Aurrerapausoa euskararen bidean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko aza. 24a, 17:49

Manuel Larramendi Kultur Bazkunak jendaurrean zabaldu zuen Arantzibia izeneko egoitza, izen bereko plazan. Bertan kokatu dituzte Larramendi Bazkunak Rikardo Arregi aldizkaritegia, Aiurri aldizkariaren erredakzioa, Erroitz enpresaren egoitza eta 111 Akademia-Beterriko Liburuaren behin-behineko egoitza.

Orotara, 210 m2-ko azalera du egoitza berriak, euskalgintzarekin loturiko zerbitzu anitzetarako. Egoitzaren eraikitze lana Manuel Larramendi Kultur Bazkunaren ardurapean burutu da, eta obrak egiteko Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren eta Andoaingo Udalaren laguntza izan du. Nolanahi ere, 360.000 e inguruko inbertsioa egin du Larramendi Bazkunak.

Rikardo Arregi aldizkaritegia Euskal Herri osoan euskara hutsez argitara emandako egunkari eta aldizkarien bilduma da, eta euskarazko kazetaritzaren gordailu eta ikergune izateko xedez sortu zuen Larramendi Bazkunak orain 17 urte. Orain arte bilduma osatzeari ekin zaio eta egoitza berri hau emanez ikergunearen xedeari ateak zabaldu nahi zaizkio, milaka alek osaturiko bildumarentzat egoitza duina emateaz gain.
Bestetik, Beterriko Liburua literatur aldizkaritik sortutako Euskal Literaturazaleen 111 Akademiak –Euskal Herri osoan jada 173 akademiakide dituenak– behin-behineko egoitza ere Arantzibia plazan izango du.

Zabaltzeko ekitaldian, Larramendi Bazkuneko lehendakari Jon Unanuerekin batera, Andoaingo alkate Ana Carrere eta Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendari den Begoña Muruaga hizlari aritu ziren.

Adierazpenak
Jon Unanue, LARRAMENDI BAZKUNA:

“Aldizkaritegia sortu genuen geneukan bildumaren inguruan prentsa idatziaren ikergunea osatu nahi genuelako, horixe zen xede nagusia. Euskal prentsa idatziaren historiaren iragana eta izan duen bilakaera, hori guztia aztertzeko gune bat osatu nahi genuen. Egoitza berria martxan jartzean, jauzi berri bat eman genuen”.

Begoña Muruaga, EUSKO JAURLARITZA:
“Zailtasunak zailtasun, aurrera begiratu beharra dago. Espero dut inauguratzen ari garen egoitza honekin Bazkunak dituen proiektuak hobeto kudeatzeko aukera izatea”.

Ana Carrere,  ANDOAINGO ALKATEA:
“Andoaingo Udalak bere txikitasunean ahalegintxoa egin du Arantzibia errealitate izan dadin. Pozten naiz Rikardo Arregi aldizkaritegia Andoainen kokatu izanagatik, eta herritarrak animatu nahi ditut hemeroteka lana egitera bertara etor daitezen. Pozten naiz, modu berezian, Aiurri aldizkariagatik eta bere lantaldeagati,k bere eguneroko lanerako hobekuntza den heinean. Andoaindarrok eskertuko dugulako”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!