Ehiza garaia puri-purian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko aza. 28a, 15:37

Ume-umetatik datorkio Iñaki Tapia asteasuarrari ehizarako zaletasuna. Herri inguruan nahiz Nafarroan aritzen da ehizean, oilagorretan bereziki.

Asteasuko Goiballaran jaio eta hazitakoa da Iñaki Tapia eta bertako lagunekin hasi zen ehizean: “Joxe Garmendia eta bere koadrilako kideekin hasi nintzen oilagorretara ateratzen. Inguru hauetako etxe gehienetan bezala, gurean ere baziren ehizarako txakurrak eta umetan piztu zitzaidan zaletasuna. Ni baino zaharragoak ziren koadrila arteko kideak eta haiek erakutsi zidaten ehizean. Hemezortzi urte betetakoan, beharrezko lizentzia atera eta nire kasara joaten hasi nintzen. Etxe inguruko mendi sailetan egin nituen lehen ehizaldiak eta pixkanaka, gehiago ateratzen hasi nintzen”.

Berezko zaletasuna
Ehizarekiko zaletasun handia duela aitortu du Iñakik. “Umetatik etortzen den zaletasun hori, berezkoa den hori, barru-barruan eramaten dugu. Badira geroago ehizean hasten direnak ere, baina horiek ez dira hain itsuak izaten. Guk urte osoa pasatzen dugu denboraldiaren zain eta garaia iristean, horretara jartzen gara bete-betean”.
Usoetan aritu izan da Iñaki noiz edo noiz, eta basurdetara ere joan izan da: “Basurde ehiza, ordea, ez zitzaidan gehiegi gustatu. Koadrila handietan joan beharra dago basurdeak ehizatzera. Koadrilako buru egiten duenak agintzen du zer egin behar den eta gainerako kideek, harek esandakoa egin behar izaten dute. Nik askoz ere nahiago izaten dut nire kasara ibiltzea, horregatik gustatzen zait gehiago oilagorretan aritzea. Nik nahi dudan tokietan ibil naiteke, nahi dudan moduan eta gustatzen zaidan bezala”.
Asteasuko eta inguruko mendi sailetan ibiltzen da Iñaki, baina kanpora joateko ohitura ere badu: “Nafarroara joatea gustatzen zait eta astean behin edo bitan gutxienez, txakurrak hartu eta hara joaten naiz. Gipuzkoa, berez, oilagorretarako toki egokia da. Hegazti honek lursail umelak ditu gustuko, eta hemen ez da euririk falta izaten. Arazoa, ehiztari kopuru handia izaten da. Zaletasun handia dago hemen eta mendi sailak, berriz, txikiak dira. Edozein egunetan ehizera atera, eta ez da batere harritzekoa beste bi edo hiru ehiztarirekin topo egitea. Horrek asko zailtzen du oilagorren bat bilatzea. Horregatik joaten gara kanpora. Nafarroan, esaterako, mendi sailak askoz ere handiagoak dira eta lasaitasun gehiagoz egin daiteke oilagorretan. Horrek, noski, ez du esan nahi joandako guztietan oilagorren bat botatzen denik”.

Denboraldi txukuna
Urriaren 12an hasi zen oilagor denboraldia eta pozik dago Iñaki orain arte egindakoarekin: “Oraindik oso garaiz da esateko, baina momentuz ez dago kexatzerik. Lehen oilagorrak botatzea lortu dut eta gustura nago. Ehiza asko sartutako egun bereziren bat edo beste ere izan da eta horrelakoak ez dira erraz ahazten. Orain, ikusi egin behar hemendik aurrera zer ematen duen”. Lagunei eta ingurukoei oparitzen dizkie oilagorrak eta etxean ere jaten dute bat edo beste.
Europatik Afrikarako bidean doazen oilagorrak ehizatzen dituzte Gipuzkoako ehiztariek. “Nire ustez, hego haizearekin iristen dira lehen oilagorrak. Usoarekin batera etortzen direla esango nuke. Iristen diren horiek bilatzea eta botatzea beste kontu bat izaten da gero. Negu aldean, ekaitzen bat iristen denean gerturatzen dira hona berriz. Gauetan belazeetara ateratzen dira, jatera, eta egunez berriz, basoetako babesean ezkutatzen dira. Egun gutxi batzuetako atsedena hartu ondoren, bidaiari ekiten dioten berriz. Denbora gehiagoz gelditzea erabakitzen duten oilagorrek, berriz, ez dute luzaro irauten. Ehiztari asko dago Gipuzkoan eta batek ez bada besteak, laster botatzen ditugu”.

