Aurreko urtean baino koadrila handixeagoa elkartu ginen, beraz. Goizeko 09:00etan San Juan plazan batu ginen, hasi aurretik Kantoi tabernan kafetxoa hartzeko, eta ondoren Besabitik abiatu genuen ibilaldia, goizeko 09:30ak aldera, mendiko bota, makil eta traste guztiekin.
Hiru ordu eta erdi behar izan genituen gutxi gorabehera Aranora iristeko, bidean hamaiketako ederra eginda, noski. Batzuek behintzat “domingero” profesional itxura hartu zuten, iberiko tabla, zahato eta guzti, eta glamour tokea ere eman zitzaion, Ferrero Rocher bonboiekin. Urnietarrekin broma gutxi!
Egia esateko badirudi zortedun gabiltzala, aurreko urtean bezala eguraldi ederra egin baitigu aurten ere. Baina dena ere ez zen goxoa izan, ez horixe! Mendizaleren batek gorriak ikusi zituen Aranora iristeko, izerdiaz gain mendiko botak eta hanka-azpiak berak ere utzi baitzituen bidean, argazkian ageri den bezala! Gabonetan errifak atera beharko ditugu, datorren urterako bota berriak erosteko, jejeje.
Edonola ere, helmugara iritsita pena guztiak uxatzeko moduko babarrun-jatea izan genuen sari moduan, Aranoko elkartean dutxa eder bat hartu ondoren. Eta gero, gerokoak.
Ea datorren urtean ere aurten bezain txango polita egiten dugun, dagoeneko ohitura bihurtzen ari da eta!”