Joxe Mari Iturzaeta palistari zuzendutako liburua, laster kalean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko abe. 1a, 09:59

Mateo Ponce, Ion Zabaleta eta Andoni Alvarez andoaindarrak Joxe Mari Iturzaeta batzordeko kideak dira. Abenduan aurkeztuko dute azken hilabeteotan eskuartean darabilten lanaren emaitza: ‘Joxe Mari Iturzaeta, pala belaunaldi bat’ liburua.

Joxe Mari Iturzaetak profesionaletan debutatu zuela 25 urte bete zirenean osatu zenuten bere izena duen batzordea. Zein izan zen abiapuntua?
Mateo Ponce:
1986 urtean debutatu zuen palan Joxe Mari Iturzaetak. Auzotarra genuen eta data hori kontuan hartuta zer edo zer egiteko ideia bururatu zitzaigun Sorabillako hainbat bizilagunoi, bertakoa baitzen bera, eta aurrera egin genuen. Batzuekin eta besteekin harremanetan jarri eta Iturzaeta batzordea osatu genuen orain urtebete.
Ion Zabaleta: Hasiera batean omenaldi xume bat egiteko asmoa genuen, ez besterik. Baina gerora, Joxe Marik gehiago ere merezi zuela eta beste zerbait ere egin beharko genukeela erabaki genuen. Izan ere, Andoainek eman duen kirolaririk onenetakoa izan zen. Horrela, aurtengo ekainean hainbat ekitaldi antolatu genuen bere omenez Sorabillan eta Andoainen: bi pala txapelketa, omenaldiak, Iturzaetaren bi irudiren bistaratzea, kamiseten zabaltzea…
M.P.: Arrate pilotalekuan dagoen Joxe Mari Iturzaetaren argazkia ez zuen gazte jende askok ezagutzen eta pena ematen zigun Euskal Herri mailako kirolari handi bat ezezaguntzat jotzeak. Xabier Lasak liburuaren ideia proposatu zuenean, gabezi hori osatzeko aukera ona iruditu zitzaigun. Modu horretan, gutxienez gaztedi berriak ere jakin egingo baitu nor izan zen Joxe Mari Iturzaeta.

Liburua osatzen buru-belarri ari zarete lanean. Ez duzue informazio faltarik izan, 600 orrialde pasatxoko liburukotea osatu baituzue…
I.Z.:
Jende askoren testigantzak bildu ditugu bertan, Joxe Marirekin nahiz palarekin lotutako 67 lagunen adierazpenak. Azkenerako, emaitza nahi baino luzeagoa atera zaigu eta mugak ere jarri behar izan ditugu, bestela ez baikenuen sekula lana amaituko.
M.P.: Hasi ginenean ez genekien bi lagunen edo ehun lagunen testigantzak jasoko genituen. Dudarik gabe, uste baino gehiago jaso ditugu. Eskolatik hasita, koadrilako lagunak, afizionatu mailako jokalariak, profesional mailako palista ohiak, Federazioko lehendakariak, Euskal lehendakari ohia… Ahots asko.

Laburtuko al duzue liburuan jasotako informazioa?
I.Z.:
Pilotalekuari lotutako Joxe Mari Iturzaetaren bizitza eta 80-90 hamarkadako pilotari belaunaldiaren berri jaso dugu. Joxe Marirekin batera, garrantzia eman diogu garai hartan sortu zen pala giroari. Dudarik gabe, proiektu oso garrantzitsu baten zutabe izan zen Joxe Mari Iturzaeta.
M.P.: Arrate pilotalekuan palaren inguruan izugarrizko zaletasunari eutsi zitzaion urtetan. Egia da garai hartan herriko gazteek ez zutela aisialdirako aukera handirik: futbola, pilota, gaztetxea eta ezer gutxi gehiago. Orain, aukera horiek zabaltzean palarerekiko afizioa moteldu egin da.
Lau atal nagusi bereizi ditugu liburuan. 1.- Joxe Mariren pala ibilbidea, afizionatu nahiz profesional mailan. Egia esan, 80-90eko hamarkadan palaren egoera zaila izan zen, xoxarik ez baitzegoen. Atal horretan Joxe Marik jokatu zituen ahalik eta partida gehien zerrendatu eta estatistikak egin ditugu. 2.- Joxe Mari hil zen garaian egunkarietan argitaratu ziren artikulu eta iritzien bilduma. Kapitulu tristea den arren, utzi zuen hutsune nabarmena ikusteko baliagarria da. 3.- 2011 urtea berezia izan da, arrakastatsua eta hunkigarria, Joxe Mariri ekainean egin genion omenaldia nahiz pala txapelketak direla eta. Urte berezi horri errepasoa egin diogu, ekimenak antolatzen lagundu digun jendeari aipamena egin eta ekitaldi horiek laburbilduz. Oso kapitulu polita geratu da. 4.- Joxe Mariren nahiz elkarrizketatuek palarekin edukitako harremanaren inguruko testigantzak.
I.Z.: Bestalde, 80-90 hamarkadan egunkarietan palaren inguruan argitaratutako 200 argazkitik gora jaso dugu txuri-beltzean eta giro bereko beste hainbeste irudi koloretan. Hizkuntzari dagokionez, euskara erabili dugu kontaketa orokorra egiteko. Hala ere, testigantzen sailean edota egunkarietako adierazpenak egiten direnean, elkarrizketatuak erabili duen hizkuntza edota artikuluetan ageri dena errespetatu egin dugu. Euskara eta gaztelania nahasian irakur daitezke liburuan zehar, beraz.

