Asteasuko Pello Errota ikastetxea Elizmendi auzoan kokatua dago eta orain arte, haur gehienak, autoz edota autobusez iristen ziren bertara. Azaroaren 14z geroztik, ordea, martxan da Oinbusa izeneko ekimena. Asteasuko plazatik abiatu, eta eskolaraino, oinez joaten dira haurrak goizero.
Sei guraso eta bi irakasleren artean hartu dute haurren begirale lana bideratzeko ardura. Idoia Zulaika Guraso elkarteko kide da eta Oinbusa ekimeneko partaide: “Aurreko ikasturte amaieran sortu zen haurrak eskolara oinez ekartzeko ideia, eskolako irakasleen bidez. Beste herri batzuetan egiten zela bagenekien eta hemen ere aukera polita izango litzatekeela iruditu zitzaigun. Aurtengo ikasturtea hastearekin batera egin genituen lehendabiziko bilerak eta azaroan jarri dugu martxan eskolako Oinbusa”.
Berrogei haur inguruk eman du izena Oinbusean. “Ekimena hasi zenetik hona, geroz eta haur gehiago etortzen da. Bost urtetik gorako haurrei zuzenduta dago Oinbusa, baina txikiagoren bat ere etortzen da. Oinbusean etortzen diren anai-arreba helduxeagoak dituztenek ere oinez etorri nahi izaten dute eta bat baino gehiago dira hala etortzen direnak”, azaldu du Miren Gorostidi begiraleak. “Nire seme txikiena, esaterako, oinez etortzen da arreba ere hala etortzen delako”, gaineratu du.
Zortzi begirale, txandaka
Sei gurasok eta bi irakaslek hartu dute Oinbusaren ardura nagusia: “Oinbusa martxan jartzeko lehen pausoak ematen hasitakoan, haur guztiek gutun bana ekarri zuten etxera. Ekimenaren berri emateaz gain, haurrek zein gurasoek izena emateko epea zabaldu zuten. Sei guraso animatu ginen ekimenean parte hartzera. Binaka joaten gara haur taldearekin, astebeteko txanda betez. Begirale bat haur taldearen aurretik joaten da eta beste bat atzetik. Gurasoez gain, bi irakasle ere Oinbuseko partaide dira. Beraz, eta zortzi pertsona garenez, lau txandatan antolatu ditugu begirale lanak”, azaldu du Idoiak.
Idoia Zulaika, Elena Milla, Olatz Albisu, Olivia Bea, Raquel Pascual eta Miren Gorostidi gurasoak, Irene Olazabal eta Aitor Atxega irakasleekin batera ari dira Oinbusean. “Guraso gehiagoren partaidetza eskertuko genuke, modu horretan, tarte handiagoarekin izango genuke Oinbusaren ardura. Orain antolatuta dugun moduan hilean behin egiten dugu eta erraz egiten da, baina zenbat eta jende gehiagok parte hartu, orduan eta errazagoa izango da”, azpimarratu du Elenak.
Hamar minutuko bidea
Goizeko bederatziak bost gutxiagotarako jartzen da martxan Oinbusa. Udaletxe aurrean elkartzen dira begiraleak lehendabiziko haur taldearekin. Oinez abiatu eta bederatzietarako Oinbusa bigarren geltokira iristen da, Kutxa parera. “Handik gora, eskolarako bidea hartzen dugu. Andazarrateko errepidea oinezkoentzako pasabidetik gurutzatu eta Elizmendi aldera joaten gara, begirale bat aurretik eta beste atzetik garela. Haurrak oso gustura eta txintxo igotzen dira. Hamar bat minuturen buruan eskolan izaten gara”, azaldu du Idoiak. “Geroz eta haur gehiago ari da izena ematen eta pixkanaka, indarra hartzen ari da ekimena. Doako zerbitzua da eta haurrak oso gustura dabiltza gainera”, gaineratu du.
Marrazki eta guzti
Kolore biziko petoak jantzita ibiltzen dira Oinbuseko begiraleak: “Bi geltokietan eta petoetan, Oinbusaren marrazki koloretsua jarrita dago. Eskolako guraso batek egin du marrazkia eta oso modu egokian adierazten du ekimenaren muina; haur taldea ageri da oinetako forma duen autobus batean sartuta, eskolara bidean”.
Eskolako ikasleek aukeratu dute ekimenaren izena: “Bost eta seigarren mailako ikasleen artean erabaki dute ekimenari Oinbusa izena jartzea eta oso egokia da”, azpimarratu du Idoiak.
Momentuz, eguraldi ona izan dute Asteasuko lagunek, baina txarrari ere ez diote beldur handirik: “Gure asmoa, eguraldi txarrarekin ere oinez etortzen jarraitzea da. Oso txarra egiten duenetan beste erabakiren bat hartu beharrean izango gara agian, baina momentuz, ahal den guztietan Oinbusa erabiltzen jarraitzeko asmoa dugu”, azaldu dute.
Goizeko zerbitzua
Goizero-goizero abiatzen da Oinbusa Asteasuko plazatik. “Eguerdietan eta arratsaldetan, norberak bere modura egiten ditu eskolako joan-etorriak. Izan ere, ikasle batzuk jangelan geratzen dira, beste batzuk eskolaz kanpoko ekintzak izaten dituzte..., eta zailagoa da oinez elkarrekin jaisteko antolatzea. Momentuz, goizetako zerbitzua dugu martxan”, diote Oinbuseko kideek.