"EAJko udal taldekoak aurrekontu hauen kontra bozkatzera behartuta gaude"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko aza. 25a, 09:46

EAJko Andoaingo udal taldea Bilduren Udal gobernu taldeak aurkeztutako proposamenaren aurka azaldu da.

EAJ-PNVren oharra:

"Gaur, azaroak 24, ospatuko den Udalbatzan, Bilduko gobernu taldeak 2011. urteko aurrekontu proposamena aurkeztuko du eta honi buruz EAJko zinegotzi taldeak puntualizazio batzuk egin nahi lituzke:
 
  • Egungo egoera ekonomikoaz baliatuz oso erraza da herritarren aurrean aurrekontu murrizketa eta austeritateaz hitz egitea, baina bestalde justifikazio saila duten gastuak egiten ari dira (komunikazio gabinete baten kontratazioa, Bertxingo zentraleko etxea, alkatetza bulegoa...)
  • Ulertezina da gehiengorik gabe gobernatzen ari den gobernu talde batek, oposizioan dauden taldeen iritziari edo egin ditzaketen ekarpenei inongo kasurik egin gabe aurrekontu batzuk aurrera atera nahi izatea.
  • Tamalgarria da azaroan 2011 urterako aurrekontu proposamenaz aritzea 2012koak mahai gainean izan behar genituenean. Ez dugu ulertzen nola, ez aurreko gobernuak eta ez oraingoak, gobernuan ia sei hilabete daramanak, ez duten gai hau bukatutzat emateko ahalmenik izan. Galdutako urte bat!
  •  Ohartarazi nahi dugu inbertsiorik gabeko aurrekontu bat onartzeak udalaren etorkizuna hipoteka dezakeela, hurrengo urteetan aurrekontu gaietan akordiorik ez balego azkenik onartutakoak luzatzea ekarriko lukeelako.
 
Arrazoi hauek guztiak direla eta, EAJko udal taldekoak aurrekontu hauen kontra bozkatzea behartuta gaude, gobernu taldeak datozen negoziazioetan, Andoaindar askoren ordezkari garen oposizioko taldeekin kontatuko duelaren itxaropenik galdu gabe".

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!