Opor egunak, ehizarako
Asteburuetan ez ezik, aste egunetan ere ehizera joaten da Iñaki ahal duen guztietan. “Udaran oporraldi txiki bat egiten dut, baina egun dezente gordetzen dut ehiza garairako. Modu horretan, astean egun pare bat ehizera joateko aprobetxatzen dut. Eskerrak eman behar dizkiet etxekoei nire zaletasun honetan babesten nautelako. Emazteak, amak…, inork ez dit ehizera joateko trabarik jartzen eta ahal duten guztian laguntzen saiatzen dira gainera. Zaletasun honek lotura pixka bat ekartzen du eta ehiztari batek baino gehiagok utzi beharra izaten du etxekoen haserreagatik. Nire kasuan berriz ez da horrelakorik gertatzen eta hori eskertu beharra daukat”, azaldu du Iñakik.
Bi seme txiki ditu Iñakik eta haiek ere badute ehizarekiko zaletasunik: “Zazpi urte ditu zaharrenak eta lau seme gazteenak; oraindik oso txikiak dira, baina gustuko dute txakurrak hartu eta nirekin batera mendira joatea. Asteasu ingurun buelta txikia egin eta etxera etortzen gara hirurok, pozik”.
Urtarrilaren 31n amaituko da aurtengo oilagor denboraldia. Halaxe izaten da urtero; urriaren 12an hasi eta urtarrileko azken egunean amaitu. “Iaz, ordea, hamabost bat egunez luzatu zuten denboraldia. Elurteak direla eta, oilagorrak babesik gabe geratzen dira eta itxi egiten dute oilagor ehiza. Horixe gertatu zen iaz eta horregatik, hamabost egun gehiago eman zituzten otsailean. Ikusiko dugu aurten zer gertatzen den. Garai batean, kontrapasa garaian ere ehiza zitekeen oilagorra, baina hori amaitu zen eta denboraldia pixka bat luzatu izan dute hori konpentsatzeko”.

Zaletasun garestia
Gipuzkoan bertan aritzeko, ehiza zaletasun merkea dela azaldu du Iñakik: “Beharrezko lizentziak eta asegurua ateratzea nahikoa da. Oilagorretan aritzeko, gainera, kartutxo asko ez da behar, orokorrean tiro gutxi egiten delako. Lehen esan bezala, ordea, Gipuzkoan sail gutxi dago ehizerako eta beste tokietara joatea gustatzen zaigu. Horrek garestitzen du ehiza. Kotoa ordaindu beharra izaten da eta normalean, nahiko garestiak izaten dira gainera. Horrez gain, etxetik ordu eta erdiko bidea izaten da gutxienez, eta gasoila ez dago batere merke. Ni egunean bertan itzultzen naiz etxera, baina lotan geratu behar baduzu, oso garesti ateratzen da”.
Europa aldetik datorren hegaztia da oilagorra eta orain arte ohitura handirik izan ez bada ere, geroz eta gehiago dira iparraldera joateko erabakia hartzen duten gipuzkoarrak: “Frantzia aldera, Serbia, Bulgaria, Kroazia, Errumania…, toki horietan bizi da oilagorra eta pixkanaka, jendea hara joaten hasi da. Hala ere, han ere zorte pixka bat beharko da ehizean egiteko”.

Ehiza zaila, oilagorrarena
Berez duen zailtasunagatik gustatzen zaio Iñakiri oilagor ehiza: “Oilagorrak ez dira ikusten, bilatu egin behar dira eta horretarako, txakur onak edukitzea ezinbestekoa da. Bilatuta ere, ez da erraza botatzea. Ehizatutako oilagor bakoitza gogoan izaten dugu, eta zailtasunez botatakoek, poz berezia ematen dute. Askotan gertatzen da, oilagorra aurrean ibili eta egun osoa pasa ondoren, bota gabe etxera itzuli beharra. Beste batzuetan, ordea, pare bat orduko buelta eginda bi oilagor ehizatzea ere egokitu daiteke. Zorteak ere izaten du zeresanik”.

Ehiza-txakurrak, zaletasunik handiena
“Nire zaletasunik handiena txakurrak dira. Setter inglesak ditut eta urte osoan ibiltzen naiz haiekin. Lanetik atera eta libre ditudan tarte guztiak, mendira joan eta txakurrekin ibiltzeko aprobetxatzen ditut. Momentu honetan lau txakur dauzkat, bi ar eta bi eme. Haietako bi gazteak dira oraindik eta beste biak ondo ibiltzen dira ehizean. Normalean, binaka eramaten ditut mendira; ondo dakien bat, gazte batekin. Lau txakurrekin joatea gehiegizkoa litzateke, oso zaila delako guztiak kontrolpean izatea”, azaldu du Iñakik.
Txakur on baten ezaugarriez galdetuta, hauxe erantzun du Iñakik: “Ehizarako zaletasuna behar du. Berezkoa ez duen txakur bati erakustea ez da ezinezkoa, baina beti izango du lanerako alferkeria. Berezkoa duen txakurrarekin berriz, askoz ere errazagoa da. Zaletasun hori ekarriko duen txakurra bilatzea da zailena; izan ere, aita eta ama ehiztari amorratuak izateak ez du esan nahi haien kumeak ere halaxe izango direnik”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!