Uholdeak, protokoloa berritzeko premia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2011ko aza. 24a, 17:46

Uholdeetan kaltetutako merkatariek etorkizunean kontuan hartu beharreko zortzi neurri proposatu dizkiote Andoaingo Udalari. Aurreko astean Udalak deitu zuen bileraren ondorioetako bat da hori.
Datorren astean, bestalde, auzotarrekin bilera deitu dute. Azaroaren 29an izango da, Basteron. Bestalde, Foru Aldundia Madrilen izan da Espainiako gobernuari laguntza handiagoa eskatzeko.

Azaroaren 17an Bastero Kulturgunean Udalak merkatariak deitu zituen euriteen eta uholdeen ondoren egoeraren azterketa eta aurrera begirako hausnarketa elkarrekin egiteko. Merkatariek, aurrera begira, uholdeen arriskuari aurre egiteko protokoloa gaurkotzeko zortzi neurri proposatu zituzten.

MERKATARIEN PROPOSAMENAK
1.    Ibaiak eta ibai ertzeko landaredia garbitzea.
2.    Abisuak zuzenean emateko merkatarien datuak gaurkotzea.
3.    Udalak edozein alerta jasotzen duela, horren berri ematea eta zer egin jakiteko gomendioak helaraztea.
4.    Estolderiak maiz garbitzea.
5.    Ibaiaren maila kontrolatzeko puntuak ezartzea.
6.    Boluntarioen koordinazioa antolatzea.
7.    Uholdeei aurre egiteko materiala duten Andoaingo enpresen zerrenda edukitzea.
8.    Herritarrekin informazioa elkar trukatzeko bideak zabaltzea.

Udal Gobernuko kideek proposamenak jaso eta protokoloa gaurkotzeko konpromisoa hartu zuten, Basteron bertan.
Esan daiteke, beraz, uholdeen balantzea egiteko eta kaltetutako merkatarien iritzia  jasotzeko Udalak deitu zen lehen bilera hura baliagarria izan zela.
Merkatarien proposamenak mahai gainean jarri aurretik, Andoaingo alkate Ana Carrerek eta alkateorde Ainara Rodriguezek uholdeen harira Udalak hartutako erabakien berri eman zieten bertaratutako merkatariei. Azaldu zutenez, egoera bideratzeko sortu zuten krisi batzordearen bi lehentasunak kalte pertsonalak saihestea eta zabalik zeuden komertzio eta tabernei egoeraren berri ematea izan zen.
Ondoren kale garbiketari ekin zioten. Merkatalgune, taberna, bizilagun eta enpresei laguntza eskaini zitzaien. Eta azkenik arazo bereziak zituzten etxebizitza partikularrei.
Bilera hartan autokritikarako tartea ere izan zen. Zer hobetua badagoela, alegia. Andoaingo “puntu beltza”k konpontzeko erakundeekin egingo dituen bileren berri ere eman zuen alkateak.

BILERA AUZOTARREKIN,
AZAROAREN 29AN basteron
Merkatariekin egin bezala, Andoaingo Udal Gobernuko kideak uholdeek kaltetutako herritarrekin bilduko dira hurrengo asteartean. Azaroaren 29an, zehazki.
Bilera horretan Udalak azaroko lehen asteburuan hartutako neurrien inguruko balorazioa egingo du. Ondoren, herritarrek bere iritzia emateko aukera izango dute. Uholdeen inguruko protokoloa gaurkotzea, hori da helburuetakoa.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!