A25, Andoaingo Udalaren adierazpen instituzionala

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko aza. 24a, 18:11

"Gaur [azaroak 25]Emakumeonganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna da. Ez da horrelako egunik behar gure inguruan gertatzen den egoera lazgarriaren berri izateko".

Adierazpen instituzionala, Udal ordezkaritza duten alderdi guztiek aho batez sinatu dutena:

"Aurten zazpi emakume hil dituzte Euskal Herrian eta milaka dira komunikabideen bitartez jasotzen ditugun erasoen berri. Eraso sexisten inguruko gertakariak eta salaketak egunero entzun ohi ditugu: herriko jaietan edota jai eremutetan emakumeon askatasuna baldintzatu eta eraso sexisten areagaotzea ematen da. Lan eremuan ematen diren sexu jazarpenen datuak kezkatzekoak dira. Gazteeen artean sexuen arteko botere harremanak eta balore patriarkalak iraunarazteaz gain,  nesken aurkako hainbat indarkeria mota  agertzen dira. Baina entzuteaz gain, ikusi ere ikusten ditugu,  eta askotan beste aldera begiratzen dugu gure arazoa ez balitz bezala.
 
Eta bada, zinez badela. Euskal Herriko indarkeria sexistaren diagnosia osatu ahal izateko datu zehatzik ez badugu ere, okertu gabe esan dezakegu emakumeoon kontrako indarkeria dela gaur egungo gure herriko arazo sozio-politiko nagusienetako bat.
 
Erakundeen aldetik bultzatutako emakumeon aurkako indarkeriari aurre hartzeko indarrean diren lege, protokolo eta akordio inter-instituzionalak partzialak dira, eta benetako konpromiso politikoetan oinarritutako jarrera behar da.
 
Horregatik Andoaingo udalak indarkeriari aurre egiteko politika integrala bultzatuko du, eta, besteak beste, heziketan oinarritutako prebentzio neurriak hartzea bultzatuko du, eraso baten ondorengo neurri asistentzialak zainduko ditu, eta behar izanez gero, erantzun soziala artikulatzeari ekingo dio.
 
Era berean, Andoaingo udalak konpromisoa hartzen du bere eskumenen esparruan eta indarrean dagoen legedia aplikatuz, emakumeonganako indarkeriaren aurkako udal politika aktibo, osoa eta koordinatua garatzeko, hitz politetatik ekintzetara pasatuz errealitate gordina hau gailendu dezagun.
 
Azkenik, gonbitea egiten diegu herritar guztiei, gaur, azaroaren 25ean, Emakumeonganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, herrian edo eskualdean antolatu diren ekintzetan eta mobilizazioetan parte hartzeko".
 
Andoainen, 2011ko azaroaren 25

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!