Marka ikusgarria Joxe Ramon Usabiagak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko abe. 1a, 09:42

Eskualdea apustu giroan murgilduta dabil azken hilabeteotan. Azkena, azaroaren 12an jokatu zuen Joxe Ramon Usabiaga asteasuarrak, marka ikusgarria lortuz.

Erronka handia zuen Joxe Ramon Usabiagak. Hogeita hamabost kilometroko mendi itzulia egin ondoren, lau kanaerdiko ebaki behar zituen Santa Marina ermitan. Sei ordu eta erdiko muga jarria zion bere buruari, baina uste baino lehenago, bost ordu eta bederatzi minutuan amaitu zituen lanak. “Oso gustura geratu nintzen egindakoarekin. Nire kezkarik handiena aizkoran egitea zen; beldurra ematen zidan lanak amaitu ezinik geratzeak”.

Sanestebanetatik Samartiñetara
Azaroko erronka honen istorioa abuztuan hasi zen gauzatzen: “Larraulgo San Esteban jaietan, herri kirol saiorako trontzak behar zituztela eta, haiek eramatera joan nintzen. Martin Arizeta larrauldarra hurbildu zitzaidan erremintak baino gehiago, aizkoran ariko zen norbait behar zutela esanaz. Artean, sekula aizkoran aritu gabea nintzen, baina animatu eta parte hartu nuen. Jende asko zegoen ikusten eta kontua zabaldu egin zen. Horrek ireki zuen erronkarako bidea”, azaldu du Joxe Ramonek. “Abuztuan, egunpasa egin genuen hogei laguneko koadrilak, Nafarroako Aundimendin. Afaltzen ari ginela, Larraulgo aizkora saioaren kontua atera zen eta Zelestino Arrizabalaga lagunak, erronka bota zuen. Bi aldiz pentsatu gabe bostekoa eskaini nion eta apustua lotuta geratu zen. Hogei lagunentzako afaria jarri genuen jokoan eta data ere finkatuta geratu zen; azaroaren 12a”, jarraitu du.

Lan handiak
Ez ziren lan makalak proposatutakoak: “Zizurkil Goiko plazatik atera, Andatzara igo, mendi hori inguratzen duen pistari itzuli bat eman, Saskarate baserri ingurutik doan bidean barrena Andazarratera joan, Erniora igo, Santa Marina ermitara jaitsi eta han, lau kanaerdiko ebaki”.
Atzera egiterik ez, eta prestaketa lanetan hasi ziren bi lagunak: “Mendiak ez zidan horrenbesteko beldurrik ematen, aizkoran ordea, norbaiten laguntza beharko nuela banekien. Garikoitz Etxeberria amasarraren bidez, Zizurkilgo Joseba Otaegirekin harremanetan jarri nintzen eta berehala eman zidan baiezkoa. Astean pare bat aldiz elkartzen hasi ginen, aizkoran ikasteko”.   
Ikusmin handia sortu zuen eskualdean Zelestino eta Joxe Ramonen arteko apustuak: “Jendeak gehiegizko lanak zirela esaten zidan, ez genuela amaitzerik lortuko. Zelestinorekin hitz egin eta Andatzako pistari itzulia ez egitea proposatu nion, bion onerako. Hark, ordea, erronkari bere horretan eustea erabaki zuen eta aurrera egin genuen”.

Aurkaria, mina hartuta
Urriaren 16an, ordea, ezustekoa gertatu zen: “Zelestinok mina hartu zuen belaunean. Hasieran, apustuko eguna atzeratzea erabaki genuen. Ez zegoen oso garbi noiz egiterik izango genuen, ordea, eta azkenean beste erabaki bat hartu genuen. Ni ondo prestatuta nengoen eta erronkari bakarrik aurre egiteko prest azaldu nintzen. Horrelaxe egin nuen azaroaren 12an”. Jokoan jarritako bazkaria, berriz, bien artean ordaintzeko erabakia hartu zuten.

Hogeita hamabost kilometro
Azaroaren 12an, goizeko 07:00etan ekin zion lanari Joxe Ramon Usabiagak. “Azarola ingururaino oinez igo nintzen, aldapa handi samarrak daudelako. Andatzako itzulia, berriz, korrika egin nuen. Momenturen batean bete egin nintzen, baina nahiko ondo eutsi nion. Iñaki Urkola lagunarekin egin nituen lehen kilometro horiek eta asko eskertu nuen laguntza hori”. Andazarraterainoko biderik gehiena ere korrika egin zuen Joxe Ramonek. “Koadrilako lagunak izan nituen aldamenean; Aitor Sarasua, Pello Argaia, Mikel Ugartemendia... Ernioko igoera oso ondo egin nuen eta beherakoan zangoetan kalanbre txiki batzuk izan banituen ere, gustura iritsi nintzen Santa Marina ermitara. Mendiko itzulia gogorra zen eta uste baino lehenago amaitu nuen”. Lau ordu eta erdian egin zituen mendi itzuliko hogeita hamabost kilometroak.

Arazoak bigarren enborrean
Aizkoran egiteko garaia iritsi zen Santa Marinan. “Beldur pixka bat ematen zidan aizkorak; ez nekien lanak ondo bukatzeko gai izango nintzen edo ez. Egurraren gainean ondo eutsi nion, ordea, eta ia geldialdirik egin gabe amaitu nituen lanak”, azaldu du. “Arazorik handiena bigarren enborrean izan nuen. Itxi egin zitzaidan eta ez nuen asmatzen. Joseba Otaegiren gomendioei jarraituz, enbor hura bere horretan utzi eta hirugarrenera pasa nintzen. Hortik aurrera nahiko txukun aritu nintzen eta laugarren enborra botatakoan, bigarrenera itzuli eta lanak amaitu nituen”.
Oso gustura ageri da Joxe Ramon egindakoarekin: “Uste baino hobeto amaitu nuen. Egun borobila izan zen, gogoratzeko modukoa. Koadrilan bazkaldu eta egunpasa ederra egin genuen elkarrekin”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!