Liztor asiarra gurera iritsi da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko aza. 28a, 15:52

Bertako erleak hil eta jaten ditu liztor asiarrak. 2004an iritsi zen Frantziara eta oso modu azkarrean ari da zabaltzen. Urriko azken astean, liztor horiek egindako habia ikusgarria azaldu zen Zizurkilen.

Ondo heldutako fruituak eta loreen nektarra jaten dute batez ere Asiako liztorrek, baina beharrezko dituzten proteinak biltzeko, erleak eta bestelako intsektuak ere jaten dituzte. Hortik, bertako erlauntzetan eragiten dituzten kalteak. Hala azaldu du Peio Argaia erlezain zizurkildarrak: “Erlauntzaren inguruan egoten dira zain, eta erlea iristen denean, harrapatu, hankak eta burua moztu, eta jan egiten dute. Batzuetan, erlea hartu eta habiara ere eramaten dute bertan jateko. Kalte handiak eragiten dituzte”.

Asteasu errekaren gainean
Urriko azken egunetan, Zizurkilgo udaletxean jaso zuten habiaren inguruko lehen berria eta azaroaren 1ean, iluntzean egin zituzten habia kentzeko lanak. Peio Argaia, erlezaina eta Iñaki Guridi, herriko langilea aritu ziren lan horiek egiten: “Zazpi bat metroko altueran zegoen habia, lizar baten adarren artean eta Asteasu errekaren gainean. Hasieran, garabi bat erabiltzea pentsatu genuen baina tokia ez zen horretarako batere egokia eta azkenean, neroni igo nintzen zuhaitzera. Zenbait adar moztu eta habia libratu zenean, zaku batean sartu nuen. Liztor gutxi batzuk hegatu ziren, baina gehientsuenak habiaren barruan zeudela esango nuke. Iluntzean egin behar izaten dira lan hauek, egunean zehar liztorrak habiatik kanpora izaten direlako, elikagaia bilatzen. Behin habia zakuan sartuta, izozgailuan sartu nuen. Liztorrak akabatu nahi nituen, baina ikusteko moduan gordetzea ere egokia zela iruditu zitzaidan, horregatik erabaki nuen izoztea”, azaldu du Pellok.

Herritarrei deia
Bizilagun batek eman zuen habiaren inguruko berri. “Oso habia handia zen eta tamaina hori izatera iristeko, udaberriaz geroztik han izango zen. Harritzekoa izan da orain arte inork ez ikusi izana, jende asko pasatzen den tokia baita; Asteasuko errepidearen ondo-ondoan eta baratze batzuetatik metro gutxira. Nik neronek, banekien inguruan habiaren bat izango zela, etxeko erlauntzetan liztorrak ikusten nituelako. Behin baino gehiagotan saiatu izan naiz zein norabidetan joaten ziren ikusten, baina oso zaila zen modu horretan habia bilatzea. Herritarrei esan nahi diet, horrelakorik topatuz gero, abisua eman dezatela”, azpimarratu du Peiok.  Hamabost bat kiloko pisua du Zizurkilen bilatutako habiak. “Zuhaitzen azala erabiltzen dute habia egiteko. Azala kendu, txikitu eta pixkanaka, habia handitzen joaten dira. Asko gustatzen omen zaie erreka inguruetan eraikitzea, baita arrautzak jartzea ere. Errekak babesa ematen die eta eguraldi hotza etorrita ere, urak tenperatura mantendu eta normalean erreka bazterretan ez du uzten izotzik egiten. Oso animalia azkarrak dira eta ondo babesten dute euren burua”, azaldu du.

Liztor erasokorrak
Kontu handiz ibili behar da Asiatik etorritako liztorrekin: “Sei milimetroko eztena dute eta aztoratuz gero, oso erasokorrak dira. Jantzi berezia janzteko gomendioa eman zidaten erlezainen elkartetik. Gainera, likidoren bat jaurtitzeko gai ere ba omen dira eta horregatik, beharrezkoa da betaurreko bereziak jantzita hurbiltzea. Horrez gain, habiak altuera handietan eraikitzea gustatzen zaie eta horrek, zaildu egiten du kentzeko lana. Zizurkilgo habia lizar baten adarretan zegoen eta lizarren adarrek ondo eusten diote pisuari; horregatik erabaki nuen neroni zuhaitzera igo eta ahalik eta osoen mantentzea”.
Gipuzkoan agertu diren habiak oso modu ezberdinetan kendu izan dira orain arte. “Donostian agertutakoak, esaterako, bertako suhiltzaileek kendu zituzten, badakit zenbait erlezainek habiak bota eta erre egin dituztela eta altuera handian zeuden zenbait habia tiroz bota dituztela ere entzun dut. Horrez gain, izurriteen aurkako tratamenduak egiten dituen enpresa batek beste sistema bat erabiltzen omen du; lehendabizi habiari pozoina bota eta ondoren, dagoen tokitik kendu”, argitu du Peiok.

