entzuleengana iritsi eta haiek hunkitzea. Niretzat kontzertu berezia izan da Amasakoa, kantura itzuli naizelako eta gainera, inprobisazioan trebatu naizelako. Opera abesten duzunean, edo errepertorio klasikoa aukeratzean, ez dago inprobisaziorako tarterik baina modu honetako kontzertuek beste aukera batzuk eskaintzen dituzte. Onintza eta biok oso ondo ulertu dugu elkar eta horrek, guztia errazten du. Aurrerantzean, hilean behin edo bitan elkartzen jarraituko dugu entseguak egiteko.

Amasako abesbatza ere kontzertuko partaide izan zen…
O.A.:
Amasan musika tradizio handia dago. Elizako organoa kalitate handikoa da eta bertako organojoleak ere izen handikoak izan dira. Abesbatzak ere tradizio handia izan du Amasan eta gaur egun ere lanean dabiltza buru-belarri. Ilusio handia jarri dute kontzertu honetan eta haiek ere hunkitu egin ziren. Egindako lanagatik zoriondu behar dira Amasako abesbatzako kideak.

CD batean grabatu duzue Amasako kontzertua. Zein asmo duzue?
N.E.:
Nolako kontzertuak eskaintzen ditugun erakutsi nahi dugu. Pixkanaka gure lana erakustaraztea da helburua eta horretan hasiko gara. Kantura itzuli eta nire lan ibilbidea mundu horretara bideratu nahi dut berriro ere eta lehendabiziko pausoa gure lana ezagutaraztea da. Ilusioa piztu zait eta hori da garrantzitsuena.

Zein egoerata dago musikaren mundua?
N.E.:
Oso mundu zaila da. Ameriketan aukera gehiago zegoen; balio duenari aurrera egiteko aukera gehiago ematen diote. Hemen, ordea, babestuko zaituen norbait behar duzu atzean. Zenbaitetan, zitalkeria ere badagoela esango nuke eta zitalkeriaren gurpil horretan sartu nahi ez baduzu, ate asko ixten zaizkizu. Ikasketak egin nituenean, argi neukan kantutik bizi nahi nuela, eta helburu horri jarraituz, ikasketak amaitu nituen, nahiz eta momentu gogorrak pasa. Ameriketatik itzuli nintzenean, ordea, bideak itxi egin zitzaizkidala sumatu nuen eta kantua alde batera utzi nuen. Oso bolada txarra pasa nuen garai hartan eta ez nuen kantura itzultzeko batere asmorik. Onintza lehengusuak animatu nau pauso hori ematera. Amasako jaietan emandako kontzertuaren harira, pixkanaka kantura itzultzeko gogoa piztu zait. Horrez gain, irakasle lanetan ere ari naiz. Kantu teknikak erakusten dizkiet kantariei; bai musika lirikoa egin nahi dutenei, baita pop, rock, abesbatza edo beste edozein musika estilotan aritu nahi dutenei ere. Oso garrantzitsua da arnasketa eta ahotsa lantzeko teknikak lantzea eta hori lantzen dut ikasleekin. Umeekin ere aritzen naiz, ikastetxe batean musikako eskolak ematen. New Yorken ikasitakoa orain beste batzuei erakusteko aukera izatea ere pozgarria da.

Zer esango zeniokete musika ikasi nahi duen haur edo gazte bati?
O.A.:
Aurrera egiteko. Musika oso aberasgarria da eta gauza asko erakusten dizu. Musika ikastea bakarka egin beharreko zerbait da eta horrek, zure burua ezagutzen laguntzen du. Musikari garrantzia handiagoa eman beharko genioke haurren hezkuntzan.
N.E.: Musikak gauza asko erakusten du eta oso gustagarria da. Karrera gogorra ere bada, baina gustuko izanez gero, aurrera egin behar da. Diziplina mantentzen erakusten du eta horrek, garrantzia handia du eguneroko bizitzan.

Etorkizunari begira, zein asmo duzue?
O.A.:
Nik beste lanbide bat dut eta horretan jarraitu nahi nuke, baina musika da nire zaletasunik handiena eta kontzerturen bat emateko aukera sortzen bada, gustura parte hartuko dut.
N.E.: Kantuan aritzeko ilusioa berreskuratu dut eta horri eutsi nahi diot. Pixkanaka, nire lanbide izatea lortzea da nire helburua eta horretarako pausoak ematen hasiko naiz.

Pianoa eta organoa, ezberdinak
“Oso instrumentu ezberdinak dira pianoa eta organoa. Organoak erregistro ezberdinak izaten ditu eta ondo jakin behar da horiek erabiltzen. Teknika berezia du organoak eta menderatu egin behar da. Pianoak berriz erregistro edo soinu bakarra du. Horregatik, toki askotan ez diote organoa jotzen uzten organista ez denari”, azaldu du Onintza Agirre amasarrak. 

Onintza Agirre, organojolea
Aitaren eskutik eman zituen lehen pausuak organojole gisa. “Seminarioan ikasi zuen aitak eta han izan zuen organoa jotzen ikasteko aukera. Niri asko gustatzen zitzaidan organoaren soinua eta ikasketak egitea erabaki nuen, nahiz eta argi nuen ez nuela horretatik bizi nahi. Gaur egun, gazteentzako oso aukera ona da organoa jotzen ikastea. Gipuzkoan 150 organo daude eta oso organojole gutxi. Instrumentuak egoera onean mantentzeko, jo egin behar dira eta horretarako beharrezkoa da gazteek organoa jotzen ikastea. Bayonara joan eta organo ikasketak egiteaz gain, hizkuntza berria ere ikas dezakete gainera”, azaldu du Onintzak
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!