Jexux Mari Irazu, Illunberako txartela poltsikoan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko aza. 28a, 12:26

Atzo arratsaldean, azaroaren 27an, Tolosako Usabal kiroldegian jokatu zen Gpuntuaren bigarren finalaurrekoa. Kiroldegiko kantxa jendez gainezka zegoela, giro ona nagusitu zen bertsoaren itzalean.
Beñat Lizaso, Aitor Sarriegi, Iñigo Izagirre, Jexux Mari Irazu, Nerea Elustondo eta Unai Agirre bertsolariak aritu ziren Saroi Jauregi gai-jartzailearen esanetan. Behetik gora egin zuen Jexux Mari Irazuk eta lanak amaituta, larrauldarrak poltsikoratu zuen puntu kopururik altuena. Ondorioz, abenduaren 18an Donostiako Illunbe zezen-plazan jokatuko den final handirako zuzeneko txartela eskuratu zuen. Puntutan, sei puntuko motzean eta bereziki kartzelakoan erakutsi zuen Irazuk bere mailarik onena:

Hasiera, makalena

Gainerako saioetan bezala, Tolosako finalaurrekoan ere 15na bertso abestu zituen bertsolari bakoitzak. Banaka oholtzaratu ziren bertsolariak eta behin agurra abestuta, lan puntuagarriari ekin zioten. Bakarka, puntua emanda, zortziko txikian aritu ziren lehenik. Saroik jarritako ‘Adinean aurrera zoaz pixkanaka' lehen puntuari honela erantzun zion Jexux Marik: ‘oraindik enabil baldarka-baldarka / 39 urte ta sasoi aparta / oraindikan Irazuk askorako dauka'.

Binaka, zortziko handian Aitor Sarriegirekin batera abestu zuen larrauldarrak eta hauxe izan zen seguruenik saioko bere ariketarik ahulena. Urtebeteko ume baten guraso paperean jarri zituen gaiak bi bertsolariak. Etxera etorritakoan ez batak ez besteak haurra haurtzaindegitik jaso ez zutela konturatu ziren. Aitor Sarriegik azken bertsoan akatsa batek eginagatik errua biona zela esan zionean, hauxe Jexux Mariren erantzuna: bion errua izan liteke / horra zure iritzia / umea etxean nahi nuke orain / bihotza daukat hautsia / aitatasuna disfruta zazu / tokatzen zaizun gutxia / aita moderno izan zaitez ta / har zazu eszedentzia.

Puntuka, umoretsu

Zortziko txikian, puntutan aritzea Beñat Lizasorekin egokitu zitzaion Irazuri. Hauxe gaia: ‘Gaur jarri zarete bizitzen erosi berri duzuen 20 metro karratuko etxean'. Barre algara bat baino gehiago sorrarazi zuen bikoteak ikus-entzuleen artean. Lizaso hasita, hauxe izan zen lehenengo bertsoa: Horri esaten diot nik arrimatzea / guri tokatzen zaigu zutik askatzea / baina ez da erraza zuzen ibiltzea / nola bilatu zenun holako etxea. Hauek hiru eta laugarrenak: Parranda bat hartzeko propio egina / komunzuloa dauka tokirik haundina / ta kopeta gainean beti itugina / hobe zu teilatuan gelditu bazina. // Neretzat bakarrik da neurri-neurrikoa / noizbait jaio baitzinan zu re mutikoa / orain behar dedala neurriko tipoa / hemen daukazu ba bat kategorikoa.

Anai-arreben paperean

Sei puntuko motzean Nerea Elustondorekin abestu zuen Irazuk. Anaia-arrebak ziren Nerea eta biak. Haien gurasoak banatzera zihoazenean, Nereak ulertu egiten zuen erabakia, Jexux Marik ez. Bigarren bertsoan, garai bateko pasioak jada ez zuela balio esan zion Nereak. Hauxe Jexux Mariren erantzuna: Pasioa, frakasoa / zein ote da arazoa / behar bezala ez zuten josi / izango lazoa / eman ezkero pausoa / ez dator trantze gozoa / zeren banatu, banatuko da / famili osoa. Mutikoa isildu dadin elkar agoantatzen ari zirela aurpegiratu zion hirugarren bertsoan Elustondok Irazuri. Larrauldarrak: Etxe batetik bestera / pozik ibiliko al zera / esan aurretik ondo pentsatu zer doan galtzera / etzaie ondo atera / halere hemendik aurrera / gu biogatik merezi dute / bigarren aukera.