Zabalkunde azkarra
2004an iritsi ziren lehen liztor asiarrak Europara. Frantzian atzeman zituzten lehen aleak. “Litekeena da garraiobideren baten barruan etorri izana; itsasontzian, hegazkinean… 2004an iritsi zirenetik, oso azkar zabaldu dira. Urtebete behar izan zuten Europako girora moldatu eta indartzeko. Ordutik aurrera, erraz zabaldu dira eta aurrerantzean ere, horrela izango dela iruditzen zait. Lehen habia bilatu dugu eskualdean eta aurten, nik jakin dudanez, beste zortzi bat gutxienez bilatu dituzte Gipuzkoan. Horietatik sortuko diren erreginek, habia berriak egingo dituzte datorren udaberrian eta pixkanaka, toki gehiagotara zabalduz joango dira. Momentuz, Euskal Herriko puntu batzuetan azaldu dira habiak, baina laster, penintsula osoan zehar ikusiko ditugula uste dut”, azaldu du Peiok.

Irtenbide bila
Datorren udaberriari begira jarrita dago Peio: “Neguarekin batera, habiako erregina eta liztor langileak hil egiten dira, baina ordurako, jaioak izaten dira erregina berriak eta negua, babespean pasatzen dute. Ona izango litzateke udaberrian babeslekuetatik aterako diren erreginak harrapatzea. Horretarako, tranpa bereziak presta daitezke. Garagardoa, ardoa eta ziropa erabiliz liztorrak erakar daitezke eta nahasketa hori plastikozko botila batean sartuz gero, ez da zaila harrapatzea. Harrapatutako erregina bakoitzak, habia bat gutxiago izango dela esan nahi du”.
Liztorrei txip bat jartzeko aukera ere ez du baztertzen Peiok: “Liztor handiak dira eta arazorik gabe jar dakizkieke txipak. Modu horretan liztorra non dabilen jakin daiteke eta horrek erraztu egiten du habien bilaketa. Irtenbide hori, nolanahi ere, garestia da eta ez dago argi nork egin behar dion aurre gastu horri”.

Naturaren bidea
Naturari bere bidea egiten utzi behar zaiolakoan dago Peio: “Asiako erleek, liztorrengandik defendatzeko modua bilatu dute. Erlauntzara hurbiltzen den liztorra inguratu eta berotasuna sortzen dute. Berrogei gradu arteko tenperatura ere sortzen omen dute erleek eta modu horretan, liztorra ito egiten dute. Hemengo erleek ez dute denfendatzeko modu hori garatu, eta ikusi egin behar, ikasten duten edo ez. Horrenbeste urtetan zehar bizirik irautea lortu duten animaliek, arazoari aurre egiteko bidea bilatuko dutela iruditzen zait niri, ikusiko dugu”.
Hogeita hamar bat milimetro neurtzen dute liztor asiarrek. “Hemengo berezko liztorra ere tamaina beretsukoa da, baina kolore horiagoa du. Asiatik etorritakoa beltza da eta buruan nahiz gorputzaren bukaeran kolore gorrixka du”.

Zizurkilgo liztorren habia
  • Hamabost bat kilo pisatzen zituen eta esfera formakoa zen.
  • Bi mila liztor inguru batzen zituen bere barnean.
  • Udaberrian hasi ziren liztorrak habia hori eraikitzen. Otsaila inguruan jaiotzen dira erreginak eta apirila inguruan hasten dira habia eraikitzen. Lehen errunaldia izaten du lauzpabost zentimetroko habia txikian. Errunaldi horretatik jaiotzen diren liztor langileek heltzen diote habia handitzeko lanari.

Erleekin lanean
Erleen inguruan gizartean dagoen izua arrazoirik gabea dela azpimarratu nahi du Peiok. “Oso onuragarriak dira naturarako eta ematen dizkiguten produktuak ere oso aberatsak dira. Eztiaz gain, propoleoa, jalea, argizaria, polena…, produktu asko ematen digute erleek. Zientzialari bati entzun nion behin, etxean erlauntza duenak, farmazia bat duela. Hori horrela izanda ere, erleek beldurra eragiten diote jende askori eta irudi txar hori hautsi egin behar dela iruditzen zait. Erleek ez dute erasorik egiten arrazoirik gabe. Momentu bakarra da kontuz ibili beharrekoa; erlezaina erlauntza irekita lanean ari denean erleak aztoratu egiten dira eta ez da komeni gehiegi gerturatzea. Gainerantzean, ez dute arriskurik sortzen”.
Laurogei kilo ezti inguru sortzen du Peiok urtean: “Urte guztiak ez dira berdinak eta erlauntza batetik bestera ere, asko aldatzen da ezti kopurua. Etorkizunera begira, komenigarria izango litzateke erlezain gehiago izatea. Produkzioa handitzea baino gehiago, onuragarria izango litzateke erlauntzak toki gehiagotara zabaltzea”.


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!