Taldekide gehienak liburugintzarekin loturarik ez duen bestelako lanetan aritzen zarete. Zer moduzko esperientzia izan da lehen liburua osatzea?

M.P.: Nekosoa izan da, baina era berean, betegarria. Elkarrizketak egiten aritu naiz eta nire kasuan oso pozgarria izan da palista ugari ezagutzea. Askoren izenak banekizkien arren, ez nituen ezagutzen. Orain aurpegiak jarri dizkiot bakoitzari.
I.Z.: Liburua maketatzen aritu naiz ni. Bestela ere ordenagailuekin aritzen naiz lanean, informatikari gisa, baina liburu honekin hasi aurretik ez nuen sekula ezer maketatu. Lan hau osatzeko ikasi dut maketatzen. Hobeto egin daiteke seguru, baina merkeago ez.
M.P.: Nabarmentzekoa da gerturatu garen pertsona guztiek zabaldu dizkigutela ateak. Jendeak zer esateko asko zeukan Joxe Mariren inguruan. Bere izaera umilak bultzatu du liburu hau egin ahal izatea.
I.Z.: Batzordeko kideok liburua osatzen parte hartu dugun arren, Xabier Lasa izan da gu guztion gidaria. Bestalde, Xabier Lakak moldatu ditu liburuaren azala, omenaldiko kartelak, logotipoa eta bi pilotalekuetan inauguratu diren artelanak.

Abenduan kaleratuko duzue liburua. Noiz zehazki?
M.P.:
Ekainetik hasita, liburuaren argitalpenari begira data mordoa aipatu dugu dagoeneko eta atzeratzen joan gara beti. Hala ere, liburuak hartu duen tamainak arrazoitzen du atzerapen hori. Dena ondo bidean, abenduaren 22an aurkeztuko dugu jendaurrean liburua.
I.Z.: Ahalik eta salneurri merkeenean argitaratzen saiatu gara, 20 eurotan: inprenta gastuei aurre egin ahal izateko. Tirada zehazten ari gara orain, 400-500 ingurukoa izango da eta Andoainen bezala, Andoaindik kanpora ere saldu nahi dugu liburua. Espero dugu Andoaingo herritarrek liburua eskuratzeko saiakera egitea. Gure helburua ez da dirua lortzea, Joxe Mariren garaiko informazioa ahalik eta gehien zabaltzea baizik. Salmentarekin dirurik eskuratuko bagenu, abian jarritako pala txapelketei jarraipena eman eta palaren inguruko beste ekintzaren batzuk antolatzeko erabiliko genuke. Andoainen berriz ere palarekiko zaletasuna suspertzea litzateke gure nahia.

Laburrean
Zer nabarmenduko zenukete Joxe Mari Iturzaeta pertsona eta pilotariarengandik?
M.P.:
Palista bikaina zen, baina palista bezain pertsona ona eta umila. Bere izaeragatik nabarmendu zen eta horregatik osatu da halako liburu mardula. Goi mailako kirolari handi izanagatik, beti mantendu zituen bere izaera eta lagunak.
A.A.: Kirolari bezala ongien definitzen duen titularra Deia egunkariak kaleratu zuen 1992 urtean: ‘Iturzaeta sacrificado por exceso de juego’. Harrigarria bada ere,  Joxe Mari txapelketa batetik kanpora utzi behar izan zuten onegia zelako.

Zer nolako itzala utzi zuen herrian? Eta herritik kanpora?
A.A.:
Andoain mailan palarekiko afizioa nabarmen galdu zen Joxe Marirekin batera. Joxe Mari hil ondoren, jende askok frontoira joateari utzi egin zion, onena ikusita zeukalakoan.
M.P.: Herritik kanpo, hankamotz utzi zuen pala profesionala. Gerora beste palista batzuk etorri ziren arren, ez zuten Iturzaetak erakutsitako mailarik eman. Dudarik gabe, figura handi bat izan zen.


Elkarlana ezinbesteko
Andoni Alvarez, Gaztelekuko pilota arduradunak adierazi duenez, Gaztelekuko kideentzat oso garrantzitsua da liburua argitaratzea, “guri transmititu ez zaiguna, guk hurrengo belaunaldiei transmititu ahal izateko. Gure belaunaldikook oso azaletik ezagutu genuen Joxe Mari, baina hurrengo belaunaldiek gertuagotik ezagutu ahal izango dute liburuari esker”. Gaztelekutik, azken urtean oso arrakastatsuak izan diren pala txapelketa herrikoia nahiz afizionatu mailakoa bultzatzen jarraitzeko asmoa dute aurrerantzean ere eta, bide horretan, oso garrantzitsua iruditzen zaio Andoniri Joxe Mari Iturzaeta batzordeko kideekin elkarlanean jardutea.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!