AHTaren eragin zuzena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko abe. 1a, 09:48

Eskualdeko beste zenbait herritan bezala, Zizurkilen ere eragin handia izango du AHT trenak. Tunelak, zubi handiak, errepideak eta betelanak azpimarratu ditu Xabier Pellejero herritarrak.

Trenbidea egiteko lanak antolatzeko, zati ezberdinetan banatu dute ibilbidea eta Zizurkil bi zatiren elkargune izango da; Andoain eta Zizurkil arteko zatia eta Zizurkil eta Hernialde artekoa. Nekazaritza, Ingurumena eta Lurralde antolamendu batzordeko kidea da Xabier Pellejero eta gertutik jarraitu du trenaren afera: “Herritarrei zerbitzu eskasa eskainiko digun trena da AHT eta ondorio larriak ekarriko ditu gainera. Hala ere, argi dago geldiezina dela eta orain, eragingo dituen kalteak ahalik eta txikienak izaten saiatu behar dugu. Herritarrok eta Udalak elkarlanean aritu beharko dugu horretarako. Hala eta guztiz ere, ondorio larriak izango ditu trenak ziurrenik”, azaldu du Xabierrek.  

Adunibar, kaltetuena
Zizurkil eta Andoain arteko zatiaren proiektua jaso dute Udalean eta eragingo dituen kalteen inguruko informazioa eman du Xabierrek: “Adunibar baserrian eragingo du kalterik handiena Zizurkilen. Aduna aldetik, tunelean dator trena eta hortik, Urkamendi alderaino zubi handi baten gainetik pasako da, Adunibar baserriaren ingurutik. Hogeita bost metroko altuera izango duten lau poste handi izango dituzte etxe aurreko belazean. Horietako bat etxetik hogeita hamar metro eskasera egongo da. Egia esan, ez dago oso garbi etxe horrekin zer gertatuko den eta ezjakintasun horretan bizitzea izugarri gogorra da. Bi etxebizitzako etxea da Adunibar eta familia bat bertan bizi da. Inork ez die argitzen etxea bota beharra izango den ala ez, eta ezjakintasun hori latza da. Udala informazio ahalik eta azkarren jasotzen saiatuko da”, azaldu du Xabierrek.

Betelana eta errepidea
AHTa egiteko lanek, gainera, beste zenbait lan ere eskatuko dute: “Udaletxera iritsi den proiektua aztertuta, hiru lan azpimarratu behar dira. Herriaren sarreran egingo den betelana eta betelan hori egiteko beharko duten errepidea batetik, eta tunelaren ahora joango den beste errepide bat, bestetik”.
Xabier Pellejerok eman ditu lan horien nondik norakoak: “Herriaren sarreran, errepidearen ezkerraldean aurreikusi dute betelana egitea. Lau bat metroko altuera duen sakongunea dago bertan, azalera handikoa, eta bertan egingo dute betelana. Proiektuak jasotzen duen bezalako betelana eginez gero, sekulako mendia altxako dute sail horretan eta hori ez da batere txukuna izango. Herriaren sarreran horrelako mendia altxatzea ez da batere txukuna. Nire iritzi pertsonalean, betelanari zabalera handiagoa eman eta Agerreko zuloraino luzatuz, txukunago geratuko litzateke. Esan beharra dago, bestalde, Hernandorena kalean bizi diren herritarrengan eragin zuzena izango dutela lan horiek, makina handiak etxetik oso gertu arituko direlako”. “Ez dago oso garbi nongo lurrak ekarriko dituzten bertara. Pentsatzekoa da Urkamendiko tuneletik ateratako lur eta harriak bertan botako dituztela, baina litekeena da Adunan egingo duten tuneletik ere zerbait ekartzea. Hori, hala ere, ez dago garbi”.

Biltzeko garaia
AHTaren arduradunekin bilerak egiteko beharra azpimarratu du Pellejerok: “Eragin larriak ekarriko ditu trenak, eta orain, larritasun hori nolabait arintzeko garaia iritsi da. Betelana egingo duten gunean, esaterako, saneamenduko hoditeria dago eta Ibiurko ura ekarriko duen hoditeria ere inguru horretan dago. Borondate pixka batekin, arazo horiei irtenbidea eman dakieke eta horixe eskatu beharko zaie arduradunei.
Aipatutako betelanak egiteko, gainera, errepide berria eraikiko dute: “Meriola etxea baino beheraxeagotik sartu, Etxeazpiko eta Etxeberri txiki etxeen gaialdera atera, Agerreko gainak zeharkatu, kanposantu ingurura atera eta hortik behera, Mutioko belazearen erditik eraikiko lukete errepidea, betelana egingo duten guneraino. Sei metroko autopista handia aurreikusten dute, eta proiktuan ageri denez, betirako utziko dute bertan. Trenaren arduradunekin bildu eta nolabait, errepidea zeharkatuko duten lursailak lehengora itzultzea eskatuko diegu. Zaila izango da egindako txikizioa guztiz konpontzea, baina gauzak txukun egitea eskatu behar zaie. Haien borondatearen eskuetan dago gauzak ahalik eta ondoen egitea”.

Kaltetu ugari
Hainbat herritarrei zuzen-zuzenean eragingo diete trenaren lanek: “Adunibar baserriko kideak, Meriola, Etxeazpiko, Etxeberri-Txiki, Zugastizabal, Soroluzea, Agerre, Iruña, Mutio eta Hernandorena kaleko bizilagunak, gertutik biziko dituzte lan horiek. Horrez gain, hainbat lurjabe ere kaltetuak izango dira: Arripitxiko sailak, Olatzakoak, Agerrekoak, Mutiokoak, San Millangoak eta Etxeberritxokoak”.
Dagoeneko hasiak daude kaltetuak izango direnekin bilerak egiten eta aurrerantzean ere, bilerak egiten jarraitzeko beharra izango dela azpimarratu du Xabier Pellejerok: “Datozen hilabeteetan hainbatetan bildu beharko dugula iruditzen zait. Horrez gain, Zizurkilgo Udala hasia dago inguruko herrietako Udal ordezkariekin biltzen, elkarren berri izateko. Guztiek ere antzeko arazoak ditugu eta garrantzitsua da bilerak egitea”.

Bigarren zatiaren proiektua
Zizurkil eta Hernialde arteko zatiaren proiektua ere bidean da: “Prentsan agertu zenez, onartuta dago, baina oraindik ez dugu lortu udaletxera bidaltzerik. Ikusgai dago nola eragingo duen Zizurkilen, baina pentsatzekoa da ezustekoren bat ere gordeko duela. Trenbideak Urkamendi mendia zeharkatuko du aldenik alde eta Burrusti baserriaren inguruan zubi handi bat eraikiko dute. Lan horiek egiteko ere beharko dituzte errepide eta bestelakoak… Proiektua iristen denean ikusiko dugu”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!