Motozaleek badute elkartea Amasa-Villabonan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko aza. 28a, 15:48

Amasa-Villabonako motozaleek elkartea sortu berri dute herrian. Hogei bat kide dira guztira eta helburu nagusia, errepidera ateratakoan taldean motozalea babestuta sentitzeaz gain, hainbat irteera eta ideia partekatzea da.

Tarteka egiten dituzten bilgune eta txangoez gain, korreo elektroniko bidez mantentzen dira harremanetan motozale elkarteko kideak. Bertan zehazten dituzte proposamenak edota egutegia, bidea elkarrekin egitea ahalbidetuz.
Urriaren 15ean bildu ziren lehenengoz elkarteko kideak Amasako Kultur Etxean eta erantzun bikaina izan zuen lehen bilkura hark, 15 lagun elkartu baitzen guztira. Elkarrizketatuek sortu zen giro ona nabarmendu dute: “adin nahiz izaera ezberdineko pertsonak elkartuagatik, oso giro ona sortu zen hasiera-hasieratik. Bileran elkartearen asmoak azaldu genituen. Asmo sendoko baina izaera sinpleko elkartea da gurea, estatuturik gabekoa. Inguruan zaletasun handia dagoenez, gure nahia motozaleak elkartzeko topagune bat izatea da; bereziki motozalea taldean babestuta senti dadin eta elkarren artean ideiak eta asmoak elkarbanatu eta elkarbizitzeko aukera izan dezagun”. Euren lehen biltokia Amasako Iturrigoxo taberna-jatetxea izan zen eta huraxe dute orain ere euren topaleku, “inork elkartearen inguruan datu zehatzagorik jakin nahiko balu, beraz, Iturrigoxora gerturatzea litzateke biderik zuzenena”, zehaztu du Enekok. “Oraingoz kide gehienak mutilak garenez, neskak ere anima daitezela. Gero eta neska gehiago ikusten da motorrean, baina gugana inor gutxi gerturatu da orain artean”.

Euria etsai
Elkarteko kideek dagoeneko hainbat ekimen burutu dute: lehenik eta behin, urriko bileraren ondorengo afaria aipatu dute, oso oroitzapen ona gordetzen baitute elkartu ziren lehen gau hartaz. Motorrarekin lotuta, berriz, Los Arcosko zirkuitora joan ziren lasterketa bat ikustera, Bardeetara edota Lekunberri aldera ere joanak dira motorraz  eta paisaiez gozatzera...
Euren korreo elektronikoa ideiak emanez eta proposamenak jasoz etengabe martxan badago ere, aurrerago zehaztuko dituzte irteera gehiago. Izan ere, Jokinek azaldu duen bezala, “negua ez da motorrean ibiltzeko urtarorik egokiena. Haizearen kontra molda gaitezke, baina ez euriaren kontra. Errepide bustia arriskutsua da motorrean ibiltzeko”.
Elkarteko kide izateko baldintza bakarra motorra edukitzea edota gutxienez motorrarekiko zaletasuna izatea litzateke. “Kide gehienok motorra badugu ere, motorrik gabeko bat edo bestek ere hartzen du parte taldean, ideiak emanez”.

Motorraren gorakada
Hirukotea bat etorri da azken urteotan errepidean geroz eta motor gehiago ikusten dela esaterakoan. Kopuruaren gorakadaren arrazoia argi ez badute ere, agian motorraren mantenua autoarena baino merkexeagoa delako aipatu dute. “Eguraldi aldaketak ere izan dezake horretan eraginik, giro onarekin jende gehiago animatzen baita motorrean ibiltzera. Gainera, autoa aparkatzea baino errazagoa izaten da motorra aparkatzea”, azaldu du Arantxak. Motor kopuruaren gorakadak herri askotan haiei zuzendutako aparkalekuak egitea ekarri duela ere jakinarazi dute, “Villabonan ez dugu oraindik halakorik, baina behar handirik ere ez dugu sumatu orain artean. Tolosan edo Hernanin, esaterako, orain gutxi egin dituzte motorrentzako aparkalekuak. Oso ondo etortzen dira; askotan auto artean motorra uztea ez baita erraza izaten”.

Gogoko zaletasuna
Jokin Zabalak gaztetxotatik du motorra, “txiki-txikitatik gustatu izan zaizkit eta hamazpi urte nituela eduki nuen lehena: Bultaco Brincoa. Gerora, denbora tarte bat motorrik gabe igaro ondoren, duela 12 urte erosi nuen orain erabiltzen dudana”. Jokinentzat aisia igarotzeko modu atsegina da motorrean ibiltzea eta hainbat irteera egin izan du kanpora: Parisera bitan, La Hayara… Madrilen bizi zela, Toledora edota Segoviara maiz joaten zen. Pirinioak ere zeharkatu ditu motorrean. Motorrari gustua hartzea erraza dela uste du. Eneko Bergarak motorrak adikzioa sortzen duela dio, “urtetan mendiko motorrarekin ibili eta gero, orain urtebete eskas ekarri nuen errepidekoa. Aurrez gida-baimena atera nuen eta orain artean hemen inguruan ibili naiz: kostaldean nahiz Nafarroan barrena. Lanerako ere ateri dagoen guztietan erabiltzen dut. Aurrera begira, irteera luzeagoak egitea gustatuko litzaidake”, azaldu du. Arantxa G. de Amezagak, berriz, joan zen abenduan gida-baimena atera eta urtarrilean erosi zuen motorra, “senarrak animatu eta biok hasi ginen. Dagoeneko 10000 kilometro egin dizkiot motorrari; uda honetan Geronaraino joan ginen Pirinioak zeharkatuz. Gainerakoan, hemen inguruan ibili naiz. Donostiara lanera joateko ere oso ondo etortzen zait”, azaldu du.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!