Caritas elkartea, laguntzea helburu

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko abe. 1a, 09:50

25 urte pasatxo daramatza Caritas elkarteak Amasa-Villabonan eta Zizurkilen lanean. Asteartero, 17:00etatik aurrera, zazpi lagun arduratzen dira eurengana gerturatzen diren pertsonei Villabonako parrokiaren bulegoan harrera egin eta laguntza emateaz.

Bittor Gorria apaizarekin batera, Bittori Tapia, Hilario Urdanpilleta, Jesus Mari Beristain, Kontxi Arozena, Esteban Mitxelena eta Ana Mujikak osatzen dute Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Caritas elkartea. Euren eginbeharra elkartera gerturatzen diren pertsonei harrera egin eta ahal badute laguntzea izaten da. “Etortzen diren pertsonei harrera egin ondoren, bakoitzaren kasua ezagutzeko, datuak hartzen dizkiegu lehenik eta behin. Aurreneko etorrialdian ez zaie ezer ematen. Gerora, gure artean elkartu eta euren egoera aztertu ondoren erabakitzen da bakoitzarekin nola jokatu behar den”, argitu dute elkarteko kideek. Bakoitzarekin jarraitu beharreko pausoak erabakitzerakoan, udaletxeko Gizarte Zerbitzuekin ere harremanetan izaten dira elkarteko kideak eta modu horretan errazago bideratzen dute bakoitzaren kasua, “janaria, botikak edota arropa eskuratzeko dirua nahiz bonoak ematen dizkiegu beharra dutenei; beti ere, euren beharrei erantzun diotela egiaztatzen duten ordainagiriak guri ekartzeko eskatuz. Oro har, hiru hilabeteko laguntza eskaintzen dugu guk, nahiz eta kasu batzuetan luzatu egiten den epe hori”, adierazi dute. Laguntza jaso ahal izateko, gerturatzen den pertsonak Amasa-Villabonan edo Zizurkilen erroldatuta egon behar du, “hala ez dagoenari, erroldatzeko eman beharreko pausoak azaltzen dizkiogu”, jakinarazi dute taldekideek.

Etorkinak bereziki
Bizi dugun krisi garaian, Amasa-Villabonako Caritas elkarteak ez du laguntza eske jende gehiago gerturatu zaienik nabaritu, “datu guztiak jaso behar izaten ditugu laguntza eman ahal izateko eta horrek agian atzeratu egiten du jendea. Dudarik gabe, etorkinak dira gehien gerturatzen zaizkigunak. Egia esan, beraiek dira momentu honetan egoera okerrenean daudenak. Hala ere, herrian bertan ere egongo da garai larria igarotzen ari den jenderik eta kasu horietan ere laguntzea gustatuko litzaiguke, nahiz eta badakigun ezagunak izanda zailagoa izango dela laguntza eske etortzea”, azaldu dute.
Pertsona askok Caritasen inguruko uste okerra duela ere aipatu dute taldekideek, “jende askok uste du Caritasko laguntza jasotzen duena erregearen pare bizi dela. Baina hori ez da egia: guk oinarrizko bizimodua aurrera eramateko laguntza eskaintzen dugu: janaria, botikak edo arropa, nagusiki. Foru Aldundiak errentaren erdia ordaintzen laguntzen badie ere, guk ez dugu etxebizitza ordaintzeko dirurik ematen. Gure helburu nagusia gerturatzen zaizkigun pertsonei bergizarteratzen laguntzea da eta horretarako bideak eskaintzen dizkiegu: ikastaroetara bideratuz, esaterako”. Gizarteratze hori gauzatzeko, Donostiako Laguntza Etxearekin nahiz Etorkinen Departamenduarekin harreman estua mantentzen dute.

Poza eta kezka
Bailarako Caritas elkarteko kideekin ere maiztasunez elkartzen dira Amasa-Villabonako kideak eta kasu ezberdinen aurrean nola erantzun jakiteko formazioa jasotzen dute. Egiten duten lanarekin pozik agertu diren arren, kasu batzuetan kezka ere sortzen zaiela nabarmendu dute: “batzuetan kezka sortzen da nahikoa edo ondo lagundu ote dugun pentsatzerakoan, beste kasu batzuetan engainatu egin ote gaituzten zalantza ere bai. Dudarik gabe, ezezkoa esatea izaten da zailena, baina baldintzak betetzen ez dituenari ezezkoa eman behar izaten zaio”. Kristau elkartearen diru-laguntzarekin egiten dute euren lana Caritasko kideek, “urtean lau diru bilketa egiten dira: Eguberrietan, Garizuman, Gorputz egunean eta irailean. Bilketa horietatik jasotako dirua baliatzen dugu behar dutenei laguntzeko. Orain gutxiago bada ere, Eguberri inguruan hainbat herritarrek dohaintzak ere egiten dituzte”. Elkarteko kideek lerro hauek baliatu nahi izan dituzte hurrengo diru bilketa Eguberri eguneko mezetan egingo dela gogorarazteko eta parte hartzeko deia luzatu diete aukera duten herritarrei.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!