Irazuren bakarkako bertso ederrak

Sarreran esan bezala, goi mailako bertsoak abestu zituen Irazuk kartzelako saioan. Hementxe hirurak, gogoan gordetzeko modukoak. Gaia: ‘Azken ordu erdian hamabost aldiz begiratu diozu erlojuari'.

Lepo ondoan kolpetik

sortu zaio arazoa

ez da erabat gezurra

esango dedan kasoa.

Kozkor bat atera eta

ezta trantze erosoa

kirofanoko bidea

beti da bide lausoa.

Ordu erdi barru edo

askatu leike lazoa

bitartean han etzana

nire aitatxo gaixoa,

ordu erdian pasa zait

bere bizitza osoa.

 

Holakoak pasatzean

gainditzea ez da errez

norbere kasua bada

zail da hartzea umorez.

Erlojuari begira

gutxitan egona aurrez

berdin dio igurtzia

den zilarrez edo urrez,

bizitza osatzen baita

ondoez eta gailurrez

erlojuari begira

halako aurpegi xamurrez,

behin betirako gelditu

behar ote dun beldurrez.

 

Ordu erdi zenbat luze

izan leiken azkenean

begiratu, begiratu

pena, kezka barrenean.

Eta poza iritsi da

ordu erdi ondorenean

anestesia pasata

ezagutu nauenean.

Urte batzuek baditu

larogei pasa soinean

beste batzutan aurrera

orain arteko heinean,

eta agur esango dit

ordua iristen denean

Amaieran, sailkapena

Irazuk behetik gora egin bazuen, gainerako boskoteari dagokionez, Sarriegik ez zuen bere egunik onena izan. Erregular aritu zen Unai Agirre hernaniarra. Beñat Lizasok kolpe politak jo zituen zortziko handian eta puntutan. Iñigo Izagirrek kartzelan eta seiko motzean eginiko lana aipagarria izan zen eta Nerea Elustundo oso indartsu hasi bazen ere, behera etorri zen azkenerako.

Azken batean, beraz, Jexux Mari Irazuk eskuratu zuen puntu kopururik altuena: 496. Segidan, Aitor Sarriegi 492, Unai Agirre 490, Iñigo Izagirre 485, Nerea Elustondo 468 eta Beñat Lizaso 458 punturekin etxeratu ziren.

Umoretsu eta sasoiko eman zion amaiera Larraulgo bertsolariak saioari. Etxekoak eta entzuleak gogoan hartuz, Tolosan ere famili giro gozoan jardun zuela adierazi zuen. (Aurreko saioan semeaz eta Tolosakoan aitaz aritu baitzen). ‘Oraindik ere badauzkat gehio / zortzi senide gera ta' jakinaraziz amaitu zuen, pozik, Illunberako bidean.

Amaia Agirre Hernanin

Orain artean jokatutako bi finalaurrekoak irabazita, abenduaren 18an Illunben jokatuko den finalerako tokia bi bertsolarik soilik ziurtatu dute dagoeneko: Jexux Mari Irazu eta Beñat Gaztelumendik. Finalean abestuko duen zortzikotea ezagutzeko, ordea, abenduaren 4ra arte itxaron beharko da, orduan izango baita azken finalaurrekoa Hernaniko Galarreta kiroldegian. Hernanikoa eta gero zehaztuko da, beraz, finalean kantuan arituko diren bertsolarien zerrenda. Hernaniko saioan abestuko du Amaia Agirre billabonatar bertsolariak ere. Zorte on, bada!

Illunbeko finalerako sarrerak

Abenduaren 18an Donostiako Illunbe zezen-plazan jokatuko den finalerako 3000 sarreratik gora saldu da dagoeneko. Salmentaren erritmoa ikusirik, talde antolatzaileak finalera joatekotan diren bertsozaleei sarrerak aurrez erosteko gomendioa luzatu die, azken egunetan sarrerarik gabe geratzeko arriskua saihesteko. Sarrerak eskuratzeko aukerak: 1.-Internetez, txapelketako webgunean. 2.-Gipuzkoako hainbat herritako ohiko saltokietan. 3.-Abenduaren 4ko Hernaniko azken finalaurrekoan.

Sintonia berria Gpuntuak

Arrasate nahiz Tolosako finalaurrekoetan, kartzelako sintonia berria izan zuen Gpuntuak. Halaxe izango du Hernaniko saioak nahiz finalak ere. Arkaitz Miner musikagile errenteriarrak duela urtebete zendu zen Xabier Lete kantaria gogoratuz eta bere ibilbidean zehar bertsolaritzari egindako ekarpen oparoagatik, Leteren doinuak oinarrian hartuta propio prestatu du txapelketarako sintonia hori.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!