Harrera beroa Amasa-Villabonan
IKERMAP enpresako Imanol Goikoetxeak, Amasa-Villabonako mapa toponimikoa osatu duenak, paperezko euskarriaren atzean dagoen informazio interesgarria ekarri du gogora. Toponimia, etengabe gurasoengandik seme-alabengana igarotzen den informazioa, galbidean dagoen ondarea dela aipatu du, "azken urteotan asko aldatu da bizimodua eta hein handi batean, eten egin da aipatu transmisio hori. Leku izenak detailez ezagutzen dituen jendea gero eta gutxiago da. Toponimo bat ikasi eta izugarri zabaltzen den arren, beste asko ahaztu egin dira", azaldu du Imanolek. Era berean, antzinako leku izenak ezagutzen dituzten herritarrak gero eta gutxiago direla argitu du. "Amasa-Villabonako mapa toponimikoa egiteko 50-60 lagunekin harremanetan jarri baginen, 12-15 herritarrek soilik ezagutzen zituzten toponimo gehienak. Euskal Herriko txoko guztietan gertatzen ari da fenomeno hori eta ondorioz, urgentziazko lan bat da bilketa egitea".
IKERMAp enpresak antzeko lan asko egin duela jakinarazi du Imanol Goikoetxeak, baina Amasa-Villabonan bezalako harrera leku gutxitan izan dutela adierazi du, bai udaletxearen nola lekukoen aldetik. Aurkezpenean bertan izan den Fernando Letamendia herritarra aipatu du Goikoetxeak, "lekuko askok hartu du parte lan honetan. Besteren artean, Amasako Arratzain baserriko Fernando Letamendia oso lekuko ona izan da. Egin dugun lana estimatu egin du eta bere gaztetako oroitzapenak gogora ekarri ditu: "mila aldiz egon naiz leku horietan guztietan, nola ahaztuko nituen izenak, bada!", esanaz".